Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimenaren irabazleek jaso dute saria

2016.eko irailak 09
  • Bigarren Hezkuntzako 151 ikaslek hartu dute parte aurten literatura-ekimenean.
  • Lan sarituekin liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola guztietara banatuko da aurki.
  • 20 irabazle gazteek literatura-egonaldia egin dute Elgoibarko Aubixa baserrian

Gaur goizean jaso dute saria, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, 2016ko Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimenean irabazle izan diren 20 neska-mutil gazteek. Bost egunez Elgoibarko Aubixa baserrian egonaldia egin ondoren iritsi dira gazteok Lakuara. Izan ere, irailaren 5etik 9ra, euren sormena lantzeko literatura-tailerrak izan dituzte gazteok, baina baita berriro eskolara itzuli aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukera ere. Sari banaketa ekitaldian parte hartzaile izan dira Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea, eta Begoña Garamendi Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria. 31. ediziora iritsi da aurten Eusko Jaurlaritzak gazteen literatur zaletasuna bultzatzeko antolatzen duen lehiaketa.  

Literatura-egonaldia Elgoibarko Aubixa baserrian

Aurtengo sarituak ere Elgoibarko San Pedro auzoko Aubixa baserrian egonaldia egiteko aukera izan dute. Bertan egon dira gaur arte, eurentzat beren beregi antolaturiko literatura-egonaldian. Sormen-lanketarako eta literatura-zaletasuna pizteko aukera ederra gazteentzat.

Bost egunez, lagun izan dituzte Aubixako egonaldian Yolanda Arrieta, Maite Franko eta Jon Martin, besteak beste. Idazle, ipuinlari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartu dute; Maite Frankorekin berriz, antzerki-jolasak eta gaubela literarioak izan dituzte; eta Jon Martinekin, azkenik, afalosteko musika-emanaldia. Baina aipaturiko horiez gain, eskulanak egiteko tartea ere hartu dute, bai eta irteera ludikoak egitekoa ere, Hondarribira eta Hendaiako Abaddia gaztelua bisitatzera.

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak zorionak eman dizkie irabazle guztiei. “Zorionak, zeuentzat delako gure aitormen hau. Zorionak era berean, zeuen garapen pertsonalerako ez eze, euskarari eta euskal gizarteari egin diozuen ekarpenagatik”, esan du sailburuordeak.

Sari banaketa ekitaldian, Heziberri 2020 planaren baitan zehazten diren eta ikasleek eskuratu beharreko konpetentziak ere izan ditu mintzagai Aurrekoetxeak. “Konpetentzien artean, Hizkuntza eta literatura-komunikaziorako konpetentzia finkatu dugu, hau da, hitzezko eta idatziko testuak egokiro erabiltzea –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean-, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz. Literatura-hezkuntza garatzea ere bai, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko”.  20 neska-mutil gazte hauek ondo barneratu eta garatu duten konpetentzia, zalantzarik gabe

Urruzunotarrak, 31 urtez

Urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatura-lehiaketaren jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena. 31. ediziora iritsi da aurten lehiaketa. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua, hitz lauz edo olerkiz, euskarazko sormena belaunaldi gazte berrietan indartzeko. Ez da asmo hutsa, azken hamarkadetako praktikak ondo frogatu duen gertakaria baizik: Urruzuno saria irabazi izan duten hainbat neska-mutil egungo euskal idazle nahiz kazetari ezagunenen artean daude.

Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Adina kontuan harturik, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteak; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnak.

Epaimahaia

Parte hartzeari dagokionez, 151 lan aurkeztu dira aurten. Epaimahaiak 22 bikaintasun-aipamen egin ditu: prosa eta poesia arloetan eta, adinaren arabera, A eta B mailetan. Poesia A atalean bost sari eman dira. Poesia B atalean, lau. Prosa A mailan, berriz, zazpi aipamen ematea erabaki du epaimahaiak. Eta prosa B mailan sei izan dira saritutako lanak. Guztira, beraz, 20 saridun, baina 22 aipamen (22 idazlan); izan ere, bi idazlek bina aipamen jaso dute, sari bana prosan eta beste bana poesian.

Egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diren izenek osatu du aurten ere, ohi den eran, Urruzunotarrak Gehituz ekimenaren epaimahaia: Castillo Suarez, Katixa Agirre, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Urtzi Urrutikoetxea izan dira epaimahaikide.

2016ko edizio honetan sarituak gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.

 

Urruzunotarrak Gehituz 2016

 

Saridunak aurten hauek izan dira:

 

Prosa A maila

Mikel Eizagirre Egiguren (Zumaia BHI)

Irati Jauregi Unanue (Jakintza Ikastola, Ordizia)

Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu BHI)

Inge Revuelta Bustingorri (Ondarroa BHI)

Manez Ormaetxe Paskual (Gernika BHI)

Irati Ramos Etxeandia (Gernika BHI)

Miren Aizpuru Bilbao (Arozena Barrueta BHI, Bermeo)

 

Prosa B maila

Peru Amorrortu Barrenetxea (Armentia Ikastola, Gasteiz)

Patricia Gutierrez Crespo (San Inazio BHI, Bilbao)

Nadin Hussein Hernandez (Usabalgo Laskorain Ikastola, Tolosa)

Lur Gaztelumendi Hernandez (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun)

Miren Etxebarria Martinez (Lekeitio BHI)

Nerea Mendiburu Bravo (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun)

 

Poesia A maila

Irati Ramos Etxeandia (Gernika BHI)

Saioa Etxegia Eizagirri (Usabalgo Laskorain Ikastola, Tolosa)

Maddalen Omaetxebarria Landa (Gernika BHI)

Iker Ondartza Padierna (Gernika BHI)

Olatz Martiartu Ayestaran (Lekeitio BHI)

 

Poesia B maila

Maddi Aiestaran Iparragirre (Loinazpe BHI, Beasain)

Mattin Apaolaza Cardona (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun)

Lur Gaztelumendi Beristain (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun)

Josu Ibarguren Elosegui (Haurtzaro ikastola, Oiartzun)

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IdazleElkartea
    2016.eko irailak 09

    Comentario de Twitter:
    Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimenaren irabazleek jaso dute saria https://t.co/2c5GdWTatS

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Leire Bilbao (epaimahaikidea)