Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

2016ko Gure Artea sariek badituzte irabazleak

2016.eko irailak 08

 

Jose Antonio Sistiaga eta Mabi Revuelta artistek, eta La Taller proiektu kulturalak jasoko dituzte 2016ko Gure Artea Sariak.

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eta Elena Aitzkoa, Gure Artea sarien 2016ko edizioko epaimahaikideak, lehiaketaren aurtengo irabazleen izenak ezagutarazi dituzte gaur goizean, Bilbon egin den prentsaurrekoan. Irabazleak, honako hauek dira: Jose Antonio Sistiaga donostiarrak, ibilbide artistikoaren aitormenari dagokion modalitatean jasoko du 2016ko Gure Artea saria; Mabi Revuelta bilbotarrak, sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean; eta hirugarrenik, ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean proiektu kultural eta espazio batek jasoko du aurten saria: Maite Martinez de Arenazak zuzentzen duen La Taller ekimenak.  

Gure Artea sariek 18.000 euroko diru-kopurua du modalitate bakoitzeko. Sari hauen bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartu nahi zaie irabazleei. Sortzaileak saritzen dira -bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik- baina baita beste eragile edo erakunde batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten jardueragatik.

2016ko Gure Artea sarien epaimahaiburu Peio Aguirre Azkarate arte kritikaria izan da. Honekin batera, epaimahaiko kide izan dira: Abigail Lazkoz Saez, artista; Elena Aitzkoa Reinosa, artista eta iazko irabazlea; Koldo Almandoz de la Cruz, zinemagile eta kazetaria; eta Lucia Agirre Lopez, Guggenheim Bilbao Museoko curator-a.

Sari-banaketa ekitaldia datorren urriaren 5ean burutuko da, Gasteizko Artium Museoan.

 

Epaimahaiaren balorazioa eta artista bakoitzari errekonozitutako merituak, atxikitako PDF dokumnetuan irakur daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)