Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Unibertsitatea, erakundeak eta gizartea bat datoz bizi-kalitatea hobetzeko paisaia behar bezala kudeatu beharra nabarmentzean

2016.eko irailak 08
  • UPV/EHUren, Eusko Jaurlaritzaren eta Unesco Katedraren uda-ikastaroa Vitoria-Gasteizko campusean: “Paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko tresna berriak: paisaiaren katalogoak, zehaztapenak eta ekintza-planak”
  • Azkarate: “paisaia kudeatzeko tresnak behar-beharrezkoak dira klima-aldaketaren eta globalizazioaren mehatxuen aurrean bizi-kalitate hobea lortzeko”
  • Erquicia: “trinkotasuna, konplexutasuna eta lurralde-kohesioa gure herri eta hirien balio handiak dira, gure paisaia tradizionalaren adierazgarri, eta ez genituzke galdu behar”
  • Iriarte: Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan definitutako Euskal Autonomia Erkidegoko eremu funtzional bakoitza hartzen duten dokumentu deskriptiboak eta prospektiboak dira paisaiaren katalogoak”

 

Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzak eta toki-erakundeek eta ordezkari sozialek beharrezkotzat jotzen dute “paisaia behar bezala kudeatzea bizi-kalitatea hobetzeko”, eta, horretarako, hainbat lan- eta analisi-tresna proposatzen dituzte. UPV/EHU, Eusko Jaurlaritza eta Unesco Katedra gaurdanik Vitoria-Gasteizko campusean garatzen ari diren uda-ikastaroak paisaia kudeatzeko hainbat tresna analizatzen ditu, “behar-beharrezkoak —irakasle Agustín Azkarateren hitzetan— klima-aldaketaren eta globalizazioaren mehatxuen aurrean bizi-kalitate hobea lortzeko”.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko arkitekto eta teknikari Jesús María Erquiciaren iritzian, “trinkotasuna, konplexutasuna eta lurralde-kohesioa gure herri eta hirien balio handiak dira, gure paisaia tradizionalaren adierazgarri, eta ez genituzke galdu behar”. Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuorde Izaskun Iriarteren hitzetan, bestalde, tresna horien barruan, “Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan definitutako Euskal Autonomia Erkidegoko eremu funtzional bakoitza hartzen duten dokumentu deskriptiboak eta prospektiboak dira paisaiaren katalogoak”.

 

Erquiciak lurraldea eta paisaia kudeatzeko ehun bat profesionalen aurrean egin duen mintzaldian aipatu duenez, “lurralde-trinkotasunaren eztabaida ez dugu murriztu behar dentsitatearen eztabaidara, eraikuntza-dentsitateaz, eraikuntza-tipoaz eta hiri-espazioaren kalitateaz hitz egingo duen gauza konplexuago batera baizik, eta horrek guztiak osotasunean eramaten gaitu hiri-paisaiara”.

 

“Hiriaren hirigintzaren historia hiri-paisaiaren azterketarena da; hirigintzaren historiak eramaten gaitu trinkotasunaren balio horretara, hori baita gure hirigintza- eta eraikuntza-jardunbidearen helburua. Hiri-bizitza, paisaia biziduna sortzen duen trinkotasuna. Dentsitatearen eztabaidaren ondorioz, azken hamarkadetan, 1976ko Lurzoruari buruzko Legeak lurzoru urbanizagarrirako finkatzen zuen hektareako 75 etxebizitzako gehieneko dentsitatetik Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean ezarritako gutxieneko eraikigarritasunera igaro gara. Gure lurraldean beste inguru batzuetan baino emaitza gogobetegarriagoak izan ditu dentsitatearen eztabaidak, baina ez da beti zuzena izan” adierazi du Erquiciak.

 

Eusko Jaurlaritzako arkitektoak aipatu dituen adibideen arabera, “isurialde kantauriarrean, oro har, orografiaren eraginez gure herri eta hiriak dentsitate onargarriarekin hedatu dira eta lurralde lauagoetan erantzuna ez da oso gogobetegarria izan (Berango edo Barrika Uribe Kostan eta Oiartzun Gipuzkoan). Isurialde mediterraneoan, alabaina, dentsitatetik lortu den hiri-emaitza ez da egokia izan: Vitoria-Gasteiz oso eredu espantsionistari jarraikiz garatu da —nahiz eta berriz trinkotzeko ahalegin aski berantiarrak egin dituen—, eta Arabako kontzeju edo herrixkak sakabanatze handiko parametroekin hedatu dira; horren adibide dira Zuia bezalako inguruak, Murgia, Sarria edo Bitorianorekin, edo Zigoitia Gopegirekin. Eredu horiek berraztertu beharra dago, eta egun dagoen hiria azpimarratu, birgaitzeko eta berriz trinkotzeko jardunbideak garatuta.

 

Erquiciak gomendatu duenez, “administrazioek ahaztu ezin duten aldagaia edo helburua da gizarte-kohesioa”.

 

Uda-ikastaroak parte-hartzaile hauek izango ditu: Izaskun Iriarte, Jesús Mª Erquicia, Pablo Sánchez, Ana Izquierdo, Victoria Azpiroz Ander de la Fuente, Agustín Azkarate, Belén Rodríguez, Estela Beteta, Jorge Mallagaray, Jakoba Errekondo eta Joaquín Sabaté i Bel.

 

Bihar, ostirala, irailaren 9a, “Paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko tresna berriak: paisaiaren katalogoak, zehaztapenak eta ekintza-planak” ikastaroaren barruan, agendak hitzaldi hau aurreikusten du 09:00etan: “Paisaiaren ekintza-planak: lurraldea kudeatzeko tresna. 3 kasu: Errenteria, Zerain eta Amorebieta”, Victoria Azpiroz, Belén Rodríguez, Estela Beteta, Jorge Mallagaray eta Jakoba Errekondoren eskutik. 10:15ean hitzaldia: “Paisaiaren analisia, hura antolatzeko aldez aurreko urratsa: metodoak”. Joaquín Sabaté i Bel —Universitat Politècnica de Catalunya— izango da hizlari. 12:00etan hitzaldia: “Paisaiaren katalogoak eta planak Bartzelonako eskualde metropolitarrean eta Tenerifen”, Joaquín Sabaté i Bel hizlariaren eskutik. Eta 13:00etan sintesiko saioa.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JGorbena
    2016.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    La Sociedad señala la necesidad de una correcta gestión del paisaje para mejorar la calidad de vida. https://t.co/X4qLpSmd60

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Garaizar, Jesús Mª Erquicia, Pablo Sánchez, Ana Izquierdo, Victoria Azpiroz Ander de la Fuente, Agustín Azkarate, Belén Rodríguez, Estela Beteta, Jorge Mallagaray, Jakoba Errekondo, Joaquín Sabaté i Bel, Maider Eraña