Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak azken ikasturtean segurtasun-neurriak ezagutzera eman zituen 31.000 ikasle eta pertsona helduren artean

2016.eko irailak 08

“Prebentzioa Komunikazioaren bitartez landuz” planak hirukoiztu egiten du irispidea hiru urtetan, eta indartu egingo du bide-segurtasunaren arloa eta desgaitasuna duten pertsonen arteko presentzia

31 mila inguru ikasle eta pertsona heldu izan ziren azken ikasturtean segurtasunaren arloko prestakuntza jaso dutenak genero-indarkeria, drogak, Interneteko arriskuak edo eskola-jazarpena bezalako gaiei buruz. Prestakuntza ertzainek eman dute, “Prebentzioa Komunikazioaren bitartez landuz” planaren barruan.

Ertzain boluntarioek parte hartzen duten programak hirukoiztu egin du jarduera-bolumena 2013an hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren arteko akordioaren ondoren. Hurrengo ikasturterako programak indartu egingo du bide-segurtasunaren arloa eta areagotu egingo ditu gaitasun desberdinak dituzten pertsonei zuzendutako ekintzak.

“Prebentzioa Komunikazioaren bitartez landuz” programa, zeinean 150 ertzain boluntariok parte hartzen duten, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren arteko 2013ko akordioan kokatzen da eta herritar guztiei zuzentzen zaie. Ekintza erantzunkidetasunean oinarritzen da, eta, hainbat kolektiborekin egindako prestakuntza-topaketen bitartez, pertsona bat delitu jakin batzuen biktima edo egile bihurtzeko aukera murriztea du helburu. Bere helburuen artean dago, gainera, herritar guztiak Ertzaintzarekiko harremanetan integratzea, pertsonen adinak, jarduerak eta gaitasunak direnak direla ere.

Azken hiru urte hauetan Ertzaintzaren programak hirukoiztu egin du irispidea. Hala, 2013-14 ikasturtean hamar mila pertsona izan ziren, 2014-15 ikasturtean hogei mila, eta ia hogeita hamaika milara iritsi da 2015-16 ikasturtean.

Zehazki, joan den ikasturtean (2015/16) 595 prestakuntza-saio garatu dira ikastetxe eta institutuetan, 26.675 ikasle hartu dituztenak, eta beste gizarte-kolektibo batzuei —adinekoen elkarteak, emakumeenak, kultur elkarteak, profesionalak eta abar— zuzendutako 81 prestakuntza-topaketa egin dira, 2.746 parte-hartzaile izan dituztenak. Horri guztiari gehitu behar zaizkio herritarren hainbat kolektibok Iurretako eta Erandioko ertzaindegietara eta hainbat ertzain-etxetara egin dituzten bisitak. Guztira, 30.949 parte-hartzaile izan dituzten 737 jarduera egin dira.

Eskola-esparrua

Joan den ikasturtean, Interneteko arriskuei buruzko prestakuntza izan da, 13.737 parte-hartzailerekin, eskola-segmentuak gehien eskatu duen gaia; bullying edo eskola-jazarpena izan da hurrengoa, 5.330 parte-hartzailerekin, eta gizalegearen kontrako portaerek 2.697 lagun bildu dituzte.  

Drogen gaiak 2.312 adingabe bildu ditu eta genero-indarkeriari edo etxeko indarkeriari buruzko saioetan 1.744 ikaslek parte hartu dute. Programan jorratu diren beste gai batzuk hauek dira: larrialdiak eta 112 telefonoa Haur Hezkuntzan (392); prebentzioa kirol-jardueretan (330); bide-segurtasuna (93); Giza Eskubideak (30); eta gazte-talde berri antolatuak eta indarkeriazkoak (10). 

Joan den ikasturteko eskola-segmentuko kopuru globala honela banatzen da lurraldez lurralde: Bizkaia (16.153), Gipuzkoa (9.054) eta Araba (1.468).

Programaren eraginkortasuna hobetzeko, Ertzaintzak galderak egiten dizkie, inkesta anonimoen bitartez, prestakuntza-topaketa horietan parte hartzen dutenei. Emaitzen arabera, ekimen honen onarpen-maila oso handia da, lau puntutik gorako puntuazioak lortzen baitira, gehienekoa bost izanik, atal guztietan. Ikasleek gehien baloratzen dituzten alderdien artean, ertzainen jakintza-maila eta hurbiltasuna nabarmentzen dituzte, baita alderdi zehatzei ematen dizkieten erantzunen kalitatea ere. Ikasleen artean bezalaxe, irakasleei egindako inkestetatik ere balorazio ona ondoriozta daiteke, batez ere hurbiltasun-mailari, jakintzari eta gaiak azaltzeko moduari dagokienez, defendatzen dituzten balioengatik eta eskatutako jarduerekin sortutako itxaropenak asetzen dituztelako.

Beste esparru batzuk

Guztira 2.746 pertsonak parte hartu zuten programan, eta gehienak (1.507) lapurreta eta maula delituen prebentzioari buruzko saioetara joan ziren. Gainerakoak 200 pertsona edo gutxiagoko taldeetan banatzen dira, beste gai batzuen inguruan: bullying, drogak, Interneteko arriskuak, kirol-jardueretako prebentzioa, baserrietako lapurretak edo genero-indarkeria eta etxeko indarkeria.

Azkenik, kondena penalak kudeatzeko lantegiek 93 lagun bildu dituzte. Azken ekimen hori Herri Administrazio eta Justizia Sailarekiko lankidetza-programa bat da. Bertan, Ertzaintzak, Trafikoko Lurralde Unitateetako agente boluntarioen bitartez, bide-segurtasunaren aurkako delituen ondorioz kondenatutako pertsonentzat antolatutako prestakuntza-lantegietan esku hartzen du.

Gainera, joan den ikasturtean 30 ekintza espezifiko garatu dira, desgaitasuna duten hainbat adinetako pertsonei zuzenduak, eta 579 lagun bildu dituzte. Ekintza horietan bederatzi erakundek parte hartu dute: ONCE, Eragintza, Altza, ASAFES, Bizigura eguneko zentroa, Isabel Orbe, APNABI eta Taller Galarreta.

Izan ere, gaitasun desberdinak dituzten pertsonei zuzendutako lan horri joan den azaroan eman zioten ezagumendua Madriden, Aniztasunaren Polizia Kudeaketaren “Daniel Wagman” saria eman ziotenean. Gizarte Aniztasunaren Polizia Kudeaketaren aldeko Plataformak ematen duen saria da.

Hurrengo ikasturterako helburuak

Ertzaintzak prest dauka, dagoeneko, ikastetxeei eta herritarren erakundeei zuzendutako programa honen hurrengo ikasturterako prestakuntza-eskaintza. Orain arte egindakoa finkatzeaz gain, urteko edizio horretarako helburua da bide-segurtasunaren arloko jarduera hezkuntza-etapa osorako indartzea eta desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako ekintzak areagotzea.

Bide-segurtasunaren kasuan, Trafiko Zuzendaritzako, Trafikoko Unitateetako eta Ertzaintzaren Zuzendaritza Nagusiko espezialistek osatutako mahai tekniko batek landu ditu dagoeneko hiru adin-tartetan zatitzen diren edukiak: 6-8 urte, 9-13 urte eta 14-18 urte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko