Berriak Segurtasuna
Eu

Gaur gauerdian emango zaio hasiera Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainari

2016.eko irailak 08

Hautagaitza bakoitzak gehienez 1.297.684,73 euro gasta dezake, 2012an baino % 15 gutxiago

Gaur gaueko hamabietan emango zaio hasiera datorren irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetako hauteskunde-kanpainari, eta datorren irailaren 23ko gauerdira arte luzatuko da kanpaina. Epe horretan, alderdiek, koalizioek, federazioek eta hautesle-elkarteek herritarren botoa bereganatzeko jarduerak egin ahal izango dituzte, publizitate, propaganda, mitin eta bestelako jardueren bitartez. Hauteskunde-egunaren ondoren, hautagaitzek hamabost eguneko epea izango dute txartelak eta propaganda arrastoak kentzeko. Hiru herrialdeetan aurkezten diren hautagaitzetarako 1.297.684,73 euroko gehieneko gastua finkatu da, hau da, % 15etik gorako murrizketa izango da 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin alderatuta.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak honela definitzen du hauteskunde-kanpaina: botoa bereganatzeko legezko jardueren multzoa. Lege horrek berak adierazten du jarduera horiek hautagaiek, alderdiek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek soilik egin ditzaketela.

Hauteskunde-kanpainan, hautagaitzek titulartasun pribatuko egunkarietan eta irrati-etxeetan publizitatea txertatzea kontrata dezakete. Kontzeptu horren ondorioz egiten diren gastuek ezin dute guztizko mugaren % 20 gainditu. Kanpaina-egintzei dagokienez, erabilera publikorako zabalik dauden lokal ofizialetan egin beharko dira egintzak –dohainik lagako dira xede horretarako–. Udalak arduratuko dira barrutien katalogoak prestatzeaz eta eguneratzeaz, baita horien erabilera lagatzeko organismo titularren aurrean bidezko kudeaketak egiteaz ere.

Segurtasun Sailak kanpaina honetarako gehieneko gastu hau ezarri du alderdientzat: 287.582,33 euro Araban; 427.949,73 euro Gipuzkoan eta 582.152,67 euro Bizkaian. Hiru lurralde historikoetan aurkezten diren taldeek ezin izango dute 1.297.684,73 euroko zenbatekoa gainditu.

Propagandarako espazioak 

Udalaren erantzukizuna da, halaber, doako propaganda grafikoa jartzeko berariazko lekuak (zutabeak, hesiak, kabinak...) izendatzea. Legeak guztiz debekatzen du xede horretarako esleitutako kokalekuetatik eta espazioetatik kanpo orotariko pintadak egitea. Bestalde, ezin izango dira banderatxoak, pegatinak, zintak edo antzeko bestelako elementuak jarri trafiko-seinaleetan edo hiri-seinalizazioko beste edozein puntutan; ezin izango da Udalak adierazitako kokalekuetatik kanpo propaganda grafikoa jarri, ezta lurrean finkatutako tripoderik, banderatxorik edo pankartarik jarri ere. Era berean, debekatuta dago kalean panfletoak botatzea.

Baimendutako espazioen banaketa eskualdeko hauteskunde-batzordeei dagokie. Hartara, hautagaitza guztiek azalera bera eta antzeko baliagarritasuna izango dute erabilgarri dauden kokalekuetako bakoitzean.

Aurrez aditzera eman diren doako propaganda grafikoa jartzeko lekuez gain, taldeek txartelak eta bestelako hauteskunde-propaganda jar dezakete Udalek baimendutako merkataritza-espazioetan. Hautagaitzek publizitate mota horretan egiten duten gastua ezin izango da gehieneko hauteskunde-gastuaren % 25etik gorakoa izan.

Hauteskunde-legeak adierazten du isunak jar daitezkeela baimendu ez diren lekuetan propaganda grafikoa jartzeagatik edo inprimaketak egiteagatik.

Hamabost egun propaganda kentzeko 

Legeak behartuta, talde politikoek haien propaganda grafikoa kendu beharko dute jarri zuten lekuetatik. Hauteskundeak egin, eta hurrengo hamabost egunen barruan kendu beharko dute. Hala egin ezean, udalek kenduko dituzte txartelak, eta lan horren ondoriozko gastua kenduko zaie hautagaitza arau-hausleei hauteskundeetako diru-laguntzetatik.

Bestalde, hauteskundeetan parte hartuko duten talde politikoek eskubidea dute  hauteskunde-kanpainan espazio jakin batzuk dohainik erabiltzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko hedabide publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoren esparrura mugatutako Estatuaren titulartasunpeko hedabide publikoetan. Talde bakoitzak aurreko autonomia-hauteskundeetan lortutako boto kopuruaren arabera banatzen dira espazio horiek.

Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak du hauteskunde-propagandako doako espazio horiek banatzeko eskumena. Haren zuzendaritzapean Irrati eta Telebista Batzorde bat dago, banaketa-proposamena egiten duena. Batzorde horretan hauteskunde hauetan parte hartzen duten eta aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten taldeen ordezkariak daude.

Titulartasun publikoko eta pribatuko hedabideetako antolakundeek bermatuko dute informazioaren neutraltasuna eta hedabide horien pluraltasun politikoarekiko eta sozialarekiko errespetua, betiere informazio-askatasuna galarazi gabe.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko