Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Udalei laguntzak eskaintzen dizkie hiri inguruneetan irisgarritasuna hobetzeko

2016.eko irailak 07

EAEko udalek, toki erakunde txikiek eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuek hilabeteko epea dute hiri-ingurunean irisgarritasun-planak egiteko eta hobekuntza-lanak gauzatzeko Jaurlaritzak eskaintzen dituen diru-laguntzak eskatzeko. (2016ko irailaren 2ko EHAA). Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 3 milioi euroko partida bideratu du mota honetako eskaerei erantzuteko.

Laguntzen programa honek Birgaitzeko Renove Planaren printzipioei eta helburuei erantzuten die –Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016 Enplegua Suspertzeko Programaren sei estrategia-ildoetako bat–. Administrazioekin elkarlanean jardunez, iraunkortasuna, enpleguaren sorrera sustatzea, eraikuntzaren sektoreko enpresa txiki eta ertainen jarduera indartzea, eta pertsona eta auzo degradatuenen bizi baldintzak hobetzea aurreikusten da.

Laguntzen Aginduaren barne honako hauek sartzen dira zehazki: hiri barruko inguruneak, espazio publikoak eta eraikinak pixkanaka egokitzeko helburua izango duten irisgarritasun-planak osatzea; hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-lanak gauzatzea (ibiak, arrapala ez mekanikoak, eskubandak jartzea; zuhaitz-txorkoak ixtea; komunak eta aldagelak egokitzea; desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuak), eta igogailuak eta plataforma jasotzaileak erostea eta instalatzea.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau