Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Konstituzio Auzitegiak zati batean baietsi du sei linea Interes Orokorreko Trenbide Sarean sartzeari buruzko Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoa

2016.eko irailak 07

 

 

  • Errekurtsoa onartu du Basurtu-Ariz-Basauri eta Irauregi-Lutxana lineei dagokienez

 

Konstituzio Auzitegiak zati batean baietsi du Eusko Jaurlaritzak Interes Orokorreko Trenbide Sarearen Katalogoaren Proiektuaren aurka aurkeztutako errekurtsoa. Katalogoa Sustapen Ministerioak landu zuen eta 710/2015 Ministro Aginduan jasota dago.

 

Konstituzio Auzitegiak epaian erabaki du Basurtu-Ariz-Basauri eta Irauregi-Lutxana lineak ez direla sartu behar Interes Orokorreko Trenbide Sarean, erkidego barneko lineak baitira. Hortaz, prozesua ireki du Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan Eusko Jaurlaritzak linea horien kudeaketa gauzatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako errekurtsoa linea hauei buruzkoa zen zehazki: 08-780: Santander-Bilbao/Konkordia (Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen diren trenbide-zatiak); 08-782: Basurtuko Ospitalea-Ariz; 08-784: Lutxana/Barakaldo-Irauregi; 08-790: Aranguren/Balmaseda-Leon/Asuncion (Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen diren trenbide-zatiak); 01-720: Bilbao/Abando-Santurtzi; eta 01-722: Desertu/Barakaldo-Muskiz.

 

Bilbaotik Santanderrerako eta La Roblarako euskal trenbide-zatiari dagozkion 08-780 eta 08-790 lineetan, hurrenez hurren, Auzitegiak erkidegoarteko izaerari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzaren argudioak ezesteko. 01-720 eta 01-722 lineen kasuan ezetsi egin du Bilbaoko Porturako sarbidea delako, Europa barneko korridoreen artean sartua.

 

Errekurtsoak lineetako batzuk erkidego barnekoak izatea hartzen zuen oinarri. Eta halakoak ez direnen kasuan, Eusko Jaurlaritzak argudiatzen zuen haien tipologia, diseinua eta trafikoak ez zirela bateragarriak lurralde osoa egituratu eta kohesionatzen duten interes nazionaleko lineen definizioarekin. Kasu horietarako, gainera, Eusko Jaurlaritzak argudiatzen zuen bazuela gaitasuna bere azpiegitura-kudeatzailearen bidez, hots, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez kudeatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzak argudiatzen zuen azpiegitura-administratzaileen eta operadoreen arteko elkarreragingarritasuna bermatuta zegoela kasu guztietan. Horren froga dira Renferen eta Euskotrenen zabalera metrikoko baterako trafikoak, Galiziaren, Kantabriaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artekoak, edo Renfek berak Arcelor-Mittalen Etxebarriko faktoriaraino egiten dituenak. Izan ere, faktoriarako sarbidea, azken trenbide-zatian, ETSk kudeatzen duen trenbide-sarekoa da, Matiko-Azbarren trenbide zaharra da-eta.

Eusko Jaurlaritzaren alegazioek garrantzi berezia eman zioten Europako Zuzentarauetan eta horien ondoz ondoko trenbide-arloko neurri-sortetan oinarritzen den elkarreragingarritasun horri, zeren ulertzen baitzuen trenbide-azpiegituren administratzaileen arteko lankidetza gai horretako Europako legeriaren espirituak berez duen zerbait dela eta, gainera, Adifen eta ETSren bi sare metrikoen eskala txikian aspaldidanik egiten ari dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)