Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek hasiera eman dio 2016-2017 ikasturteari

2016.eko irailak 07

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2016-2017 ikasturteari hasiera ofiziala eman dio gaur goizez, Bilboko Felix Serrano Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxean. Zentro honen instalazioetan bisita labur bat egin ondoren, ikasturte hasiera honetako daturik esanguratsuenak ezagutarazi ditu sailburuak, dakartzan berritasun nagusiekin batera.

373.117 ikasle hasi dira dagoeneko ikasgeletara joaten Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetan. Datu honek igoera arin bat dakar (%1ekoa) iazkoarekin alderatuta. Hala ere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) jaitsiera gertatu da aurten ere, ia puntu bateko jaitsiera, azken urteetako jaiotzen beherakadaren ondorio. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ere (2-5 urte) matrikula beherakadak jarraitzen du: aurreko ikasturtean baino %3,27 gutxiago dira aurten.

Euskadiko familiek aukeratzen duten hezkuntza sareari dagokionez berriz, publikoa eta itunpekoaren arteko orekak jarraitzen du ezaugarri nagusi izaten. Ikasleen %50,9k sare publikoan ikasten dute, eta gainerako %49,1ek itunpekoan. Hizkuntza ereduei begiratuta, D eredua da ikasleek gehien eskatzen dutena. Haur Hezkuntzan, ikasleen %77,8k D eredua aukeratzen dute, iaz baino 7 hamarren gehiagok. Beste aldean dago A eredua: hezkuntzara sartu berrien %4k bakarrik aukeratzen dute eredu hau.

55 milioi unibertsitatez besteko beketan

Uriarte sailburuak, berak zuzentzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bekak emateko egiten duen ahalegin ekonomikoa ere izan du hizpide: 55 milioi euro 2016-2017 ikasturte honetarako. “Joan den ikasturtean 54 milioitik 55era handitu behar izan genuen bekatara bideratutako diru kopurua, eta aurten kopuru horretatik abiatuko gara, baina beharrezkoa bada, zifra hori handitzeko konpromisoa geure eginda”, azaldu du Uriartek. “Ikasturte honetan ere bermatuko dugu beka eskubidea duten familia guztiek izango dutela laguntza hori” gehitu du. Iazko ikasturtean 190.000 ikasle baino gehiagok izan zuten bekaren bat unibertsitatez besteko ikasketetan, orain arteko kopururik handiena.

Cristina Uriartek hizpide izan ditu zenbait ikastetxetan ikasturte hasierarako prest dituzten instalazio berriak ere. Lau nabarmendu ditu: Donostiako Aiete ikastetxearen eta Azkoitiko institutuaren eraikin berriak, eta Lekeitioko Lehen Hezkuntzako ikastetxearen nahiz Zumaiako institutuaren handitze lanak. Lan hauek 10 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatu dute.

Enplegu Publikorako Eskaintza, Lanbide Heziketan

Bere hitzaldian, zuzentzen duen departamentua prestatzen ari den Enplegu Publikorako Eskaintza berria ere hartu du hizpide sailburuak, Lanbide Heziketako irakasleei zuzendua oraingo honetan, eta datorren udan deituko dena. “Plaza kopurua urte amaieran zehaztuko da, Espainiako Gobernuak ezartzen dituen mugak tarteko, baina uste dut iazko EPEaren pareko kopurua izango dela”. 2016an burutu den EPEari buruz, berriz, Uriartek jakinarazi du plaza eskuratu duten 529 irakasle (Bigarren Hezkuntzakoak) dagoeneko euren lanpostuetan ari direla lanean.

LOMCEri buruz, eta lege horren aurrean, Cristina Uriartek garbi azaldu du: “Euskadin ez gaude geldirik, zer gertatuko den zain. Urte hauetan lan handia egin dugu gure hezkuntza sistema hobetzeko, eta LOMCEren eragin kaltegarriak saihesteko. Eta “egin dugula” diodanean, hezkuntza komunitate guztiaz ari naiz: Gobernua, irakasleak, zuzendaritza taldeak, patronalak, familiak eta sindikatuak.  Denok eman dugu zerbait Heziberri 2020 errealitate irmoa izan dadin”. Sailburuak gogorarazi du Heziberri 2020ren zenbait alderdik Espainiako Gobernuaren errekerimendu judiziala jaso dutela (ikasleak garaiz aurretik ez bereiztea, eta errefortzu programak), “ez omen gara eta LOMCE betetzen ari. Guk egiten duguna Euskadik hezkuntza arloan dituen eskubideak defendatzea da”, azaldu du.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IkaslanBizkaia
    2016.eko irailak 09

    Comentario de Twitter:
    Cristina Uriarte ha dado inicio al curso escolar 2016-2017 https://t.co/xPGCRBaAQh

  • @AEGIkastetxea
    2016.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @FPeuskadi: Cristina Uriarte ha dado inicio al curso escolar 2016-2017 https://t.co/DpE5mx1BDA

  • @FPeuskadi
    2016.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    Cristina Uriarte ha dado inicio al curso escolar 2016-2017 https://t.co/DpE5mx1BDA

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)