Berriak Segurtasuna

Euskalmetek biharko, asteazkena, tenperaturen gorakada iragarri du. Euskal Autonomia Erkidegoko punturen batean 40 ºC-ra irits daiteke

2016-09-06

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak biharko –asteazkena (irailaren 7a)–, tenperaturen gorakada iragarri du. Tenperaturak 35 eta 40 ºC artekoak izango dira egunaren lehen erdian; hori dela eta, Euskadiko punturen batean irailean izan diren tenperatura maximoen efemerideak edo erregistroak gaindi daitezke.

Euskalmeten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa Afrikatik datorren oso aire-masa bero baten eraginpean egongo da gaur eta bihar. Aire-masa bero hori Iberiar Penintsularen hegoaldetik iparraldera zabalduko da.

Izatez, tenperatura handi horien ondorioz, joan den larunbatean, hilaren 3an, Arabako zenbait estaziotan iraileko balio maximoak lortu ziren, hala nola Abetxukon 36,7 ºC-rekin (aurreko erregistroa 36,3 ºC-koa zen, 2003ko irailean), Arkauten 37 ºC-rekin (aurreko erregistroa 35,7 ºC-koa zen, 2006ko irailean), eta Agurainen 36,5 ºC-rekin (aurreko erregistroa 35 ºC-koa zen, hori ere 2006ko irailekoa).

Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan hauek dira irailean erregistratu diren tenperaturarik handienak: Vitoria-Gasteizen 37,2 ºC lortu ziren 1988an; Bilbaon 41,7 ºC erregistratu ziren, 1988an ere bai; eta Donostian irailean erregistratu den tenperaturarik handiena 36,3 ºC-koa izan da eta 1966an erregistratu zen.

Egun  hauetarako espero den egoera meteorologikoa 1988ko irailean gertatu zenaren antzekoa da; alabaina, biharko –asteazkena (hilaren 7a)– espero diren tenperatura maximoak nabarmen alda daitezke hainbat faktoreren ondorioz: hego haizearen intentsitatea, hego haizearen iraupena eta ipar-mendebaldeko haizea iristen eta zabaltzen den ordua.

Tenperaturen beherakada

Gaurko tenperaturak handiak badira ere –kostaldean 25 eta 30 ºC artean, eta barrualdean 30 eta 35 ºC artean–, bihar bero handiagoa egingo du, 35 eta 40 ºC arteko tenperatura lortuko baita ia Euskal Autonomia Erkidego osoan. Baliorik handienak Bizkaiko eta Gipuzkoako barrualdean erregistratzea espero da.

Dena dela, bihar, asteazkena, arratsaldetik aurrera, haizeak ipar-mendebaldera egingo du, eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira. Ipar-mendebaldetik hasiko da 14:00ak edo 15:00ak inguru, eta hego-ekialdera 19:00ak edo 20:00ak inguru iritsiko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan