Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

29,8 milioi 2016-2017 ikasturtean euskaltegien jarduera finantzatzeko (Gobernu Bilera 2016-09-06)

2016.eko irailak 06

Gobernu Kontseiluk gaurko bileran onartu ditu, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, HABEren bi deialdi, 2016-2017 ikasturtean euskaltegien jarduera finantzatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituztenak. Euskaltegi publiko zein pribatu homologatuentzako deialdiok 29.879.025 euroko diru-kopurua dute orotara. 

11,6 milioi udal euskaltegientzat. Deialdietan lehenak 11.604.025 euroko diru kopurua du, eta udal euskaltegiek 2016-2017 ikasturtean emandako ikastaroen finantzaketarako laguntzak arautzen ditu. Euskaltegiok HABEren erregistroan horrela sailkaturik egon beharko dute.

 18,27 milioi euskaltegi pribatu homologatuentzat. Bigarren deialdiak berriz, 18.275.000 euroko kopurua du, eta euskaltegi pribatuei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2016-2017 ikasturteko  euskara ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen ditu. Euskaltegi hauek ere HABEren erregistroan sailkaturik egon beharko dute. 

Diruz lagundu ahal izango dira euskaltegien irakaskuntza-eskaintza osatzen duten aukera guztiak (ikasturte osoko ikastaroak, udakoak, barnetegietakoak, maila burutzeko ikastaroak, profesional taldeentzako ikastaro bereziak…), baldin eta taldeen osaketarako HABEk ezartzen dituen irizpideak betetzen badituzte. Eskaerak aurkezteko epea deialdia argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2016ko azaroaren 7an amaituko. 

Egun, diru-laguntza hauen onuradun izan daitezkeen 103 euskaltegi daude Euskadin: 39 udal euskaltegi publiko, eta 64 euskaltegi pribatu homologatu. Guztien artean, 35.000 ikasle inguru izan dituzte 2015-2016 ikasturtean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko