Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen plana onartu du (Gobernu Bilera 2016-09-06)

2016.eko irailak 06
  • Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz aztertu ditu bere langileak berdintasunaren ikuspuntutik, eta 26 neurri zehatz planteatu du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak zuzentzeko.
  • Ondorio nagusien artean hauek daude:langile-taldea nabarmen feminizatuta dago, emakumeek gizonek baino lan-ezegonkortasun handiagoa dute, eta emakumeek batik bat, % 87,17, eskatzen dituzte adin txikikoak edo familiakoak zaintzeko bateragarritasun-neurriak.
  • Egiaztatu da emakumeen eta gizonen artean % 8,5eko soldata-arraila dagoela, baina ez da zuzeneko diskriminazio baten emaitza, baizik eta emakumeek bateragarritasunaren pisua bere gain hartzean kategoria eta soldata txikiagoko lanpostuak betetzearen aldeko hauta egitearen emaitza.
  • Gaur onartutako dokumentua Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioaren emaitza da, eta Administrazio Orokorraren mahai sektorialak berretsi du. 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehen plana. Garrantzi handiko lan-dokumentua da, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek batera prestatu dutena eta administrazio orokorreko mahai sektorialak onartu duena. 

Planak 4 urteko indarraldia du. Hasteko, egoeraren diagnostikoa egiten du berdintasunaren ikuspuntutik. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten ia 7.000 pertsonen ezaugarriak aztertzen ditu. Ondoren, 6 jardun-ardatz zehazten du, eta hautemandako desberdintasuna arintzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarriko duen 26 neurri zehatz ezartzen du. 

Eusko Jaurlaritzak tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa aplikatzeko hartutako konpromisoaren parte da gaur onartutako plan hori. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko beste urrats bat da. 

DIAGNOSTIKOA

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan 6.971 pertsonak egiten du lan une honetan. Berdintasunaren ikuspuntutik, azterketak hiru ondorio nagusi bereizi du:  

-  Euskal administrazio publikoa feminizatuta dago:6.971 langileetatik, 4.310 emakumezkoak dira, eta 2.661 gizonezkoak. Langileen % 61,8 emakumeak dira, eta batez besteko adina 49,40 urtekoa da.

-  Emakumeek gizonek baino lan-ezegonkortasun handiagoa dute:bitarteko funtzionarioen % 66 dira (lanpostu finkorik ez dutenak), eta aldi baterako langileen % 64,8 dira.

-  Ez dago soldata-diskriminazio zuzenik, hau da, lanpostu berean emakumeek eta gizonek berdin  kobratzen dute. Alabaina, hautematen da prestakuntza eta lanbide-gaitasun bera izanik ere, gizonek baino % 8,48 gutxiago kobratzen dutela, batez ere gizonek baino kategoria eta soldata txikiagoko lanpostuak betetzeagatik. Lehen arrazoia da, eta arrazoi nagusia, emakumeengan gizonengan baino bateragarritasun-premia handiagoa hautematea: emakumeek egiten dituzte familiakoak zaintzeko bateragarritasun-neurrien eskaeren % 87,14, eta gizonek % 12,8. Bestalde, emakumeek antzinatasun txikiagoa dute, 80ko hamarkadan lan-merkatua bera oso maskulinizatuta baitzegoen –izatez, hamarkada horretan sortu ziren administrazio orokorra eta haren erakunde autonomoak eta garai hartan gizonezkoak sartu ziren batez ere–. Ildo horretan, nabarmendu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan gaur egun duela 29 urte baino 50.000 emakume gehiago dagoela, lan-merkatuan emakume gehiago baitago. 

Egoeraren analisia egitean, hauteman da aldi baterako langileekin zuzentzen ari direla langile finkoen arteko desberdintasunetako asko; izatez, langile horiek geroago sartu dira eta horrek maila guztietan emakume gehiago sartzeko aukera eman du. Emakumeen eta gizonen arteko banaketak bilakaera handia izan du, eta sexu-banaketa orekatuagoa da eta ez hain bereizia. Horrenbestez: 

-  Burutzako lanpostuak oso maskulinizatuta daude karrerako funtzionarioen artean eta oso feminizatuta daude bitarteko funtzionarioen artean.

-  Lanpostu teknikoak oso maskulinizatuta daude karrerako funtzionarioen artean eta orekatuta daude bitarteko funtzionarioen artean.

-  Administrazio-lanpostuak, berriz oso feminizatuta daude karrerako funtzionarioen artean eta feminizatuta daude bitarteko funtzionarioen artean.

-  Mendeko lanpostuak oso maskulinizatuta daude bi funtzionario mota horietan, baina gero eta handiagoa da emakumeen kopurua lanpostu horietan. 

Azterketan beste ondorio adierazgarri hauek ere lortu dira: 

-  2007. urtetik, hau da, Eusko Jaurlaritzak langile publikoentzako berdintasunaren arloko prestakuntza-ikastaroak abian jarri zituenetik, ikastaroetan parte hartu duten pertsonen % 75 emakumezkoak dira.

-  Urte horretatik antolatu diren lidergo, talde-kudeaketa eta zuzendaritza-gaitasunen arloko ikastaroetan izena eman dutenen gehiengoa, % 55,24, gizonak dira.

-  2006. urtetik, hau da, lanean jazarpen morala eta/edo sexuala gertatzen den kasuetan jarduteko prozedura eta prebentzio-neurriak arautzen dituen urriaren 4ko agindua indarrean jarri zenetik, ez da izan sexu-jazarpeneko protokoloa aktibatzeko eskaerarik eta, hartara, ez da inoiz jazarpen hori desagerrarazteko esku hartu behar izan.

-  Eusko Jaurlaritzak genero-indarkeria jasan duten emakumezko langile publikoak laguntzeko eta babesteko neurri zehatzak ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean edo haren erakunde autonomoetan lan egiten duen emakume bakar batek ere ez du eskatu laguntza-protokoloa aktibatzea. 

6 JARDUN-ARDATZ, 26 NEURRI ZEHATZ 

Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehen planaren bigarren zatiak 6 jardun-ardatz ezartzen du, baita hautemandako desberdintasunak arintzeko abian jarri beharreko 26 neurri zehatz ere: 

-  Antolamenduaren kultura: 

  • Generoaren ikuspegia txertatzea dokumentu eta plan estrategikoetan zein langileen kudeaketako prozesuetan eta eskuliburuetan, baita langileei egiten zaizkien gogobetetasun-inkestetan ere –adierazle guztiak sexuaren arabera bereizita eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezagutzeko eta aztertzeko genero-adierazleak barnean hartuta–.
  • Kudeaketa-organoetako sistema informatikoak, erregistroak eta datu-baseak berraztertzea, eta, hartara, sexuen araberako datu bereiziak barnean hartzea memorietan, kontsultetan eta gainerako dokumentazioan. Horrela, sexuen arteko desberdintasuna aztertu ahal izango da.

-  Langileak kudeatzeko politika: 

  • Langileak hautatzeko, sartzeko eta hornitzeko prozesuekin lotzen den dokumentazioa berraztertzea eta berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia sistematikoki betetzea (berdinketa hausteko klausulak, ordezkaritza orekatua, gaietan berdintasun-gaiak barnean hartzea, haurdunaldi- eta erditze-egoerak hautespen-prozesuetan).
  • Lanbide-karreran bateragarritasun-neurriak erabiltzearen eragina eta jardunaldi-murrizketako edo udako eszedentziako egoeretan langileak ez ordezkatzearen eragina aztertzea, horrek lankideengan eragina izan ez dezan eta murrizketa-egoeran egotearen presioa saihets dadin.  

-  Prestakuntza-politika: administrazioaren prestakuntza-politika aztertzea, planean hautemandako beharrei erantzungo dieten ikastaroak proposatzeko (berdintasuna zuzendaritzetako eta burutzetako langileentzat, langileen kudeaketa generoaren ikuspegitik, berdintasunaren kultura, eta abar). 

-  Soldata-politika: generoaren araberako soldata-arrailean eragina duten faktoreak aztertzea eta neurri zuzentzaileak proposatzea. 

-  Erantzukizun-politika eta lan-denboraren berrantolamendua: 

  • Gida/eskuliburu bat egitea bateragarritasun-neurriei, ordutegiei, eskakizunei, baldintzei eta horiek kotizazioetan, erretiroan eta abar duten ondorioei buruzko araudiarekin.
  • Baterako erantzukizuna sustatzea –langileen beharretara hobe egokitzeko– eta amatasun- eta aitatasun-baimenak parekatzearen eragin ekonomikoa ebaluatzea, iraupen berdinekoak eta besterenezinak izan daitezen. 

-  Prebentzioko eta lan-osasuneko politika: 

  • Genero-ikuspegia txertatzea Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Planean.
  • Sexu-jazarpeneko eta sexuaren ondoriozko jazarpeneko egoeretan jarduteko berariazko beste protokolo bat prestatzea.
  • Prebentzio-zerbitzuko langileak prestatzea, haien egitekoan genero-ikuspegia txertatzeko gai izan daitezen.
  • Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo sexu-jazarpenaren  edo sexuaren ondoriozko jazarpenaren biktima diren emakumeen eskubideak hedatzea, baita haientzat dauden bitartekoak ere, haientzako laguntza-neurriak ezartzeko eta haien lan-baldintzak okerrera ez egiteko. 

BERDINTASUNAREN BATZORDE IRAUNKORRA 

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehen planak ezartzen du Berdintasunaren Batzorde Iraunkorraren sorrera, plan honetan barnean hartzen diren neurriak behar bezala gara daitezen. Batzorde hori kide anitzeko organo parekide tekniko bat izango da, eta berdintasunaren arloko ezagutzak dituzten administrazioko pertsonek eta langileek osatuko dute. Gainera, batzordekide horiek gai horri buruzko prestakuntza espezializatua jasoko dute. Berdintasunaren Batzorde Iraunkorrari esleituko zaizkion egitekoen artean hauek daude: 

-  Egin beharreko ekintzen urteko plangintza onartzea, eta ekintza horiek dinamizatzea eta kontrolatzea.

-  Planaren urteko ebaluazioa eta jarraipena egitea.

-  Ebaluazioen txostena egitea, eta plana gauzatzeko eta egiten diren azterketen ondoriozko gomendioak egiteko hautemandako beharren txostena egitea.

-  Administrazioaren barruan beste berdintasun-plan batzuk egiteko prozesuak diseinatzea. 

Langile publikoek Berdintasunaren Batzorde Iraunkorrari buruzko informazio guztia eskuratu ahal izango dute, eta batzordea osatzen duten pertsonekin harremanetan jartzeko helbide elektroniko bat eskura izango dute. 

 

Taulak

Berdintasunaren plana

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko