Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentro berriak osasun-arretaren kalitatea optimizatzea dakar, 33.000 herritar ingururentzat

2016.eko irailak 05
  • Gaur ireki ditu ateak eraikin berriak —ia 4.000m2-ko azalera dauzkanak (aurrekoaren bikoitza), eta 4 milioi euroko inbertsioa eskatu duenak— gizarte eskaerari erantzuten dio.
  • Osasun zentro horretan 46 profesionalek dihardute lanean, eta honako zerbitzuak biltzen ditu: Lehen mailako arreta helduentzat eta Pediatria, Emakumeari arreta eremua, Errehabilitazioa eta larrialdietarako Etengabeko Arreta Gunea (EAG).
  • Berritasunetako bat Errehabilitazioko Zerbitzua —Terapia Unitatea (gimnasioa) eta medikuaren kontsulta dituena— izango dela. Horrela, bertako herritarrek ez dute Galdakaoraino joan beharrik izango.
  • Lehen mailako arretak Amorebieta-Etxanoko herritarrak (19.400) artatuko ditu, larrialdietarako EAGak, aldiz, 33.000 pertsonari, Amorebieta-Etxanokoei eta Arratiako Bailarakoei (13.600), emango die osasun-arreta.

 

Aurrerantzean, 33.000 herritar ingururi —udalerrikoak eta Arratiako Bailarakoak— arreta emango dien Amorebieta-Etxanoko osasun zentro berriko langileekin batzarra egin dute Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak, eta Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerente Jon Guajardok.

Eraikin berri eta moderno horrek —Mikel Deuna eta Jon Deuna kaleen elkargunean kokatzen denak— eraikitako 3.905,23m2-ko guztirako azalera dauka —aurreko eraikinaren bikoitza—,  Osakidetzako zuzendari nagusiak esan duenez, “pertsonei kalitatezko arreta bermatzeko”.

Osakidetzako osasun zentro berri hori martxan jartzeaz poztu egin da Etxeberria jauna; ez bakarrik euskal osasun zerbitzu publikoaren irisgarritasuna hobetzen duelako, baizik eta auzokoen eta gizartearen eskariari erantzuten diolako ere. Zentzu horretan, Osakidetzaren indarguneetako bat hauxe dela gogorarazi du: “hurbiltasuna, Euskadiko hiri, herri eta auzo bakoitzean osasun zentroak dituena”.

Hala ere, Etxeberriak azpimarratu du “daukagun giza-kapitala dela oinarrizkoa, eta, zentzu horretan, goraipatu du Osakidetzako osasun zentro eta ospitale guztietako profesionalek, egunero, egiten duten lana.

 

OSASUN ZENTRO BERRIA

 

Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) Amorebieta-Etxanoko osasun zentro berria egiteko bi urteko lanaldia eta 4.074.825,31 euroko guztirako inbertsioa behar izan dira. Emaitza, ordea, ikusgarria; orain arteko osasun zentroa baino handiagoa, erosoagoa eta eraginkorragoa da, eta egingo diren kontsultak eta probak hobetzea ahalbidetuko duen ekipamendu berria dauka.

Horrek emango den arretaren onura ekarri ez ezik, bertan diharduten 46 profesionalen lan-baldintzak hobetzea ere badakar. Lehen mailako arretan, hauexek zehazki: 11 familiako mediku; 3 pediatra; 11 erizain, 2 emagin; 1 erizain laguntzaile; administrazioko 5 profesional eta 1 zeladore, eta Etengabeko Arreta Gunean, berriz: 4 mediku; 4 erizain eta 4 zeladore.

Guztira dauzkate: Lehen mailako arretan, Familiako Medikuntzako 11 kontsulta eta erizaintzako 12 kontsulta; Pediatriko 2 kontsulta eta erizaintzako 2 kontsulta; edoskitze-gunea; Emakumeari arreta eremua; Errehabilitazio eremua eta larrialdietarako Etengabeko Arreta Gunea.

Errehabilitazio Zerbitzu berriak bi gune bereizi dauzka: alde batetik, Terapia Unitatea, elektroterapia, kinesiterapia, termoterapia eta mekanoterapiarekin, eta, beste alde batetik, Errehabilitazioko medikuaren kontsulta. Urtero, 700 paziente inguru artatuko ditu. Horrek Galdakaoraino joan behar ez izatea, hau da, arreta etxetik gertuago izatea, dakar.

Osasun zentroko eremu guztiak kontuan hartuta, urtero 188.000 kontsultatik gora artatu ohi dira. Horietatik, helduentzako lehen mailako arretako (2015eko datuen arabera) Familiako Medikuntzakoak 82.460 dira eta 81.964 erizaintzakoak. Eguneroko jardueraren baitan, Kirurgia Txikiko prozedurak nabarmendu behar dira. Batez beste 900 inguru, era honetakoak esaterako: larruazaleko lesio onberen esku-hartze txikiak, krioterapia edo infiltrazioak.

Osasun zentroan udalerriko 2.700 haur inguru artatzen dira, eta, urtero, Pediatriako 16.500 kontsulta, gutxi gora-behera, izaten dira. Pediatriako Eremuan, beheko solairuan, haur-kotxeetarako tokia daukan itxaron-gela dago, baita haurra edoskitzeko eta aldatzeko gunea ere, guztia apain dekoratuta.

Emakumeari arreta egiteko Eremu berritua ere izango da. Urtero 3.000 kontsulta izan ohi dituen Ginekologia kontsultaz gain, emaginen kontsulta bi —urtero 7.400 kontsulta pasa ohi dituztenak—, eta ama-hezkuntzarako gimnasioa. Instalazio berrian azken belaunaldiko ekografoa daukate, baita kolkoskopioa eta miaketetarako aulki berriak ere.

Bestalde, Amorebieta-Etxano zein Arratiako Bailarako herritarrei arreta ematen dien Etengabeko Arreta Gunean (astelehenetik ostiralera, 17:00-08:00h, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduz), urtero, batez beste 24.000 larrialdi artatzen dira.

A kalifikazio energetikoa daukan osasun zentro berria, ingurumenarekiko jasangarritasun irizpidepean diseinatu eta eraiki da. Eraikinak daukan eskari energetikoaren %42 energia geotermikoa baliatuz hornituko da. Etorkizunean, eguzki-plakak jartzen direnean, energia-beharren %70i energia berriztagarriekin erantzungo die. Era berean, argiztatzeko LED teknologia baliatuko du, sentsoreekin erregulatua, eta, optimizazio termikorako, fatxadan eguzkitik babesteko biserak dauzka.

4 solairu dauzka, erdian argi-patioarekin; horrek inguratzen duten gune komunak hobeto argiztatzea dakar. Eskaintzen dituen zerbitzuak arraseko hiru solairuetan banatu dira; sotoan, berriz, garajea eta barne erabilerarako instalazioak daude. Horrelaxe dago egituratua:

 

BEHEKO SOLAIRUA (808,49 m2)

-   Pazienteei Harrera eta Administrazioa

-   Larrialdietako eremua/ Etengabeko Arreta Gunea: sendaketa-gela, odol-ateratzea, proba funtzionalak eta medikuntzako eta erizaintzako kontsultak.

-   Pediatriako eremua: Pediatriako 3 kontsulta, erizaintzako 2 kontsulta, edoskitze-gunea, haurren aldalekua eta komuna. Itxaron-gela ere badago.

-   Etengabeko Arreta Guneko langileentzako gune pribatuak.

 

LEHENENGO SOLAIRUA (839,15 m2)

-   Emakumeari arreta eremua: ginekologia eta miaketa kontsulta, emaginaren 2 kontsulta eta ama-hezkuntzarako gimnasioa.

-   Errehabilitazioko Eremua: gimnasioa eta Errehabilitazioko kontsulta.

-   Lehen mailako arreta eremua: Familiako Medikuntzako 4 kontsulta, eta erizaintzako 4 kontsulta.

 

BIGARREN SOLAIRUA (822,32 m2)

-   Lehen mailako arreta eremua: Familiako Medikuntzako 7 kontsulta, erizaintzako 8 kontsulta.

-   Osasun zentroko langileentzako gunea.

-   Komunak eta itxaron-gelak.

 

Amorebieta-Etxano, 2016ko irailaren 5ean

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @OSIBGaldakaoESI
    2016.eko irailak 05

    Comentario de Twitter:
    #Osakidetza #AmorebietaEtxanoko https://t.co/kulSLWIfrr osasun zentro berriak gaur ireki ditu ateak https://t.co/cleVbTyz00

  • @OSIBGaldakaoESI
    2016.eko irailak 05

    Comentario de Twitter:
    Hoy se ha puesto en marcha el nuevo centro de salud de #AmorebietaEtxano https://t.co/IKaNSsJEzd #Osakidetza https://t.co/dzn8P0TOWi

Komunikabideek behera kargatzeko