Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Datorren astelehenean, hilaren 12an, Donostialdeko Topoaren/Metroaren geltoki berria abian jarriko dute Altzan

2016-09-09
  • Auzo horretako 14.000 biztanlek etxetik bost-hamar minutura izango dute Euskotrenen geltokia

 

Datorren astelehenean, irailaren 12an, Donostialdeko Topoaren/Metroaren geltoki berria abian jarriko dute Altzan, Herrera-Altza tartearen barruan. Tarte horrek 1.040 metro ditu lurpean, egungo Herrerako geltokiaren luzapen batekin hasten da eta garai bateko N-1 errepidearen eta Adifen trenbideen azpitik igarotzen den bihurgunea egiten du gero, azpiegitura dagoen Felix Iranzo pasealekuaren azpian amaitzeko.

 

Geltokiak bi bidaiarigune eta Larratxo pasealekura, anbulatorioaren ondoan, eta Santa Barbara kalera ematen duten bi sarbide-kanoi ditu. Albo-nasak ditu, mezzanina edo solairuarte banatara sarbidea ematen duten bi eskailerez hornituak. Solairuarte horietan daude terminaleko bidaiariguneak. Nasetara igogailuaren bitartez ere hel daiteke, eta beste jasogailu baten bitartez egingo da kanpoalderako konexioa. 5.500 lagunek etxetik bost minutu baino gutxiagora izango dute geltokia, eta 8.800 lagunek hamar minutu baino gutxiagora. Hamar hilabete barru geltokia Trintxerperekin lotuko da oinezkoen pasealeku berri baten bitartez.

 

Etorkizunean, Herrera-Altza tarte berriak jarraipena izango du Pasaiarantz —geltoki berri lurperatua eraikitzea aurreikusita dago— eta Galtzarabordarantz Errenterian. Abian jarriko den Altza-Herrera tarteari Eusko Jaurlaritzak dagoeneko gauzatu dituen Loiola-Herrera, Fanderia-Oiartzun eta Lasarte-Añorga-Errekalde tarteak gehitzen zaizkio. Datorren urtean Loiolako geltoki berria eta zubibidea abian jarriko dituzte.

 

EUSKOTREN ZERBITZU BERRIAK GIPUZKOAN

 

  • DONOSTIA / SAN SEBASTIAN - HERRERA TARTEA. Zerbitzua areagotu egingo da Amarako eta Herrera/Altzako geltokien artean; maiztasuna 7,5 minutukoa izango da Amarako eta Herrerako geltokien artean egun osoan, lehengo goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko tarteetan bakarrik izan beharrean. Altzan 15 minutuz behin eta larunbatetan 15 minutuz behingo zerbitzua (gaur egun 30 minutuz behingoa).

 

  • LASARTE - IRUN/HENDAIA TARTEA. Irunerako zerbitzua egun osoan areagotuko da. Maiztasuna 15 minutukoa izango da egun osoan. Larunbat goizetan zerbitzua 15 minutuz behingoa izango da (gaur egun 30 minutuz behingoa). Zerbitzu goiztiarragoak Irundik eta Hendaiatik.

 

  • ZUMAIA - DONOSTIA / SAN SEBASTIAN TARTEA. Zerbitzua areagotu egingo da goizeko eta arratsaldeko haraneko orduan. Zumaia eta Donostia / San Sebastian artean 30 minutuko maiztasun etengabea izango da.

 

Topoaren erabiltzaile kopurua

Egungoa: 15.842.764. Herreran 548.509. Irunen 718.414. Altzako geltokia abian jartzen denean: 5.500 lagunek etxetik 5 minutu baino gutxiagora izango dute geltokia; 8.800 lagunek etxetik 10 minutu baino gutxiagora izango dute geltokia. Intxaurrondoko geltokian, Altzakoa bezala erdigunetik urrun: 6.800 lagun 6 minutu baino gutxiagora bizi dira eta 15.200 lagunek erabiltzen dute zerbitzua Intxaurrondotik. Gaur egun, urtean gutxi gorabehera milioi bat lagunek egiten dituzte bidaiak Intxaurrondotik. Izan ere, Topoaren sailkapenean seigarren tokian dagoen geltokia da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko