Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Langabeziak gora egin du abuztuan euskal autonomia erkidegoan, baina jaitsi egin da luzaroko langabeen kopurua

2016.eko irailak 02

Abuztuan 1.644 langabe gehiago izan dira eta guztizko kopurua 143.114 langabekoa izatera iritsi da. Kopuru erlatiboetan igoera % 1,17koa izan da. Igoera aurreko urteetako abuztuan ikusitakoaren oso antzekoa izan da: izan ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, azken 13 urteetako laugarren abuzturik onena izan da. Urtetik urterako saldoak joan den urteko abuztuan baino 12.655 langabe gutxiago utzi ditu, eta kopurua oso antzekoa izan da azken hiru hiletan.

Erregistratutako langabeziaren datuen arabera, 1.644 langabe gehiago daude: horietatik 1.024 gizonezkoak dira (% 1,6) eta 620 emakumezkoak (% 0,8). Araban 401 langabe gehiago daude (% 1,7), Bizkaian 740 gehiago (% 0,9) eta Gipuzkoan 503 gehiago (% 1,3). Adinari dagokionez, 35 urtetik beherakoen artean 861 langabe gehiago daude (% 2,4), 35-54 urtekoen artean 830 gehiago (% 1,1), eta 54 urtetik gorakoen artean 47 langabe gutxiago (–% 0,1).

Adierazi beharra dago, era berean, abuztuan luzaroko 686 langabe gutxiago daudela eta, aitzitik, iraupen laburreko 2.336 langabe gehiago. Horrek esan nahi du 2016ko abuztuan 43.645 langabek kobratzen dutela langabezia-prestazioren bat, hots, joan den hilean baino 1.428 gehiagok.

Kontratuak eta afiliazioa

Joan den hilaren aldean, kontratu kopuruak % 23,21 egin du behera, baina kopurua joan den urteko hil berean baino % 12,65 handiagoa izan da. Lan-jarduera txikia izan ohi duen hil honetan kontratazioak nabarmen behera egitea normala izanik, Eusko Jaurlaritzak modu positiboan baloratu du kontratazio-bolumenak joan den urteko abuztuaren aldean izan duen hazkundea.

Azken hil honetan 43.156 pertsona kontratatu dituzte, eta horietatik % 48,52 emakumezkoak izan dira. Joan den hilean baino % 21,98 pertsona gutxiago kontratatu dituzte, baina joan den urteko abuztuan baino % 13,6 gehiago. Kontratu horien % 5,99 mugagabeak izan dira.

Aurtengo kontratu guztien kopuru metatua 582.215 da, iazko hil berari dagokiona baino % 7,21 handiagoa. Kontratu mugagabeen kopuru metatua 40.953 da, iazkoa baino % 8,1 handiagoa.

Gizarte Segurantzako batez besteko afiliazioari dagokionez, abuztuan 901.599 afiliatu daude, aurreko hilean baino 10.787 gutxiago. Jaitsiera hori joan den urtean hautemandakoa baino handixeagoa da. Hala ere, urtetik urterako saldoak positiboa izaten jarraitzen du, joan den urteko abuztuan baino 16.189 afiliatu gehiago daude-eta.

Hezkuntza da, hil honetan ere, abuztuan enplegua suntsitzen gehien nabarmentzen den sektorea. Maiatzean ikasturtea amaitu zenez geroztik 10.000 afiliazio inguru galdu dira jarduera-adar horretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)