Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzaren udako operazio berezia 3 hildakorekin amaitu da, joan den urtean baino 6 gutxiago

2016.eko irailak 01
Euskadi da errepideetan izandako istripuen ondorioz hildakoen kopurua gehien murriztu duen autonomía-erkidegoa
 
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren Udako Operazioa amaiturik, trafiko-istripuen ondoriozko hildakoen kopurua joan den urtekoa baino txikiagoa izan da. Hiru pertsona hil ziren EAEko errepide eta kaleetan (1 Bizkaian, 1 Araban eta 1 Gipuzkoan) uztailean —abuztuan ez da istripu hilgarririk izan—. Joan den urtean bederatzi hil ziren bi hilabeteetan. Ibilgailu kopurua handituko zela zioten zenbatespenak bete egin dira.
 

Ezbehar-tasak beheranzko joerari jarraitu dio Euskal Autonomia Erkidegoan. Ertzaintzak 1.156 trafiko-istripu erregistratu ditu uztailaren 1etik abuztuaren 31 arte. Istripu horietako 391n biktimak izan dira (hiru hildako —bi gizonezko eta emakumezko bat—, 42 zauritu larri eta 493 zauritu arin). Joan den urteko aldi berean hildakoak bederatzi izan ziren —sei gizonezko eta hiru emakumezko—, zauritu larriak 59 eta arinak 499.

Heriotza-tasak behera egitea albiste positiboa da beti adierazi du Garbiñe Sáez Molinuevok, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, eta are azpimarragarriagoa da errepidean ibilgailu-dentsitate handia dagoenean gertatzen denean. Joera zein den ikusteko, hamarkada bateko baino gehiagoko datuei erreparatzea komeni da. 2000ko, 2001eko eta 2002ko uztailean eta abuztuan hildakoen kopuruak hogeita hamarretik gorakoak izan ziren. Aurten hiru izan dira, 2014an baino gutxiago, nahiz eta hura urte berezia izan zen eta lau hildako izan ziren. Begien bistakoa da bide-segurtasuneko kontzientziazioa handitu egin dela eta gidariak gero eta begirunetsuagoak eta zuhurragoak direla.

2016ko abuztuaren 31 arteko kopuruei dagokienez, trafiko-istripuen ondorioz hildakoak 24 izan dira guztira (20 gizonezko eta 4 emakumezko). Lurralde historikoei dagokienez, Araban 3 hildako izan dira, Bizkaian 14 eta Gipuzkoan 7. Joan den urteko lehen zortzi hilabeteetan 36 hildako izan ziren guztira, aurten baino hamabi gehiago.

Hildakoen kopurua gehien murriztu duen autonomia-erkidegoa

Gaur artean, Euskal Autonomia Erkidegoa da hiriarteko bideetako istripuetan hildakoen kopurua gehien murriztu duen autonomia-erkidegoa, erantsitako taulan ikus daitekeen moduan.

Abuztuaren amaiera arte, EAE da hiriarteko bideetan gertatutako istripuetan hildakoen kopurua gehien murriztu duena: 17 (17 hildako horiek hiriarteko bideetan izandako istripu hilgarriei bakarrik dagozkie —DGTk konparazioetarako erabiltzen dituen datuak dira—. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eskainitako hildakoen guztizko kopuruak —24— hiri barruko bideetan eta hiriartekoetan izandako istripu hilgarriak kontuan hartzen ditu).

Auto-ilara garrantzitsuenak, Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak udako operaziorako antolatu dituen neurriek arindu egin dituzte auto-ilarak Araban eta Bizkaian, handiagoak izan baitzitezkeen trafikoak gora egin duela kontuan hartuta. Araban, auto-pilaketak ohiko tokietan gertatu dira (Etxabarriko ordainlekuan, Gasteizko norabidean; N-622 errepidean AP-1erako sarbidetik A-1 autobiaraino; eta Armiñonen, A-1 autobiaren AP-1 autobideko ordaintokirako sarreran. Madrileko noranzkoan).

Bizkaian, zirkulazio handia Bilbaoren eta Kantabriako kostaldearen artean kontzentratzen da, asteburuetan batez ere. Uda Operazioa dela eta, auto-ilara garrantzitsuenak uztailaren 15ean izan ziren Kantabriarako noranzkoan. Unerik okerrenean 15 km-koak izatera iritsi ziren.

Gipuzkoako lurralde historikoan, alabaina, auto-ilarak izan dira irteeran zein itzuleran zenbait asteburutan. Gune gatazkatsuena Biriatuko ordaintokia izan da, auto-pilaketak iaz baino handiagoak izan direlako (18 Km, abuztuaren 18an); Zarauzko ordainlekuan ere izan dira auto-ilarak baina txikiagoak.

Trafiko Zuzendaritzaren, Ertzaintzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bidegiren ordezkariek hilaren erdialdera biltzeko asmoa dute, ohiko koordinazio-bilera egiteko eta Zarauzko ordaintokian izandako auto-ilarak eta beste zenbait gai aztertzeko.

Mugaren alde bietako administrazio eskudunekin izandako bilerek emaitzak izan dituzte azaldu du Garbiñe Sáez Molinuevok, Trafikoko zuzendariak, baina ez dira nahikoa izan mugan auto-ilarak saihesteko. Ulertu beharra dago Frantziako polizia-kontrolak herrialdeak bizi duen larrialdi-egoera baten ondorio direla eta ez direla erabakitzen ibilgailu gehiago edo gutxiago pilatzen diren egoerak kontuan hartuta.

Behin betiko daturik ezean, bete egin dira, eta beharbada gainditu ere, Trafiko Zuzendaritzak ekainean egindako zenbatespenak, trafikoa % 4 handituko zela aurreikusten zutenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko