Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Mendibelzuaren oharpena eskualde eta herrialdeei: Klima-aldaketaren aurkako borrokan ezer ez egiteak BPGaren % 5a eta % 20a bitarteko kostua dakar globalki"

2016.eko irailak 01
  • II. Ameriketako Klima Aldaketaren Goi bilera, Jaliscon (Mexiko)

 

  • Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkariak, Ibon Mendibelzuak, ingurumen arloko euskal eskarmentua azaldu die, bai eta Euskadik burutu dituen ekintzak ere, Ameriketako estatuz azpiko erakunde ezberdinetako ordezkariei

 

 

Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkariak, Ibon Mendibelzuak, oharpena egin die Jalisco estatu mexikarrean ospatzen ari den II. Ameriketako Klima Aldaketaren Goi-bileran parte hartzen duten eskualde eta herrialdeei. Bere esanetan, “Klima-aldaketaren aurkako borrokan ezer ez egiteak BPGaren % 5a eta % 20a bitarteko kostua dakar, globalki, epe luzera”. Mendibelzuak ehunka espezialisten aurrean azaldu duenez, “atmosfera-kutsatzaileak murrizteak 12 eta 32 milioi euro artean aurreztuko luke urtean, osasunari loturiko kontzeptuan soilik”.

 

Jaliscoko Gobernuak Ingurumen eta Lurralde Garapeneko Idazkaritzaren bidez antolatu duen II. Ameriketako Klima Aldaketaren Goi-bilerak Amerikako kontinentea osatzen duten eskualde eta herrialdetako gobernuak bildu ditu, berriki gauzaturiko Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak eta Parisko Akordioek dakartzaten erronka berriak aztertzeko helburuarekin. Bereziki jorratuko diren gaiak dira klimaren aldeko ekintzen elkartrukea, finantzazioa eta arautzea, bai eta Ontarioko Adierazpenean harturiko konpromisoak ere.

 

2015eko uztailean, Ontarioko Gobernuak (Kanada) Ameriketako Klima Aldaketaren Goi-bileraren lehen edizioa antolatu zuen. Aipatuan aginte panamerikarrak, buruzagi indigenak, talde ekologistak eta industria ezberdinen ordezkariak parte hartu zuten, xedea berotegi-efektuko gasak murrizteko konpromisoak hartzea zelarik, bai eta karbono-aztarna txikiko ekonomia global batean inbertitzeko aukerak nabarmentzea ere.

 

Ibon Mendibelzuak Jaliscon gaur azaldu dienez Amerikako ministro eta ingurumen agintariei, “Klima Aldaketaren Aurkako Euskal Planak 2008-2012 euskal isurketen hazkundea % 4ra mugatu zuen 2012. urtean, 1990. urtearekiko (% 14 aurreikusten zen gehienez), hazkunde ekonomiko handiko testuinguru batean gainera, euskal Barne Produktu Gordinak % 71 egin baitzuen gora 1990 eta 2012 bitartean".

 

“2015. urteaz geroztik Euskal Herriak Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Estrategia aplikatzen du, karbonoarekiko menpekotasun txikiagoa duen eredu sozioekonomiko bat sustatzeko. Horren bidez, klima aldaketaren aurrean agertzen dugun zaurgarritasuna murriztu eta ekonomia jasangarrirantz gerturatuko gara, euskal lurraldearen erresilientzia bermatuz klima-aldaketaren aurrean”, azaldu die Mendibelzuak Kongresuko agintari eta espezialistei.

 

“Zer, eta nola?... Ba berotegi-efektuko gasen isurketak eraginkortasunez kudeatuz Energia, Industria, Garraio, Etxebizitza eta zerbitzuen, Nekazaritza eta Basozaintzaren eta Hondakinen bilketaren arloetan, energia aurreztuz, energia berriztagarriak sustatuz eta isurketa ez energetikoak murriztuz", zehaztu du Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkariak.

 

Euskal Estrategiak Europar Batasunak zehaztu dituen helburuekin bat egiten du. Euskadik, 2030. urterako, Berotegi-efektuko Isurketak % 40an gutxienez murrizteko xedea ezarri du; 2050erako, % 80 gutxienez 2005eko isurketekiko eta horretarako, energia berriztagarrien kontsumoak kontsumo osoaren % 40 izan beharko du urte horretan.

 

Aurrekontuak

2016-2020 eperako aurreikusitako aurrekontua 84 milioi eurokoa da 2016rako eta batezbesteko urteko hazkundea % 2koa da. 439 milioi euro guztira, euskal BPGaren % 0,13; hau da, 40 euro biztanleko eta urteko. Neurri horiek 57 M euroko jarduera ekonomikoa sortuko dute Euskal Herrian, bai eta 1.300 lanpostu “gordinen” sorrera ere urtean, datozen 5 urtetan.

 

2050erako klima-aldaketaren aurkako euskal ekintzak arintzearen eta egokitzearen ardatzak jorratzen ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Erantzukizun-printzipioan oinarrituta dago eta 9 jomuga, 24 ekintza-ildo eta 70 ekintza zehatz zehazten ditu. Lehen garapen-faseak 2020. urtean du amaiera eta Europa mailan zehazturiko lehen jomugarekin bat doa. Lehen ekintza-multzo hori hamar urtean behin berrikusiko eta eguneratuko da, 2050erako Estrategiak zehazten dituen beste garapen-fase guztietan.

 

GCF (Governors for Climate and Forests – Gobernadores por el Clima y los Bosques) Funtseko zuzendari exekutibo Rosa Maria Vidal andereak moderatuta, ministro jaun eta andere ezberdinek klima-aldaketaren aurkako eta basoen aldeko berrikuntzari, finantzaketari, araudiari eta klimaren aldeko (arintzea eta egokitzea) ekintzari dagokienean duten eskarmentua azaldu dute gaur; halaber, "Jaliscoko Ekintzarako Deia" delako dokumentua sinatu dute.

 

Ondokoak izan dira, besteak beste, dokumentua sinatu duten pertsona ospetsuak: Magaly Medeiros, Klima Aldaketen eta Ingurumen Zerbitzuak Arautzeko Institutuaren Zuzendaria, Acreko Gobernua, Brasil; Roberto Alcala, Campecheko Ingurumen eta Natur Baliabidetako Idazkaria, Mexiko; Shannon Phillips, Albertako Ingurumen eta Parketako Ministroa, Kanada; Andre Torres, Ingurumen Idazkaria, Mato Grosso, Brasil; Carlos Morales, Ingurumen eta Natur Historiako Idazkaria, Chiapas, Mexiko; Perry Trimper, Labrador eta Ternuako Ingurumen Ministroa, Kanada; Marcelo Creão, Amapako Ingurumen Idazkaria, Brasil; David Heurtel, Garapen Jasangarri, Ingurumen eta Klima Aldaketaren Borrokarako Ministroa, Quebec, Kanada; Tanya Müller, Mexiko Hiriko Ingurumen Idazkaria, Mexiko; Alice Ekwu, Klima Aldaketaren Ministerioko Ohorezko Mandataria, Cross Riverreko Estatua, Nigeria; Ronaldo Lima, Ur Baliabidetarako Idazkariordea (SEMA), Brasil; Ricardo Luna, Michoacango Hirigintza eta Ingurumen Idazkaria, Mexiko; Montserrat Barniol, Basoetako Zuzendari Nagusia, Generalitat de Catalunya; Antonio Stroski, Ingurumen Idazkaria, Amazonas, Brasil; Rafael Muñoz, Quintana Rooko Ekologia eta Ingurumen Idazkaria, Mexiko; Ibon Mendibelzua, Eusko Jaurlaritzako Ordezkaria Mexikon; Joan Frederic Ferreira, Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako Espezialista, Rio de Janeiro, Brasil; Glen R. Murray, Ontarioko Ingurumen eta Klima Aldaketarako Ministroa, Kanada; Carlos Brandão, Maranhãoko Gobernadoreordea, Brasil; Ricardo Fitz, Tabascoko Ingurumen Idazkaria, Mexiko; Wilson Machado, Ingurumen Idazkaria, Rondônia, Brasil; Eduardo Batllori, Yucatango Ingurumen Gaietarako Idazkaria, Mexiko; Carles Llorens, ORU-FOGAReko Idazkari Nagusia; Luzimeire Ribeiro da Moura, Ingurumen Idazkaria, Tocantins, Brasil; eta Maria Magdalena Ruiz, Ingurumen eta Lurralde Garapeneko Idazkaria, Jaliscoko Estatua, Mexiko

 

Klima Aldaketaren inguruko Adituen Gobernuarteko Taldearen (IPPC, ingelesko siglak erabiliz) bosgarren eta azken ebaluazio-txostenak dioenez, “egungo klima-aldaketa BEGen gehiegizko isurketen eta kontzentrazioaren ondorio da, aipatuek lurraren atmosferan naturalki ematen den berotegi-efektua biderkatu baitute 1950eko hamarkadatik aurrera; ondorioz, lur-azaleko eta ozeanoen batezbesteko tenperatura globalak gora egin du, elur- eta izotz-bolumenak murriztu dira eta itsasoaren mailak gora egin du ere”.

 

Era berean, ebidentziak agerian utzi du gizonaren jarduera izan dela, erregai fosilen erretzea eta baso-soiltzea bereziki, aldaketa horien sorburua. Azaleko batezbesteko tenperatura 2-3 ºC igoz gero gerta litezkeen efektuen artean dago -industria aurreko aroarekiko- lehorteak eta bero-boladak bezalako muturreko klima-jazoeren frekuentziaren aldaketa. Ozeanoen patroiak alda litezke ere eta horrek, bere aldetik, urakanen intentsitatea areagotuko luke.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)