Berriak Segurtasuna
Eu

Hauteskunde-batzordeek hauteskundeetan parte hartuko duten hamasei alderdi politikoak aldarrikatu dituzte

2016.eko abuztuak 30

Bederatzi hiru lurraldeetan aurkeztu dira eta beste zazpi lurralde batean edo bitan bakarrik

Hauteskunde-batzordeek atzo, astelehena, aldarrikatu zituzten hiru lurralde historikoetako bakoitzean Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak. Guztira 16 alderdi politiko aurkeztu dira. Horietatik 9 hiru lurralde historikoetan aurkeztu dira, 3 bi hauteskunde-barrutitan eta beste 4 hauteskunde-barruti bakar batean. Hasiera batean aurkeztutako 17 hautagai-zerrendetako bat, Partido Libertario alderdiarena, Bizkaian bakarrik aurkeztu zena, ez du aldarrikatu batzordeak, ez baititu zuzendu hauteman ziren irregulartasunak. Aldarrikatutako hautagai-zerrenda guztiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dira gaur.

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetara aurkeztutako hautagai-zerrendek ekarritako dokumentazio guztiaren azterketa amaitu ondoren, hiru lurralde historikoetako hauteskunde-batzordeek atzo, astelehena, aldarrikatu egin zituzten Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak.
Bederatzi dira hautagai-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan aurkeztu dituzten alderdi politikoak: Euzko Alderdi Jeltzalea - Partido Nacionalista Vasco; Euskal Herria Bildu; Partido Socialista de Euskadi - Euskadiko Ezkerra (PSOE); Partido Popular; Elkarrekin Podemos; Ciudadanos - Partido de la Ciudadanía; Partido Animalista contra el Maltrato Animal / Animaliekiko Tratu Txarren Kontrako Alderdi Animalista (PACMA/ATTKAA); Recortes Cero - Grupo Verde eta Ganemos Euskadi: Sí Se Puede (GANEMOS Irabazi).

Horiez gain, beste hiru alderdi bi lurraldetan aurkeztu dira: Partido Familia y Vida Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Ongi Etorri eta Escaños en Blanco - Aulki Zuriak Bizkaian eta Araban. Beste lau alderdi politiko lurralde historiko bakarrean aurkeztu dira: Euskal Komunistak - Partido Comunista de los Pueblos de España eta Partido Humanista Bizkaian; Libertad Navarra - Libertate Nafarra Gipuzkoan eta Vox Araban.

Hautagai-zerrendak EHAAn argitaratu ondoren, irekita geratzen da aldarrikatzearen aurka errekurtsoa jartzeko bidea. Zehazki, aurkaratzeak abuztuaren 31tik irailaren 1a arte aurkeztu beharko dira, eta epaitegiek irailaren hirua arteko epea izango dute ebazpena emateko. Aurkaratutako hautagai-zerrendek, ondoren, babes-errekurtsoa aurkez liezaiokete Konstituzio Auzitegiari. Behin betiko epaia hauteskunde-kanpaina hasi aurretik eman beharko luke (irailaren 9a).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko