Berriak Segurtasuna
Eu

Hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketa bidez hautatutakoak ostegun honetan hasiko dira jakinarazpen ofiziala jasotzen

2016.eko abuztuak 30

Bozketa-mahaiak osatzeko zozketa bidez hautatutako 23.000 pertsonek (titularrak eta ordezkoak) datorren ostegunetik aurrera jasoko dute izendapena posta ziurtatuaren bidez. Jakinarazpenarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak argitaratutako argibide-eskuliburua jasoko dute, mahaian bete beharko dituzten eginkizunak zein diren azalduko diena.

EAEko lurralde osorako, irailaren 25ean 2.593 bozketa-mahai eratuko dira guztira: 413 Araban (101 hautesleku), 1.343 Bizkaian (338 hautesleku) eta 837 Gipuzkoan (281 hautesleku). Udalerrian erroldatutako pertsona guztien artean zozketa bidez izendatutako lehendakari batek eta bi bokalek osatuko dute mahai bakoitza.

Jakinarazpena jaso ondoren, salbuetsita geratu behar dutela uste duten pertsonek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote eskualdeko hauteskunde-batzordeari irailaren 4tik 10a arteko epean. Batzordeak irailaren 15a arteko epea izango du alegazioak ebazteko. Ebazpen horren aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu.   Hauteskunde-mahaiaren erantzukizunak

Hauteskunde-mahaiaren eginkizunak izango dira bozketa-egunean bozketaren buru izatea, botoak hartzea, boto-kontaketa egitea eta, oro har, hauteskunde-legean ezarritakoa une oro betetzen dela zaintzea.

Hauteskunde-mahaiak osatzeko izendatutako pertsonek —titularrek eta ordezkoek— goizeko zortzietan joan behar dute bozketa-egunean hauteslekura mahaia eratzeko. Egiaztatuko dute hautetsontzia eta bozketa-kabina egoera onean daudela, eta bertan direla boto-paperak, bozkatzeko gutun-azalak eta gainerako hauteskunde-inprimakiak.

Hauteslekua irekitzen denean, goizeko bederatzietan, hauteskunde-mahaiko kideak arduratuko dira, besteak beste, hautesle bakoitza identifikatzeaz eta erroldan inskribatuta dagoen egiaztatzeaz.

Bozketa ixten denean, arratsaldeko zortzietan, posta bidezko botoak ireki eta hautetsontzian sartuko dituzte. Ondoren, hautetsontzia irekiko dute boto-kontaketa egiteko, eta hauteskunde-dokumentazioa epaitegian entregatuko dute.

Mahaiak osatzen dituztenen eskubideak

Bozketa-mahaiak osatzeko deia jaso duten pertsonek Gizarte Segurantzaren estaldura izango dute. Halaber, mahaietara deitutako langileei dagozkien lan-eskubideak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren Aginduan ezartzen den moduan (abuztuaren 29ko EHAAn argitaratua), honako eskubide hauek izango dituzte:

1. Hautesle izanik, irailaren 25ean asteko atsedena hartzerik ez duten langileek eskubidea izango dute egun horretan dagokien lanaldian gehienez ere 4 orduko baimen ordaindua hartzeko, aipatutako aginduan ezarritako baldintza eta eskakizunen arabera bozkatzeko.

2. Hauteskunde-mahaietako kide edo artekari direla egiaztatzen duten langileek eskubidea izango dute bozketa-egunean baimen ordaindua hartzeko eta bozketa-egunaren hurrengoan lanaldia 5 ordu murrizteko.

3. Ahaldun direla egiaztatzen duten langileek eskubidea izango dute bozketa-egunean baimen ordaindua hartzeko.

Interneteko informazioa

Herritarrek esku-eskura dute, www.elecciones.eus webguneari esker, irailaren 25eko hauteskunde-deialdiari buruzko informazio guztia. Eusko Legebiltzarra berritzeko abian jartzen den prozesuaren alderdi guztiei buruzko informazio zabala eta askotarikoa kontsulta daiteke atari horretan.

Webgunearen atalik aipagarrienen artean nabarmen daitezke, esate baterako, prozesuaren egutegiari dagozkionak, bozkatzeko eta postaz bozkatzeko prozedurak, hautesleentzako gida, hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonentzako gida eta inprimaki elektronikoak. Bertan aurki daitezke, halaber, bozkatzeko garaian sor daitezkeen prozedurari buruzko zalantzak modu atseginean eta grafikoan argitzeko aukera emango duten urratsez urratseko gidak, baita galde-erantzunen atala ere, boto-emaileei sortzen zaizkien zalantza nagusiei erantzuteko.

Halaber, webguneak Twitter kontura (@hauteskundeak) harpidetzeko aukera ematen du. Izatez, kontu horretan ia denbora errealean emango dira hauteskunde-prozesuari buruzko albisteak eta datu interesgarriak. Herritarrek 012 telefonoa ere erabili ahal izango dute, bertan kontsulta pertsonalizatuak egiteko.

 Hauteskundeei buruzko informazio guztia www.hauteskundeak.eus webgunean

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko