Berriak Lehendakaritza
Eu

López: “Lehendakariaren egitekoa da gauzak diren bezala esatea, ez nahiko genukeen bezala esatea”

2010.eko urriak 14

ETB2n egin duen elkarrizketa batean, lehendakariak adierazi du ETA eta ezker abertzalea direla “dagokiena egin behar dutenak”

Patxi López lehendakaria politikaren arloko gairik garrantzitsuenei buruz mintzatu da ETB2n egin duen elkarrizketa batean. Besteak beste, ETA talde terroristaren komunikatuei dagokienez, lehendakariak euskal indar demokratikoei “sirenen kantuek ez ditzatela nahastu” eta batasun demokratikoa mantentzeko eskatu die, ETA eta ezker abertzalea baitira “dagokiena egin behar dutenak”. “Oker egongo gara demokratek amildegi batetik salto egin behar dutela pentsatzen badugu, Batasunaren nahiz ETAren ingurukoek ez baitute egin behar dutena egin”, ohartarazi du eta Jaurlaritzak terrorismoaren aurrean “zero tolerantzia” politika eta zorroztasun demokratikoa mantenduko dituela berretsi du.

Patxi López lehendakariak indar politikoei berriz eskatu die ezker abertzaletik eta ETAren ingurutik datozen “sirena kantu jakin batzuek” ez ditzatela nahasi, ez baita euskal gizartea “amildegi batetik salto egin behar duena”, aitzitik, “haiei dagokie” mugimenduak eta ekintzak gauzatzea. “Ekintzen bidez erakusten eta ziurtatzen badigute mundu horrek indarkeria erabat alde batera utzi duela eta Euskadin terrorismoa desagerrarazteko guztiokin lanean ari dela, hauteskundeetara aurkeztu ahalko dira eta politikan eta erakundeetan lan egin ahalko dute”, azaldu du lehendakariak eta “ez ditugu haiek ireki nahi ez dituzten ateak ireki behar”, erantsi du.

Gai hori eta gaurkotasuneko beste batzuk izan ditu hizpide lehendakariak ETB2n egin duen ordu erdiko elkarrizketan.

Elkarrizketa horretan, lehendakariak adierazi du “antza denez, Batasunaren munduak ulertu duela politikan jarduteko tresna demokratikoak soil-soilik erabili behar direla eta, ondorioz, indarkeriarekiko loturak guztiz haustea ezinbestekoa dela”. Hala ere, Lópezek urrats hori “haiek egin behar dutela” eta “ez ditugula haiek ireki nahi ez dituzten ateak ireki behar” azpimarratu du.

“Oker egongo gara demokratek amildegi batetik salto egin behar dutela pentsatzen badugu, Batasunaren nahiz ETAren ingurukoek ez baitute egin behar dutena egin”, ohartarazi du eta Jaurlaritzak terrorismoaren aurrean “zero tolerantzia” politika mantenduko duela berretsi du. Hain zuzen ere, “zorroztasun demokratikoko” politika horri esker, ETA inoiz baino ahulago dago. “ETA inoiz baino ahulago dagoela ikusten dugu, gero eta jende gehiagok esaten dio indarkeriaren bidez ez duela ezer lortuko, bere inguruak ere, lehen babesten zuen arren, ETA desagertzeko unea dela erabaki du. Horrek esan nahi du bakea lortzeko bidean pauso erraldoiak ematen ari garela”, gailendu du.

Lehendakariak arlo horretan gauzatu duen “buruzagitza” ere balioetsi du eta “lehendakariaren egitekoa gauzak diren bezala esatea dela, eta ez nahiko genukeen bezala esatea”, erantsi du. Lehendakariaren ustez ez da beharrezkoa nazioarteko artekariek Euskadin esku hartzea, izan ere, bakea “Euskadin eta euskal herritarron artean egin behar baita”.

2011ko aurrekontuak

Ekonomiaren arloan, lehendakariak egoera ekonomikoa hobetu dela eta 2011ko Aurrekontua iazkoa baino “pixka bat hobea” izango dela aurreratu du, baina hala ere, “lehen bezain zorrotza izango da eta murrizketa berak izango ditu”. “Ez daude gaizki, baina ez dira pozez zoratzeko modukoak” onartu du eta diru-sarreren aurreikuspena iazkoa baino % 9,3 altuagoa izango dela agertu du. 2011ko kontuek zerbitzu publikoak (osasuna, gizarte politika, ikerketa eta garapena) babestearen alde egingo dute eta lehendakariak azaldu duenaren arabera, “ahaleginik handiena” prestakuntzaren arloan egingo da. Horretarako, Lanbide oso tresna garrantzitsua izango da lan-arloko politikak Eusko Jaurlaritzara transferitu ondoren.

Gai horri dagokionez, lehendakariak egin den lana defendatu du, “autogobernuari mesede egin baitiot”. “Ni PSEko kidea naiz eta nire alderdiak Euskadin dituen interesen alde jardun izan banu, protesta egingo nukeen, baina lehendakaria naiz eta Euskadiren interesak babestu behar ditut”, azpimarratu du. Lópezek bere taldeak transferentzia hori duela 16 hilabete eskatu zuela eta EAJk oztopatu zuela gogorarazi du. “Nik autogobernua negoziatu dut. EAJk Espainiako Gobernuarekin 10 aurrekontu negoziatu ditu. Zenbat negoziaziotan jarri du mahai gainean politika aktiboen gaia?” galdetu dio bere buruari, “behin ere ez” erantzun du. Horren harira, pozik azaldu da EAJ autogobernuaren eta Estatutuaren bidera itzuli delako.

Bukatzeko, lehendakariak berriz agertu da maiatzaren ostean euskal sistema fiskala aldatzearen alde. “Ez da zein zerga igo eta zein jaitsi erabakitzeko eztabaida huts bat, aitzitik, zer-nolako herrialde eredua izan nahi dugun erabakitzeko eztabaida bat da”, ohartarazi du, hori dela eta, ezer baino lehen, eredu hori zehaztu behar da eta gero ikusiko dugu “nola ordainduko dugun”. Lehendakariak azaldu du Europako Iparraldeko herrialdeetan % 48ko presio fiskala dutela eta Euskadin, aldiz, % 30ekoa soilik dela. “Zer nahi dugun eta nola ordainduko dugun argitu behar dugu, apriorismorik gabe”, gehitu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria