Berriak Lehendakaritza
Eu

EEEk eta REPSOLek 2011n ibilgailu elektrikoak kargatzeko 85 puntu instalatuko dituzte

2010.eko urriak 13

IBIL sozietate berriaren helburua 2020an Euskadin ibilgailuen % 10 ibilgailu elektrikoak izatea lortzea da

Euskadin 2011n ibilgailu elektrikoak kargatzeko 85 puntu egongo dira erabilgarri. Hori da EEEk eta REPSOLek % 50ean osatzen duten IBIL sozietate berriak aurrean duen helburu nagusia. Hartara, ekimena gaur goizean jarri da martxan asmoen protokoloa sinatu denean. Patxi López lehendakaria ekitaldian egon da, baita Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Turismo eta Merkataritza sailburua eta Antoni Brufau REPSOLen presidentea ere. Ekimen horren bidez, Euskadin ibilgailu elektrikoa ezartzeko prozesua abian jarri da eta 2020rako 41.000 ibilgailu elektriko eta 2030erako 226.000 izatea espero da. Lehendakariaren hitzetan, proiektu “anbiziotsu” hau “Euskadirentzat oso onuragarria” izango da.

Patxi López lehendakariak gaur egin den urratsaren garrantzia azpimarratu du, Euskadi ibilgailu elektrikoaren esparruan “aitzindari” bihurtu baita. Ekimen honen bitartez, energia “modu eraginkor eta iraunkorragoan" lortzea espero da, izan ere, “sektore horretan kontsumitzen den energia guztia ia petroliotik dator, eta erregai horri dagokionez, azpimarratzekoa da kanpoko herrialdeekiko menpekotasuna dugula, energia faktura altua ordaintzen dugula eta CO2 emisio maila altuak eragiten dituela”. “Estrategia honen bidez erdietsi nahi dugun helburu nagusia 2020an Euskadin saldutako ibilgailuen % 10 ibilgailu elektrikoak (hutsak edo hibrido entxufagarriak) izatea lortzea da”, gehitu du.

Lehendakaria Energiaren Euskal Erakundearen eta Repsolen arteko sozietate bat eratzeko ekitaldiaren buru izango da. Eusko Jaurlaritzak, 2009an, Euskadin ibilgailu elektrikoari sarbidea emateko estrategia definitu zuen, eta lurralde osoan estaldura izango duen birkarga sarearen azpiegitura garatu beharra nabarmendu zuen, ibilgailu elektrikoaren mugikortasuna Euskal Autonomia Erkidego osoan bermatu ahal izateko. Hori lortze aldera, 2009ko urriaren 29an, lehendakaria buru zela, EEEko eta REPSOLeko presidenteek lankidetza edo asmoen protokolo bat sinatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailu elektrikoak birkargatzeko sarea jartzeko asmoz.

Sinadura ekitaldia egin zenetik 2010eko ekainera arte, alde biak buru-belarri aritu dira lanean, ekimena lehenbailehen gauzatzeko. Hartara, datozen urteetan jarriko diren birkarga-instalazioen ezaugarri teknikoak prestatu eta definitzeaz gain, sarearen diseinuari lotutako lanak finkatu dira eta hori guztia aurrera eramateko behar den enpresaren negozio planaren nondik norakoa ezarri da. Lan horiek gauzatzeko bi lan talde eratu ziren, talde bien ordezkariez osatuta. Talde horietako batek izaera teknikoa zuen; besteak, berriz, zuzendaritzako kideen presentzia zeukan. Talde horietaz gainera, kanpoko konpainia batzuen laguntza teknikoa jaso zuten, alderdi tekniko eta negozioari lotutako alderdiak zehaztu eta finkatzeko.

Hortaz, Euskadik Europako Batzordeak ezarritako zuzentarauak beteko ditu, Europan ibilgailu elektrikoa datorren hamarkadarako higikortasun aukera arrazionalago gisa proposatzen baita. Gaur sinatu den akordioak euskal automobilgintzaren sektoreari bultzada bat emango dio. Gasteizko MERCEDESen lantegia da ibilgailu horiek fabrikatzen dituena; Euskal Autonomia Erkidego osoan ibilgailu elektrikoaren mugikortasuna bermatzen du eta zirkulazioko ibilgailuen masa kritiko bat sortzen du, merkatuko haustura puntua aurreratzeko helburuarekin.

Zentzu horretan, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Turismo eta Merkataritza sailburuak Euskadin 2020rako gutxi gorabehera 41.000 ibilgailu elektriko eta 2030ean 226.000 egongo direla agertu du, baita esparru pribatuan merkatuko % 15 eta 30 bitarteko kuota eta esparru publikoa % 25 eta 50 bitartekoa lortuko duela ere.

EEEk eta REPSOLek eratutako sozietate berria

IBIL, ibilgailu elektrikoa kargatzeko kudeatzailea, S.A. izena izango duen sozietate berrian partaidetza EEEren eta REPSOLen esku egongo da, partaidetza berarekin, %50na. Egoitza Bilbon izango du eta sistema elektrikoaren karga kudeatzaile moduan jardungo du, Sektore Elektrikoaren Legean eragile edo figura horretaz egiten den definizioaren arabera. Sozietatearen xedea da Euskadin ibilgailu elektrikoak birkargatzeko azpiegitura abian jartzea eremu publikoan eta pribatuan eta hari lotutako zerbitzuak (elektrizitatea eta balio erantsia) eskaintzea. Euskadin lider izateko asmoz eratu da sozietatea, arlo publikoan birkargatzeko gune kopuruari dagokionez, eta ibilgailu elektrikoak birkargatzeko teknologien inguruan erreferente teknologikoa izan nahi du Estatuko merkatuan.

Sozietate berria 2010ean hasiko da lanean, eta aurreikuspenen arabera, urtea amaitu aurretik, birkargatzeko gune pilotu batzuk jarriko dira. Nolanahi ere, sarearen hedapenari 2011n ekingo zaio. Hori horrela, 2011. urtean, 85 gune jarriko direla espero da, eta hurrengo urteetan nabarmen gehituko da birkargatzeko gune kopurua: 7.000 eta 13.000 gune artean 2020 urterako eta 70.000 inguru 2030 urterako.

Aurreikusitako plangintzaren arabera, elektrizitatez hornitzeko lehen guneak honako leku hauetan jarriko dira:

-    EAEko hiru hiriburuetako kaleetan eta parking publikoetan.

-    Merkataritza-guneetako parkingetan.

-    Garraio publikoaren geltokietako disuasio parkingetan.

-    Aparkaleku partikularretan eta enpresen ibilgailuen aparkalekuetan.

-    Errepideetako leku batzuetan, ibilgailu elektrikoaren erabiltzailea lasaitasunez ibil dadin, bateria deskargatuz gero, birkargatzeko aukera izango duela bermatzeko. Leku horiek errepide nagusietan eta gasolindegietan izango dira.

IBIL sozietatea eraketaren bidez, ibilgailu elektrikoaren inguruko jarduera sustatu nahi da; betiere, errentagarritasun ekonomiko egokia eta oso kopuru handiko zabalkundea epea luzean lortuko dela jakitun izanik. Hain zuzen ere, faktore horiek dira ekimen pribatuari atzera eragiten diotenak horrelako ekimenetan. IBILen helburua da ibilgailu elektrikoaren erabilera bermatzea EAE osoan zehar eta energia eta elektronika alorrean diharduten euskal enpresei aukera ematea merkatu berri horretan sartzeko.

Euskadin ibilgailu elektrikoa sartzeko eszenatokia

IBILen negozio plana ibilgailu elektrikoa sustatzeko estrategiaren barruan dago, eta definitutako estrategia horren arabera, zirkulazioan izango den ibilgailu elektrikoaren kopurua mailaka eta ezari-ezarian joango da gehitzen. Hala, 2020. urteari begira, matrikulatuko diren automobilen %10 ibilgailu elektrikoak izatea da ezarritako helburua. Helburu hori nekez lor daiteke, baldin eta ibilgailu elektrikoaren erabiltzailea izan litekeenak pentsatzen badu bere ingurune hurbilean baino ezin dela ibili, hau da, distantzia luzeak egiteko beharrezkoak diren birkargatzeko guneak eskura ez baditu. Horrexegatik, hain zuzen ere, datozen urteetan, ibilgailuak saltzeari bainoago, birkargatzeko guneak jartzeari eman behar zaio lehentasuna. Era horretan, ibilgailu elektrikoaren erabiltzaileen artean segurtasun ezaren sentsazioa saihestuko da eta horrelako ibilgailuak erostera gero eta jende gehiago animatuko da.

Karga mota bakoitza (geldia, erdi-arina eta arina) abian jartzeko aurreikusten den egutegia eta horietako bakoitzari dagokion kokalekua ondoko irudian ikus daitezke. Gainera, karga erdi-arina eta arinari lotutako guneak jartzeko aurreikusitako datak aurreratu nahian, sozietate berriak proiektu pilotu batzuk martxan jartzeko asmoaren erakusle den informazioa jasotzen da irudi horretan.

2 iruzkin
  • @DonostiakoUdala
    2010.eko urriak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: EVE Y REPSOL instalarán 85 puntos de recarga de vehículos eléctricos en 2011. http://bit.ly/cwAAwn

  • @Ayto_SS
    2010.eko urriak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: EVE Y REPSOL instalarán 85 puntos de recarga de vehículos eléctricos en 2011. http://bit.ly/cwAAwn

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Bernabé Unda sailburua