Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitza Sailak 588 eskaera jaso ditu orain arte azalera-eskubideko etxebizitzen lurzorua eskuratzeko

2010.eko urriak 11

Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriari esker, azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrek jabetza osoa eskuratu ahal izango dute

Etxebizitza Sailak hiru astetan 588 eskaera jaso ditu 75 urterako azalera-eskubideko etxebizitzen titularrengandik. Lurzorua erosteko eskaerak dira, etxebizitzen jabetza osoa eskuratu ahal izateko. Horrela, 75 urte igarota, Jaurlaritzari itzuli beharrik ez da izango.

Hona hemen Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzean gaur arte aurkeztutako eskaerak:

Araban 120 eskaera aurkeztu dira. Horietatik, 68k finantza-laguntzak eskatu dituzte.

Bizkaian 294 eskaera aurkeztu dira. Horietatik, 185k finantza-laguntzak eskatu dituzte.

Gipuzkoan 174 eskaera aurkeztu dira. Horietatik, 94k finantza-laguntzak eskatu dituzte.

Lurzorua erosteko epea irailaren 15ean hasi zen eta azaroaren 15ean amaituko da.

Lurzoruaren salmenta

2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko 11.859 etxebizitza dira, babespekoak eta behin-behineko kalifikazioa dutenak. Beraz, 20 urte igarotakoan, ez dira babespekoak izango eta merkatu librera pasako dira baina azalera-eskubidean, 75 urte bete arte gelditzen denbora bete bitartean.

Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriari esker, azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrek jabetza osoa eskuratu ahal izango dute eta ez dute 75 urtera galduko, betiere etxebizitzen kalifikazio iraunkorra ere eskatzen badute, hau da, babespekoak izango dira aurrerantzean.

Lurzoru horren salmentatik ateratako diruarekin Etxebizitza Sailak alokairu-politikak bultzatuko ditu.

Lurzorua eskuratzeko, eskatzaileen 2009ko zerga-ekitaldiko gehieneko diru-sarrerak honakoak izan beharko dira: erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen edo etxebizitza sozialen titularrenak, gehienez ere 25.000 euro; erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen titularrenak, gehienez ere, 39.000 euro.

Lurzorua erosi nahi dutenei ordaintzeko erraztasunak emango dizkie Jaurlaritzak: 2010eko finantza-esparruaren baitan finantza-entitateekin adostutakoari esker, eta kopuru eta prezioei dagokienean mailegu interesgarriak eskainiko dizkie. Horregatik interesa dutenek epe luzerako eta interes baxuko finantzaketa lortzeko aukera izango dute, eragiketaren eta izapidetze-gastuen % 100 ordaindu ahal izateko.

Argibideak

Prozesua errazteko, Etxebizitza Sailak hitzarmena sinatu du Higiezinen Jabetzako Administratzaileekin, eta hitzarmen horren arabera, administratzaileek hitz eman dute bilerak egingo dituztela jabekideen erkidegoekin zalantzak argitzeko eta, interesdunak nahi izanez gero, gestioak egiteko, eskatzaileei kudeaketa-gastuak kobratu gabe.

Halaber, argibideak jaso ahal izango dituzte lurralde ordezkaritzetan edo Zuzenean zerbitzuan, herritarren arretarako Eusko Jaurlaritzako 012 telefonoan.

Etxebizitzaren aldeko itun soziala

Etxebizitza Sailak 75 erakunde sozial eta ekonomikorekin ekainaren 16an sinatu zuen Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren baitan adostutako ekintzetako bat dugu honako neurri hau.

Neurri horrekin Jaurlaritzak nahi duena da etxebizitza horiek babestutako etxebizitzen parkean jarraitzea, eta hartara, epe luzera interes publikoentzat arazo sakona izan zitekeena ekiditea, azalera-eskubidea iraungi, eta etxebizitza horien titularrak etxebizitza utzi beharrean gertatutakoan.

Etxebizitzak babestutako etxebizitzen parkean jarraitzeak ondorio garrantzitsuak izango ditu prezioen erregulazioan, eta aukera ematen du bigarren eta ondoren eskualdaketetan eskaintza handitzekoa, eta lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak ematen duen berme publikoarekin eta etxebizitza horien funtzio soziala kontrolatuz eta ikuskatuz.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko