Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Maialen Chourraut etxean da jadanik, Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi ondoren

2016.eko abuztuak 16
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Gaur arratsaldean komunikabideen aurrean agertu da Donostian, Cristina Uriarte Kultura sailburua eta BASQUE TEAMeko presidentea ondoan zuela
  • Piraguista gipuzkoarrak 33 urte dituela eta Olinpiar Jokoetan egindako hirugarren parte-hartzean lortu du podiumaren goiko aldera igotzea, Londresen irabazi zuen brontzezko dominaren ondoren

DONOSTIA, 2016ko abuztuak 16.- Maialen Chourraut piraguista etxean dago jadanik, ostegunean Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetako K1 slalomeko urrezko domina irabazi ondoren, eta gaur arratsaldean, lehen prentsaurrekoa eskaini du komunikabideen aurrean. Agerraldian, ondo-ondoan izan ditu Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta BASQUE TEAMeko presidentea, Olatz Legarza fundazioko koordinatzailea eta Xabier Etxaniz entrenatzailea.

Hauxe da euskal kirolak banakako diziplina batean lortu duen lehenengo urrezko domina, José de Amezola pilotariak 1900ean irabazitakoaren ondoren. Euskal kirolariek lortutako gainerako urrezko dominak taldekako kirolei dagozkie: futbola (David Billabona eta Mikel Lasa, Bartzelonako 1992ko Jokoetan), belar-hockeya (Silvia Manrique, Teresa Motos, Maider Telleria eta Nagore Gabellanes, joko berberetan), taldekako gimnasia erritmikoa (Estibaliz Martínez, Lorena Guréndez eta Tania Lamarca, Atlantan 1996an) eta bela (Iker Martínez eta Xabi Fernández, Atenasen 2004an).

Lasarteko palistak, 33 urte dituela, saririk handiena lortu du mundu mailako kirol hitzordurik garrantzitsuenean, Olinpiar Jokoen aurreko bi edizioetan egindako jardun bikaina baztertu gabe: hamaseigarren postua lortu zuen Beijingeko 2008ko Jokoetan eta brontzezko domina Londresko 2012ko Olinpiadan. Bien bitartean, han-hemenka lortutako hainbat sari bildu ditu, hala nola, Bratislavan 2011n jokatutako Munduko Txapelketako brontzezko domina, La Seu d’Urgelleko 2009ko zilarra edota Alemaniako Marklebeerg herrian iaz eskuratu zuen Europako Txapela.

Maialen Chourraut (Lasarte-Oria, 1983) 12 urte zituela hasi zen piraguismoan Atletico San Sebastian klubean. 2000. urtean, debuteko jarduna egin zuen nazioarteko lehiaketan, Bratislavan jokatutako Junior kategoriako Munduko Txapelketan, eta hurrengo urtean, selekzio absolutuko kide bilakatu zen. Harez geroztik, erregulartasunez parte hartu du nazioarteko lehiaketetan, amatasunagatik 2013an egin zuen etenaldian izan ezik.

Rioko urrezko domina abuztuaren 11n eskuratu zuen, Deodoroko Whitewater Stadiumeko ur bizien kanalean jokatutako finalaurrekoetan eta finalean bi jaitsiera ikusgarri egin ondoren. Finalaurrekoan 101,83ko denboraz hirugarren postua lortu ondoren, Chourrautek denbora hori hobetu eta 98,65 egin zuen finalean, aurkari zituen Luuka Jones zeelandaberritarraren zilarrari (101,82ko denboraz) eta Jessica Fox australiarraren brontzeari (102,49ko denboraz) aurrea hartuz. Chourrauten garaipenak aparteko meritua izan du, sailkapen-probetan izandako arazoei erreparatuta: lehen jaitsieraren tarte batean egindako hutsegite baten kariaz, sailkapeneko azken postura egotzi zuten penalizazioa jaso zuen, baina bigarren jaitsieran egindako jardun bikainaz, egoerari buelta ematea lortu zuen.

BASQUE TEAMeko kirolarien behin-behineko balantzea

Maialen Chourrautekin batera, beste 24 euskal kirolari lehiatu dira Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetan. Euskal ordezkaritzak 10 diziplina olinpikotan parte hartuko ndu: atletismoan, eskubaloian, txirrindularitzan, hockeyan, judoan, igeriketan, piraguismoan, errugbian, tiroan eta triatloian. Orain arte, Maialen Chourrauten urrezko dominaz gain, Ander Elosegi piraguistak, Tania Calvo, Ion Izagirre eta Jonathan Castroviejo txirrindulariek, 7ko errugbiko taldeetako euskal kirolariek  (Bárbara Pla, Amaia Erbina eta Ángela Del Pan) eta belar-hockeykoek (María López de Eguilaz eta Rocío Ybarra) lortutako diploma olinpikoek osatzen dute kirolarien parte-hartzearen balantzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Olatz Legarza (Basque Team), Maialen Chourraut eta Xabier Etxaniz