Berriak Segurtasuna

Abuztuaren 17an irekitzen da irailaren 25eko hauteskundeetarako hautagai-zerrendak aurkezteko epea

2016.eko abuztuak 12

Hauteskundeei buruzko informazio guztia: www.hauteskundeak.eus

Irailaren 25eko hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politikoek datorren asteazkenetik, abuztuaren 17tik, aurrera aurkez ditzakete hautagai-zerrendak.Hauteskundeetan parte hartu nahi duten alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek egun horretatik abuztuaren 22ra bitartean bidezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute hiru Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan.   Hautagaien zerrendak abuztuaren 24an emango dira argitara EHAAn, eta, izan daitezkeen irregulartasunak zuzendu ondoren, Batzordeek abuztuaren 29an aldarrikatuko dituzte hautagai-zerrenda ofizialak.

Datorren abuztuaren 17an irekitzen da alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan hautagai-zerrendak aurkezteko epea. Zerrendak aurkezteko epea abuztuaren 22ko 24:00etan amaituko da.

Hautagai-zerrendetako lurralde-ordezkariek edo, hautesle-elkarteen kasuan, hautagai zerrendetako sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte zerrendak. Inskripzioa osatzean, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 50. artikuluak ezartzen dituen datu guztiak jasoarazi beharko dira. Hauek dira, besteak beste:

- Hautagai-zerrendaren izena, siglak eta identifikazio-ikurra –ezin izango dira aldatu hauteskunde-prozesua garatzen ari den bitartean–.

- Hautagaien eta ordezkoen izena eta abizenak, helbide zehatza eta zerrendan izango duten ordena.

- Hautagai-zerrendaren lurralde-ordezkariaren izena eta abizenak, Lurralde Historikoko hiriburuan helbidea duena.

- Hautagai-zerrendaren parte izatea onartzen dutela egiaztatzeko dokumentua, hautagai eta ordezko bakoitzak sinatua, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan zerrenda bakarrean parte hartzen duela eta gainerako hautagarritasun-eskakizunak betetzen dituela aitortzeko adierazpen formala.

- Hautagaia indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-erroldan inskribatuta dagoen egiaztagiria.

Hautagai-zerrenda bakoitzean hogeita bost pertsona

Hautagai-zerrenda hogeita bost hauteslek osatuko dute Lurralde Historiko bakoitzeko eta, gainera, hautagai-zerrendak hiru eta bost ordezko artean izan beharko ditu. Horri dagokionez, aditzera eman behar da hautagai-zerrendetako kideen % 50, gutxienez, emakumezkoak izango direla eta baldintza hori betetzen duten hautagai-zerrendak soilik aldarrikatuko direla, 2005eko martxoko berdintasunari buruzko Legeari jarraituta. Zehazki proportzio horri eutsiko zaio hautagaien eta ordezkoen zerrendaren osotasunean eta sei gizonezkoko tarte bakoitzean.

Abuztuaren 25aren eta 26aren artean, Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek hauteman dituzten edo salatu dituzten irregulartasunak jakinaraziko dizkiete hautagai-zerrendetako ordezkariei –bezperan EHAAn argitara eman diren hautagai-zerrendatako ordezkariei hain zuzen ere–. Irregulartasun horiek abuztuaren 27an eta 28an zuzendu ahal izango dira. Abuztuaren 29an, Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek hautagai-zerrendak aldarrikatuko dituzte. Zerrendak hurrengo eguneko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara.

Hautagai-zerrendak aurkezteko inprimakiak www.hauteskundeak.eus web-orritik behera kargatu ahal izango dira. Inprimaki horiek elektronikoak dira, nork berak betetzeko moduak eta bide telematikoz editagarriak. Hartara, papera aurreztuko da eta tramitazio-prozesua arinduko da.

www.hauteskundeak.eus

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak joan den abuztuaren 2tik –hau da, deialdiaren dekretua EHAAn argitara eman zen egunetik– abian du www.hauteskundeak.eus web-gunea. Web-gune horretan jasotzen da irailaren 25eko hauteskunde-prozesuari buruzko informazio guztia.

Atariak informazio-bolumen handia eskainiko du prozesuaren kronologiari buruz, prozesua garatuko den legezko esparruari buruz, bozkatzeko prozedurari buruz eta posta bidez bozkatzeko prozedurari buruz; bertan jasoko dira, halaber, hautetsientzako eta hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonentzako gidak, galde-erantzunak, inprimaki elektronikoak eta abar. Barnean hartzen diren urratsez urratseko gidek modu atseginean eta grafikoan argituko dituzte bozkatzeko unean sor daitezkeen prozedurazko zalantzak.

Web-guneak, era berean,  @hauteskundeak Twitter-eko kontuan inskribatzeko aukera eskaintzen du. Izatez, bide horretatik ia denbora errealean jasoko dira hauteskunde-prozesuarekin lotzen diren albisteak. Horrez gain, 012 hauteskunde-telefonoaren publizitatea ere egingo da, bertan kontsulta pertsonalizatuak egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko