Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Biescaseko kanpinean hildakoak oroitzeko egintzan hartu du parte

2016.eko abuztuak 07

1996ko tragediako laurogeita zazpi hildakoetatik hamahiru Euskal Autonomia Erkidegokoak ziren

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak gaur arratsaldean parte hartu du Biescasen (Huesca) duela hogei urte –1996ko abuztuaren 7an– izandako tragediaren hildakoak oroitzeko egintzetan. Herri horretako kanpina suntsitu zuen uholdeak eragindako  laurogeita zazpi hildakoetatik hamahiru Euskal Autonomia Erkidegokoak ziren. Biktimak oroitzeko, Biescaseko Udalak memoriaren parkea sortu du eta monolito bat altxa du tragedia gertatu zen lekuan.

1996ko abuztuaren 7an uholde bortitz batek Biescaseko “Las Nieves” kanpina suntsitu zuen. Laurogeita zazpi pertsona hil zituen eta beste berrehun zauritu. Gaur, hogei urte geroago, herri horretako Udalak omenaldia egin die guztiei, eta “Memorial del Camping Las Nieves” parkea inauguratu du. Ezbeharra gertatu zen lekuan bertan dagoen parkean biktimak oroitzeko eta tragediaren ondoren izandako elkartasuna eskertzeko monolitoa altxa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza

Omenaldian hildakoen familiakoak eta hurbilekoak izan dira, baita erreskate-lanetan parte hartu zuten boluntarioak eta larrialdi-zerbitzuetako kideak ere. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak hartu du parte omenaldian, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan, eta berarekin izan dira gure Erkidegotik hurbildu diren hildakoen familiakoak eta biktimak.

“Urte osoan pertsona ugari hurbiltzen da Euskal Herritik Huescako Pirinioetara bertako naturaz gozatzeko. Gaur, egokia iruditu zaigu Biescaseko Udalaren gonbidapena onartzea eta eskertzea, eta 1996ko abuztuan Las Nieves kanpina txikitu zuen uholdearen biktimak oroitzeko eta omentzeko antolatu diren egintzekin bat egitea” adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasunaren arloko arduradunak.

“Gu bertan izanik, tragedia horretako biktimekin eta familiakoekin bat egiteaz gain, Biescas herriaren elkartasuna eta duela hogei urteko erreskate-lanetan parte hartu zutenen elkartasuna aitortu eta eskertu nahi izan dugu”.

Sailburuarekin, Euskal Larrialdi Zerbitzuko, Ertzaintzaren Txakur Unitateko eta Ertzaintzaren Mendi Erreskateko teknikari batzuk joan dira Biescas-era.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2016.eko abuztuak 08

    Comentario de Twitter:
    La consejera de Seguridad participa en los actos de recuerdo a quienes fallecieron en el camping de Biescas... https://t.co/Oy2T0OqQiB

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)