Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Gaur, ETSk Magdalena-Alaba Jenerala-Independentzia zatiaren berzolatzea eta Legebiltzarreko diagonal bikoitzaren instalazioa hasiko ditu

2016-08-10

•          Lanen ondorioz, tranbien zirkulazioa eten egingo da Antxo Azkarra eta Angulema artean, abuztuaren 10etik 31ra arte

•          Bi esku-hartze horiek 1,2 milioi euroko aurrekontua dute guztira

 

ETSk -Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailaren mendeko erakunde publikoa- Gasteizko tranbiaren ibilbidea hartzen duten kaletako berzolatze-lanak hasiko ditu, Magdalena eta Independentzia artean. Halaber, diagonal bikoitza instalatuko du Becerro de Bengoa kalean, Legebiltzarretik gertu, tranbien noranzkoa Lakuarantz eta Abetxukorantz aldatu ahal izateko jaien edo bestelako hiritar-jardueren ondorioz erdigunea itxita dagoen egunetan.

 

Bi lanek 1,2 milioi euroko aurrekontua izango dute guztira, abuztuaren 10a eta 31 bitartean (biak barne) gauzatuko dira eta tranbien eta ibilgailuen zirkulazioa osotasunean etengo dute kaltetutako kaletan.

 

“Andre Maria Zuriaren jaiak eta gero, trafiko eta kale-jarduera txikiagoa duten abuztuko egunak aprobetxatuko ditugu Gasteizko tranbiak oso beharrezkoak dituen zenbait hobekuntza egiteko. Alaba Jenerala kaleko zorua, bereziki, oso kaltetua dago autobusen igarotzearen ondorioz", azaldu du Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuorde Antonio Aizek. “Bretelle edo “diagonal bikoitzari” dagokionez, zirkulazioaren noranzko-aldaketa da, Antxo Azkarra kalean dagoena bezalakoa; diagonal berria jarriko dugu Legebiltzarretik gertu, biztanleria erdigunetik ahalik eta gertuen uzteko jaien, kirol- edo hiritar-jardueren ondorioz Dato kalea itxita dagoen egunetan".

 

Bretelle edo diagonal bikoitza Becerro de Bengoa kalearekiko paralelo dagoen inguruan instalatuko da. Kaltetutako zorua berzolatzeko lanei dagokienean, aipatu esku-hartzea Magdalena kalea eta Independentzia kalea (Bakea kalearekin duen bidegurutzean) artean egingo da.

 

Ibilgailuen zirkulazioa zamalanetarako zehaztutako eremuetan eta Independentzia eta Alaba Jenerala kaletako garajetara/tatik sartu-irteteko baimenduko da. Seinaledun gizonen bidez arautuko dira sarrera-irteerak. Trafikoan egindako aldaketek Tuvisako autobusei eragingo diete ere, lanak hartuko dituzten kaleak zeharkatzen dituzten lineen ibilbidea aldatuko baita.

 

Magdalena-Independentzia berzolatzea

“Plataformaren egoera eta egungo materialen narriatzea ikusita, irtenbide iraunkorra bilatu da plataforma berritzeko. Honela, zoladura zurrunaren ordez (inprimatutako hormigoia), asfaltozko aglomeratuan oinarritutako eta akabera landua duen zoladura malgu bat jarriko da ibilbide guztian zehar, Magdalena kaletik Independentzia kalearen amaieraraino (Bakea kalearekin duen bidegurutzea)”, azaldu du Antonio Aizek.

 

Berritze horri esker, kaletako materialek portaera hobeagoa izango dute, bidearen zoladurak balio-bizitza luzeagoa izango du eta zatiaren mantentzea errazagoa izango da.  Zabalerari dagokionean, berrituko den zatia tranbiaren ibilbidea zehazten duten bereizleen -mutiloien- artean dagoena da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)