Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euro inguru eman dizkie larrialdi eta ekintza humanitarioetarako proiektuei

2016.eko abuztuak 10
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Onartutako proiektuak Palestinako, Saharako, Kenyako, Etiopiako, Kongoko Errepublika Demokratikoko, Haitiko, Kolonbiako, Venezuelako, Ekuadorreko eta Guatemalako biztanleei laguntzeko dira.

Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, onartu du Euskadiko hainbat GGKEi laguntzak ematea ekintza humanitarioetarako proiektuak gara ditzaten munduko hainbat tokitan. Zehazki, GLEAk ia banatuta ditu aurten laguntza horietarako aurreikusitako 3,2 milioiak. Laguntza horien deialdia joan zen maiatzean egin zen bere bi modalitateetan:  

  • Bat finantzaketa iraunkorreko lerroa da, urte osoan edo funtsak agortu arte irekita egoten dena eta 1,2 milioi esleituta dituena. Lerro honek barne hartzen ditu hondamendiek edo krisiak kalteturiko pertsonak erreskatatzeko eta arropak, edateko ura, elikagaiak eta osasun-laguntza emateko larrialdietarako proiektuak. Lerro honetan sartzen dira, era berean, hondamendietarako prestatzeko edo horiei aurrea hartzeko, hondamendien ondorioak arintzeko eta birgaitze-jardueretarako eta bakea ezartzeko eta giza eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa babesteko diren ekintza humanitarioetarako proiektuak ere.
  • Eta bestea ekintza humanitarioetarako esparru-estrategien lerroa da, lehia-prozedura bidez esleitzen dena eta 2 milioi euro izendatuta dituena. Esparru-estrategien bidez ahaztutako krisietan laguntzen dute arlo humanitarioan espezializatutako organizazioek. Ekintza hauek iraupen luzeagoa eta aurrekontu handiagoa izaten dute, eta estaldura txikiagoa duten eta, ondorioz, hedadura zabalagoko eta inpaktu handiagoko erantzuna behar duten krisiek kaltetutako biztanleei laguntzeko dira.

Lehenengo modalitateari dagokionez (finantzaketa iraunkorreko lerroko larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako proiektuak), Eusko Jaurlaritzaren laguntzak guztira 7 proiektutara joango dira, zehazki Euskadiko honako GGKE hauek aurkeztutakoetara:

  • Mundu Bakean Elkartearen proiektua, Giganten (Guatemala) lehorte luze batek kaltetutako landako komunitateetako 300 familia laborariri elikagaiak eta laguntza humanitarioa emateko.
  • Mundu Bakean Elkartearen proiektua, Sayaxché herrian (Guatemala) uholdeen ondorioz hondamendi-egoeran dauden 10 komunitateri ekipoak eta intsumoak hornitzeko eta hondamendien aurrean etorkizunera begira arrisku guztiak kudeatzen laguntzeko baldintzak sortzeko.
  • SAEDen Arabako Lagunen Elkartearen proiektua, Tindufeko (Aljeria) kanpamendu sahararretan agentzia humanitario handien banaketen ezegonkortasuna osatzeko Saharako Ilargi Erdi Gorriaren elikagai-stocka indartzeko. 
  • Coopera-Garapenerako Lankidetza erakundearen proiektua, Kongoko Errepublika Demokratikoan (RDC) Sexu Indarkeriaren Biktima Adingabeak Artatzeko Programarako, 90 adingabe fisikoki eta psikologikoki sendatu daitezen eta eguneroko bizitzara itzul daitezen. 
  • Paz con Dignidad elkartearen proiektua, Gazako Zerrendako 16.800 palestinarri, bereziki iraupen luzeko errefuxiatuei, Israelen eraso militarren biktimei, emakumeei eta haurrei kalitatezko osasun-laguntza, lehen mailakoa eta bigarren mailakoa (otorrinolaringologia eta odontologia) ziurtatzeko.
  • Farmacéuticos Mundi erakundearen proiektua, Nairobiko biztanleria errefuxiatuari laguntzeko eta Pumwaniko (Kenya) asentamentuan bereziki emakumeen eta haurren osasun-arreta indartzeko.
  • Ayuda en Acción erakundearen proiektua, Tigrayko (Etiopia) familia buru diren emakumeei ekoizpen-independentzia berreskuratzen laguntzeko lehorteen ondorioz uztak galdu ondoren.

Gainera, eta bigarren laguntza-modalitateari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak Ekintza Humanitarioetarako hiru esparru-estrategia abian jartzen lagunduko du.

  • Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) esparru-estrategia, ahalduntze-estrategiak abian jartzeko, Gazan (Palestina) emakumeen urrakortasuna murrizteari eta emakumeen eta seme-alaben aurkako indarkeria fisiko, sexual, ekonomiko eta psikologikoari aurrea hartzeari begira.
  • Alboan Fundazioaren esparru-estrategia, une hauetan Kolonbian eta Venezuelarekin eta Ekuadorrekin muga egiten duen lekuetan dagoen giza mugimendu behartuaren testuinguru konplexuari aurre egiteko, desplazatu- eta errefuxiatu-egoeran dauden pertsonak babestuz eta prebentzioaren, integrazioaren eta eraginaren bitartez.
  • Solidaridad Internacional-Nazioarteko Elkartasunaren esparru-estrategia, Haiti hego-ekialdean bata bestearen atzetik izandako lehorteek areagotutako mehatxu-egoeran bizi diren landako komunitateen erresilientzia indartzeko.

Laguntza hauek jasotzen dituzten erakunde guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lankidetza-eragileak dira.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)