Berriak Osasuna
Eu

Arabako Unibertsitate Ospitaleko kanpo kontsultek 1,7 milioiko kopurua gainditu dute, 2013. urtearen amaieran ateak zabaldu zituenetik

2016.eko uztailak 29

 Egunero 3.000 paziente inguru hurbiltzen dira espezialitate diferentetako Arabako ESIren kanpo-kontsultetatik pasatzeko eta/edo azterketa osagarriren bat egiteko. Kopuru horrek hasieran egindako kalkuluak gainditzen ditu

 

Arabako ESIren Kanpo Kontsulten eraikina 2013ko ekainean hasi ziren erabiltzen Laborategi Bateratuaren bitartez. Azaroan espezialitateen kontsultak zabaldu zituzten, eta 2014ko apirilerako jada erabat martxan zeuden AUOk eskaintzen dituen laguntza-zerbitzu guztiak.

Ordutik –2013ko azaroa– aurtengo ekainera arte, 1,7 milioi kontsulta baino gehiago egin dira. Kontsulten kopurua urtez urte hazi egin da mediku-kontsultak, erizaintza-kontsultak eta AUOren Kanpo Kontsulten azterketa osagarriak egiteko 240 lokaletan.

Zehazki, espezialitate diferentetan 1.086.926 kontsulta eta erizaintzan 215.276 kontsulta egin dira. Kopuru horiei, egindako ia 440.000 azterketa osagarri gehitu behar zaizkie.

Azterketa osagarriei dagokienean, lan asko egin da. Eraikina zabaldu zenetik 438.820 azterketa egin dira; hilean 19.000 azterketa egitera heldu dira. 2014ko datuekin alderatuz, azterketa osagarrien kopurua (laborategiari dagokion zatia kontuan hartu gabe) % 36 hazi zen iaz.

Kopuru horien arabera, osasun-arazoen tratamendu anbulatorioekin lotutako gaiei lotuta, egunero 3.000 paziente inguru joaten dira AUOren Kanpo Kontsultetara; 2016ko zenbait hilabetetan 3.300 kontsulta egitera ere heldu dira.

Espezialitateen arabera –guztira 29–, kontsulta gehien  erregistratu dutenen artean hauek daude: traumatologia, guztira 136.616 kontsulta; urologia (86.245); oftalmologia (73.308); alergologia (62.727); digestio-aparatua (61.913); endokrinologia (58.900); dermatologia (58.550); ginekologia eta obstetrizia (56.163).

Astelehenetik ostegunera 8:00etatik 20:00ak arte, eta ostiraletan 15:00ak arte zabalik dauden AUOren Kanpo Kontsulten eraikina modernoa eta oso funtzionala da, eta goi mailako zerbitzu teknologikoak ditu. Gainera, estrategikoki kokatua eta ondo komunikatua dago; halaber, erreferentziako populazio gisa (Araba osoa, Aiarako eskualdea izan ezik, eta, espezialitate batzuetarako Debagoiena barne hartzen du) dituen 320.000 pertsonei arreta erosoa emateko pentsatutako espazio zabaleko instalazioak ditu.

AUOren Kanpo Kontsulten eraikinak mugimendu handia izan arren, pazienteak bideratzeko zirkuituei esker –informatikoki automatizatuak–, eraikinaren laguntza emateko arloetan ia ez da kolapsorik gertatzen.

Laguntza emateko arloaz gain, eraikinean beste zerbitzu batzuk eskaintzen dira, bai ikerketa mailan –ikerketari lotutako kontsulta espezifikoak egiten dira–, bai irakaskuntza mailan –prestatzen ari den pertsonalari lotua, zein eraikinean lanean ari den pertsonalaren etengabeko prestakuntzari lotua–.

 

Arabako Laborategi Bateratua

Bestalde, Kanpo Kontsulten eraikineko zortzigarren solairuan kokatuta dagoen Araba ESIren barruko Kudeaketa Klinikoaren Unitateko (KKU) Laborategi Nagusi modernoak 12.506.139 azterketa egin ditu azken bi urte eta erdi hauetan. Arabako laborategi bateratuari –premiazkoa ez den jarduera elkartzen du eta 4 laborategi bildu zituen– eta bertan aurkitzen dugun abangoardiako teknologiari esker, zerbitzua asko hobetu da. Ondorioz, bertan egiten diren azterketak azkarragoak eta seguruagoak dira. Azterketa horiek, barrutik lan egiten duen osasun-arretaren oinarrizko ardatza osatzen dute.  

Jesús Larrañaga Arabako ESIren zuzendari kudeatzaileak azpimarratzen duen bezala, AUOren Kanpo Kontsultak –pazienteek oso ondo baloratzen dituzte– erreferentzia-toki bihurtu dira. Bertan, espezialista onenek arreta eskaintzen diete arabarrei espazio zabal, funtzional eta erosotan, eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko aukera ematen duen teknologia modernoarekin.

Jesus Larrañagaren hitzetan, Arabako laguntza espezializatuaren arloan aldaketa garrantzitsua eta onuragarria ekarri du, eta Arabako Unibertsitate Ospitalearen bitartez Arabako osasun-antolakuntzan burutzen ari diren eraldaketa sakonaren barruan kokatzen da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 29a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Jesús Larrañaga Arabako ESIren zuzendari kudeatzailea