
Eusko Jaurlaritzak eta SIGNUM fundazioak auzitegi barruko bitartekaritza zibileko esperientzia pilotu bat egiteko hitzarmen bat sinatu dute Donostian
- Irailetik aurrera egingo da Lehen Auzialdiko 2. Epaitegian eta 44 gatazka arte ebatziko ditu kontratuak, herentziak, tutoretzak, kaudimengabeziak, ezkontza-ondarea, etab. ez betetzeari buruz.
- Eusko Jaurlaritzak abian jartzen du zerbitzu berri, publiko eta doako hau, esparru penal eta familiarretan finkatuta dauden auzitegiko bitartekaritzaren arrakasta-maila nabarmena ikusirik.
- Auzitegi barruko bitartekaritza lagungarria da justizia moderno eta eraginkorragoa eraikitzeko, denbora eta kostuak aurrezten dituena eta soluzio hobeak lortzen dituena gatazkan dauden aldeentzat.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Administrazio Publiko eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Gatazkak Konpontzeko Metodo Alternatiboen SIGNUM Fundazioaren nagusi eta lehendakariorde Fernando Rodríguez Prietok lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur, abian jarriko duena, Donostiako epaitegi batean, auzitegi barruko bitartekaritzako esperientzia pilotu bat, oraindik ezarri gabe zegoen esparru zibileko gai guztietan.
Zehazki, programa pilotu hau irailean jarriko da abian Donostiako Lehen Auzialdiko 2. Epaitegian, eta bitartekaritzara bideratu ahal izango dira eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten auzi guztiak, gai hauekin zerikusia dutenak:
Kontratu-betebeharren betetze akastuna edo ez-betetzea.
Kantitate-erreklamazioak.
Aseguruak.
Oinordetza edo herentziako gatazkak.
Ezkontzaren araubide ekonomikoa likidatzeko ondare-alderdiak, elikagaiak ahaideen artean.
Tutoretzen kudeaketa.
Erantzukizun zibila.
Kaudimengabeziak.
Ohore, intimitate edo norberaren irudirako eskubidea.
Higiezinen esparrua (salerosketak, hipotekak, maileguak, errentamenduak, jabetza horizontala, auzo-harremanak, zortasunak, mugaketak eta ondasun-erkidegoak).
Hitzarmen honek 25.800 euro eskaseko inbertsioa beharko du Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Esperientzia pilotua 2016ko abenduaren 31n amaituko da eta kalkulatzen denez, denbora horretan zehar, 44 auzi arte bideratu ahal izango dira bitartekaritzara. Une horretatik aurrera, eta emaitzak aztertutakoan, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu berri hau, pixkanaka, Euskadiko gainerako epaitegi-barrutietara zabaltzea nahi du.
AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZA: ARRAKASTA ETA BALIABIDEEN ARRAZIONALIZAZIOA
Eusko Jaurlaritzak auzitegi barruko bitartekaritza-zerbitzu finkatuak ditu justizia penaleko (gazte eta helduena) eta familiarreko (dibortzioak, zaintzak, etab.) esparruetan. Zerbitzu publiko eta doakoa da, batzuetan luzea eta garestia den prozesu judizialaren ordez gatazkak konpontzeko aukera ematen duena. Emaitzan duen arrakasta-maila nabarmena da: kasuen % 70 adostutako soluzio batekin ixten dira. Adin txikikoen justiziaren kasuan, arrakastaren ehunekoa % 86,70erainokoa da.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Administrazio Publiko eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak adierazi duen bezala, Eusko Jaurlaritzak zigor-justizia hutsa baino justizia modernoagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko apustua egiten du. Hori egiteko formuletako bat da auzitegi barruko bitartekaritza, gatazkak konpontzeko tresna bat, prozesu judizialaren ordez zein modu osagarrian aldeentzat hobeak diren soluzio adostuetara iristen dela frogatu duena. Gainera, tresna garrantzitsua da baliabide publikoak arrazionalizatzeko. Izan ere, denbora eta kostuak aurrezteak lan-karga kentzen die organo judizialei, justizia-administrazioa arintzen du, etab.
Euskadin finkatuta dauden auzitegi barruko bitartekaritza-zerbitzu hauen arrakasta-maila ikusirik, Eusko Jaurlaritzak aurrera egitea erabaki du orain zerbitzuak beste jurisdikzio-ordena batzuetan ezartzen.
EUSKADI, AITZINDARI AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZAN
Eusko Jaurlaritza aitzindari izan zen Estatuan bitartekaritza-zerbitzuak epaitegietan ezartzen. Lehen zerbitzuak 2007an sortu ziren eta, harrezkero, hainbeste hazi dira, Euskadi Estatuko buru jarri da konpontzeko bitartekaritzara bideratutako gatazka judizialen kopuruan: Estatuan konpontzeko bitartekaritza-formularen bidez bideratzen diren 10 kasutatik 6 Euskadin erregistratzen dira.
Horrela, Euskadin, “Auzitegi barruko Bitartekaritza Zerbitzua” oso ezarrita dago esparru penal eta familiarrean, eta % 70 inguruko arrakasta-maila du bitartekaritza bidez itxitako 1.462 kasuetan.
HELDUEN PENALA:2015eko datuek frogatzen dute prozedura honen arrakasta oso altua dela. Hona ondorio nagusiak:
- 2015ean bitartekaritza-formularen bidez itxitako 825 kasu izan ziren, eta horietatik % 77,6 aldeen arteko akordio bidez izan ziren.
- Itxitako kasu kopuru handiena Bizkaian izan zen, % 61,8.
- Esparru penalean bitartekaritza-kasuetan parte hartzen duten pertsona gehienak gizonezkoak dira, % 60,4.
- Kasuen % 13an elkar-salaketa izan da.
- Bitartekaritzara bideratutako kasu gehienak falta-delituengatik sortzen dira: % 67,23.
- Akordiorik ez dagoen kasu bakanagoetan, % 22,55ean, arrazoi nagusia da aldeak ez direla mugitzen beren hasierako jarreretatik edo parte hartzen duen pertsonaren batek bitartekaritza utzi nahi duela.
ADIN TXIKIKOEN PENALA/GAZTEEN JUSTIZIA:2015eko datuen arabera, gazteen justiziaren esparruko auzitegi barruko bitartekaritza-prozesuen % 86,7 eraginpeko aldeen arteko akordioarekin amaitzen dira eta, beraz, egindako kaltearen kontzientzia hartuta, biktimak erreparatuta eta heziketa-zentroan sartu behar izan gabe. 2015ean 385 kasu itxi ziren bitartekaritza bidez, eta horietatik 334 akordioarekin amaitu ziren
FAMILIARRA: Familia-esparruko auzitegi barruko bitartekaritza-kasuan (dibortzioak, banantzeak, zaintza-gatazkak, etab., beti adin txikiko seme-alabak zaintzeko izanik), arrakastaren ehunekoa txikiagoa da bitartekaritza-prozesuetan, kasu gehienetan afektibitate-harremana izan delako aldeen artean. Hona 2015eko balantzearen ondorio nagusiak:
- 2015ean bitartekaritza-formularen bidez itxitako 248 kasu izan ziren, eta horietatik % 42,3 aldeen arteko akordio bidez izan ziren.
- Itxitako kasu kopuru handiena Bizkaian izan zen, % 60, eta gainera arrakasta-ehuneko handiena duen lurraldea da: % 45,6.
- Dibortzioa da arrazoi nagusia Euskadiko auzitegi barruko bitartekaritza familiarrean, % 34.
- Ez dago alde adierazgarririk bitartekaritza-prozesuetan parte hartzen duten emakume eta gizonen artean.