Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Uriarte Sailburuak Lekeitioko Auzolandegia bisitatu du

2016.eko uztailak 28

Estatuko hainbat lekutako hamazazpi gazte boluntario zaharren egoitza batean laguntzen ari dira, bertako egoiliarrek uda atseginagoa izan dezaten

 

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak gaur goizean Lekeition (Bizkaia) antolatu den Auzolandegia bisitatu du. Berarekin izan da Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendaria. Zuzenean ezagutu ahal izan dute uztailaren 18tik bertan laguntzen ari diren hamazazpi gazte boluntarioek egiten duten lana.

 

Auzolandegi gehienak ondarea eta ingurugiroa berreskuratzera zuzendu ohi diren arren, Lekeitioko auzolandegi honetan giza helburua duen lana egin nahi izan da. 2000. urtetik, ia berrogei gaztek laguntzen dute urtero Lekeitioko zaharren egoitza bateko adindunek uda-egun desberdinak izan ditzaten. Urte hauetan guztietan, 600 gaztek baino gehiagok lagundu dute Uribarren-Abaroa zaharren egoitzan, Auzolandegiak programaren barruan.

 

Bi txandatan banatuta (uztailaren 18tik abuztuaren 1era eta abuztuaren 1etik abuztuaren 15era), Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gazteak hurbiltzen dira kostaldeko herri horretako Uribarren-Abaroa egoitzara, egoitzarekin elkarlanean jarduteko. Lehen txanda honela osatuta dago:

 

  • Euskadiko 7 gazte.
  • Andaluziako 2 gazte.
  • Aragoiko 2 gazte.
  • Valentziako 2 gazte.
  • Kataluniako gazte 1.
  • Madrilgo gazte 1.
  • Kanarietako gazte 1.
  • Gaztela-Mantxako gazte 1.

 

Bisita horretan, gazte boluntario bakoitzak egoitzan betetzen duen egitekoa azaldu du, eta horietako bakoitzarentzat zeregin solidario hori zer esperientzia izaten ari den adierazi du. Egoitzan bizi direnen egunerokotasunean aldaketak eta hobekuntzak ezartzeaz gain, egoitzan egiten den lanaren helburu nagusia da pertsona horien bizitza alaitzea. Horretarako, askotariko jarduera ugari egiten da: trebetasun motorrak mantentzeko gimnasia, memoria lantzeko dinamikak, jokoak, dantzak edo abestiak, beti egoitzako langileen laguntzarekin.

 

Lanak goizez egiten dituzte, eta arratsaldeetan gazteek aisialdi-programazioaz gozatzen dute. Hain zuzen ere, hori da programaren beste helburuetako bat: laguntzeaz gain, gazte boluntarioek kirol- eta kultura-jarduerez gozatu ahal izatea eta Euskadiko hainbat lekutara irteerak egitea.

 

Auzolandegiak programa

Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak antolatzen duen Auzolandegiak programari 1985. urtean eman zitzaion hasiera. Funtzionatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udalen laguntza du, baita irabazi asmorik gabeko hainbat erakunderen laguntza ere. Gainera, autonomia-erkidego guztiekin eta atzerriko beste erakunde batzuekin modu koordinatuan garatzen den programa da. Hartara, plaza-trukearen bidez, euskal gazteek beste erkidego batzuetan eta atzerrian lan egiteko aukera dute.

Auzolandegietan, jatorri desberdineko gazte talde batek konpromisoa hartzen du proiekzio soziala duen lan-proiektu bat eta jarduera osagarriak denbora-tarte jakin baterako modu boluntarioan eta irabazi asmorik gabe garatzeko. Proiektu hori egitea bitarteko egokia da elkarbizitzaren, tolerantziaren, elkartasunaren, parte-hartzearen eta kultura arteko ikaskuntzaren balioak, besteak beste, sustatzeko.

Auzolandegiak programaren bidez, eta auzolandegia hartzen duen erkidegoaren onurarako lan boluntarioa eginda, hainbat jatorri eta kulturatako gazteen arteko kultura-trukea eta elkarbizitza errazten da. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzarekin elkarlanean diharduen udalean edo erkidegoan eragina izango duen gizarte-proiekzioko lana egingo da.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)