Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Basque Global Network sarea sortu du kanpoan den euskal komunitateko kideak biltzeko

2016.eko uztailak 29
  • Plataforma berriaren helburua da mundu osoko pertsonen arteko konexioak sortzea interes partekatuen sare batean. 
  • Sarea orain dela egun batzuk hasi da funtzionatzen eta 210 kide ditu, gutxienez 20 herrialdetan bizi direnak. 

Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Interneten sortutako Basque Global Network (BGN) izeneko gizarte-sarea aurkeztu du, kanpoan den euskal komunitateko kideak, nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrak eta euskal gaiekin kidetasuna duten pertsonak bertan integratzea helburu duena. Asmoa da euskal gizarte-sare hau adierazitako pertsonen eta euskal erakundeen arteko topagune izatea, eta gai nagusi batekin: Euskadi-Basque Country. 

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Lehendakaritzaren egoitzan Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejok. Proiektu hau abian jartzea jasota dago Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020-Basque Country Estrategian. 

Aipatutako sarea orain dela egun batzuk hasi da funtzionatzen eta 210 kide ditu, gutxienez 20 herrialdetan bizi direnak. 

Marian Elorzak azaldu duenez, Euskaditik kanpora bizi diren euskal herritarrak, edo euskal gaiekin zerikusia dutenak, oso profil ezberdinetakoak dira. Kanpoko euskal komunitatean, besteak beste, ekonomiaren, kulturaren, erakundeen edo hezkuntzaren arloan diharduten pertsonak daude, eta elkarrekin partekatzen duten ideia Euskadi da.  Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren titularrak adierazi du Basque Global Network sareak planetako edozein tokitatik Euskadiko  gaurkotasunarekin lotzeko aukera emango duela. “Sareko kide guztien arteko harremanak ahalbidetuko dituen” erreminta bat da. 

BGNren edukia 

Euskal sare global hau honako hauei zuzenduta dago: jatorriz euskaldunak diren eta Euskaditik kanpora (iraunkorki edo aldi batez) bizi diren pertsonei; nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrei (non bizi diren kontuan hartu gabe); euskal etxeekin lotura duten pertsonei; nazioarteko beste euskal sare birtual batzuetako kideei; eta euskal gaiekin kidetasuna dutenei.  

Plataforma berriaren hizkuntzak izango dira euskara, gaztelania, ingelesa eta fantsesa, nahiz eta ez dagoen beste hizkuntza batzuk erabiltzeko mugarik.   

BGNn bost gai-arlo edo azpisare egongo dira: instituzionala, enpresariala, kulturala, hezkuntzakoa eta garapenerako lankidetzarakoa.  Arlo hauek euskal komunitateak une hauetan nazioarteko esparruan garatzen dituen lan-ildoei dagozkie. Sare honetan parte hartzeko eskaera egin beharko da identifikazio pertsonalarekin, eta eskaera egiten duena bost arlo hauetako bati lotuko zaio. 

Ezberdintasuna da gakoa 

Beste gizarte-sare batzuetan ez bezala, euskal sare global honetako kideek, batetik, harremanetarako sareak edo interes komunen araberako taldeak eratu ahal izango dituzte eta, bestetik, ekitaldiak, egutegiak edo dokumentuak kudeatu eta partekatu ahal izango dituzte. Horrekin lortu nahi da sare hau erabiltzen duten pertsona guztiak ideia eta ezagutzak eskainiko dituzten eragileak izan ahal izatea eta guztiek elkarrekiko loturak sortzea elkarren onerako eta interes partekatuen sare batean. Bestalde, kide bakoitzak sarean nahi duen pribatutasun-maila erabaki ahal izango du. 

Euskal komunitatea munduan 

Eusko Jaularitza urratsak ematen ari da Euskadi gero eta globalagoa den mundu batera egokitzeko. Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020 izenekoak Basque Country proiektuaren izaera “irekia” adierazten du, eta “Basque Country” markak bere baitan batzen ditu Euskadi, Euskal Herria, País Vasco eta kanpoko euskal komunitatea. Erreminta berri honekin bi kontzeptuak jasotzen dira: “basque” eta “globala”. 

Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera gaur egun 84.300 euskaldun daude mundu osoan banatuta. Bestalde, 34.000 pertsona inguru mundu osoko 25 herrialdeetan ezarrita dauden 190 euskal etxeei eta federazioei atxikita daude. Eta, gainera, mundu osoan banatuta jatorriz euskaldunak diren eta euskal gaiekin kidetasuna duten milioka pertsona daude. 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2016.eko abuztuak 04

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak Basque Global Network sarea sortu du kanpoan den euskal komunitateko kideak biltzeko https://t.co/gkjV7V7V5R

  • @gananzia
    2016.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco crea la red Basque Global Network para integrar a la comunidad vasca en el exterior https://t.co/fjw6kYKquA

  • @izasjon
    2016.eko uztailak 29

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Gobierno Vasco crea la red Basque Global Network para integrar a la comunidad vasca en el exterior https://t.co/Q81uYuzoGU

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)