Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Immigrazioaren irudia hobetzeko giro batean Euskal gizarteak jarrera anbibalenteak ditu

2016.eko uztailak 29
  • Atzerriko immigrazioaren fenomenoa eta bertako herritarrek gaiaren inguruan dituzten jarrerak ekonomiaren eta lan-merkatuaren bilakaerari oso lotuak daude.
  • Galdetutako pertsonen % 70 inguruk uste du atzerritarrekin duen harremana ez dela aldatu azken urtean. % 12,5ek uste du harreman hobea duela eta % 14,5ek, berriz, harremanak okerrera egin duela.

Azken urtean atzerritarren immigrazioarekiko jarrerak pixka bat hobetu dira, eta 2007az geroztik eman den tolerantzia-indize altuena erakusten dute, IKUSPEGI Immigrazioaren Euskal Behatokiak egin duen 2016ko Barometroaren arabera. Barometro hau Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da.

Bat-bateko erantzunean, aurreko urteetakoen antzeko kopuruekin, euskal gizartearen % 12,3k uste du kolektibo hau arazo bat dela Euskadirentzat.  

Ingurukoek bezala, euskal gizarteak jarrera anbibalentea erakusten du immigrazioaren fenomenoaren aurrean: asiloa, hezkuntza edo osasuna bezalako gaiak lantzean, irekia eta tolerantea da, baina lanarekin, kulturarekin edo gizarte-babesarekin lotutako gaien inguruan mesfidantza erakusten du.

Angel Toña Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Gorka Moreno Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak, eta Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak gaur Gasteizen aurkeztu duten 2016ko Barometroaren emaitzek anbibalentzia hori berretsi dute. Hala ere, etorkinen kolektiboarekiko jarrerari dagokionean, krisi ekonomikoaren garai beltzenean sumatzen zena baino giro positiboagoa eta baikorragoa ikus daiteke.

Era horretan, immigrazioaren arazoak urteekin gero eta garrantzi txikiagoa du, eta langabeziaren, arazo ekonomikoen edo ustelkeriaren atzetik kokatu da.

Atzerriko immigrazioaren fenomenoa eta bertako herritarrek haren inguruan erakusten dituzten jarrerak ekonomiaren eta lan-merkatuaren bilakaerari oso lotuak daude. Krisia hasi zenetik egiaztatu da, euskal ekonomiaren sektore batzuetan lan egiteko immigrazioa kontuan hartzeko beharra babesten duten pertsonen kopurua murriztu egin dela. Horrela, 2007an ehuneko hori % 72koa zen. 2016an galdetutako pertsonen ia % 40k babesten du proposamen hori.

Atzerritarren etorrerak lana bilatzen ari diren bertakoen aukerak murriztuko dituenaren beldurrak behera egin du atzerapen ekonomikoa txikitzen joan den neurrian. 2016an % 33k pentsatzen du horrela –2008ko mailan–, 2012an, berriz, % 48,2k.

Lan arloko immigrazioa gehiago onartzen da, baldin eta euskal lan-merkatua funtzionala bada. Ideia horrek indarra hartu du, eta krisiaren aurreko parametroetara itzuli da.

Beraz, euskal herritarren iritziz atzerriko herritarrekin duten harremana ez da aldatu azken urtean.  % 70 inguruk horrela pentsatzen du. Era berean, % 12,5en ustez harremana hobetu egin da eta % 14,5en iritziz, berriz, okertu egin da.

Osasuna eta hezkuntza

Zalantzarik gabe, euskal gizarteak etorkinekiko jarrera irekiagoa eta toleranteagoa erakusten du osasunerako, hezkuntzarako edo babeserako eskubideak bezalako gaiak jorratzen direnean. Adibidez, gero eta jende gehiagok (% 78) uste du, eskubide unibertsala den aldetik, atzerritar guztiek hezkuntzarako edo osasunerako eskubidea izan beharko luketela. Krisiaren urteetan kalte handiak jasan zituzten hezkuntza eta arreta sanitarioa dira, euskal gizarteak administrazio-erregularizazioarekin lotzen ez dituen eskubide bakarrak.

Antzeko zerbait gertatzen da babesa edo asiloa eskatzen duten pertsonekin. Errefuxiatuen aldeko jarrerek gora egin dute azken urtean: % 29,5en ustez etorkinak murrizketarik egin gabe hartu behar dira; 2015ean, berriz, % 22,1ek pentsatzen zuen horrela. Murrizketarik gabe sartzeko eskubidea eduki behar dutela diotenen, edo jazarpena jasan dutela frogatu ondoren hartu behar direla diotenen ehunekoak batuz gero, kopurua % 71ra arte igotzen da. Kasu hauetan guztietan azaleratzen da euskal gizartearen alderdi solidarioena.

Aitzitik, integrazio-ereduaren inguruan zalantzak ditu. Adibidez, % 85,4k uste du etorkinek ahaleginak egin behar dituztela bertakoen ohiturak eta tradizioak hartzeko. % 70,7k uste du, erabat onartuak izan daitezen, bertako legeriarekin bat ez datozen euren erlijioaren edo kulturaren alderdiei uko egin behar dietela (2015ean, % 63,9).

2016an asimilazioaren inguruko jarrerak indartu egin dira, hauxe baita immigrazioarekiko jarreretan ziklo-aldaketarik atzeman ez den gai apurretako bat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)