Berriak
Eu

Jonan Fernandezek esan du legea “eduki eta esanahi etiko eta politiko handiko urratsa” dela

2016.eko uztailak 28
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Legea baloratu du.

Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Legeaz egiten duen balorazioaren berri eman du Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, gaur Eusko Legebiltzarrean legea onartu ondoren. Bere adierazpenetan “erabat positiboa” den balorazioa lege hau sortzeko prozesua gidatu duten bost printzipiorekin lotu du.

Printzipio etikoa 

Euskal Exekutiboan bakegintzaren eta bizikidetzaren ardura duenak, lehenik eta behin, nabarmendu nahi izan du “lege hau ez da lehenengo urratsa, eta ez da azkenekoa ere izango; baina eduki etiko eta demokratiko handia duen urratsa da. Gaur finkatuta geratu da orain arte errekonozimendurik jaso ez duten biktimei ordaina emateko Legebiltzar honen borondate subiranoa, euskal gizartearen borondatearen adierazpena dena. Printzipio etikoarekin hartutako konpromiso politiko irmoa adierazten du".

Segurtasun juridikoaren printzipioa

Jonan Fernandezek nabarmendu du “lege hau segurtasun juridiko sendo batean dago oinarrituta. Kualifikazio goreneko aditu inpartzialek akreditatu dute hori Legebiltzar honetan bertan”. Nolanahi ere, gaineratu du orain hasitako bidea “nekeza izango” dela; izan ere, lege honen arazoa ez da bere segurtasun juridikoa, “biktima horiei errekonozimendua eman behar zaiela onartzen ez dutenen borondate politikoa” baizik.

Berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak azpimarratu duenez, “lege hau berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioan oinarritzen da. Biktimei errekonozimendua emateko beste prozesuek izan duten abiapuntu berbera du”. Eta adibide gisa terrorismoaren biktimei ordaina emateko prozesua jarri du, eta esan du “etapaz etapa joan da eraikitzen, ez zen urrats bakarrean eta egun batetik bestera egin. Bidea nekeza, luzea eta graduala izan da. Esparru honetan gauza bera egin behar da. Prozesu baten aurrean gaude, ez ekintza bakarraren aurrean”.

Biktimaren nagusitasun-printzipioa

Laugarrenez, lege hau lantzean jarraitu den eta legearen kudeaketak jarraitu behar duen biktimaren nagusitasun-printzipioari heldu dio. Premisa horretatik abiatuta, Jonan Fernandez indarra bidegabeki erabiliz estatuak eragindako biktimengana zuzendu da eta honako hau esan du: “jakin behar dute gaur Legebiltzarrean lege hau onartzea berez dela haien sufrimendu bidegabeari errekonozimendua eta ordaina emateko ekintza, modu ofizialean eta instituzionalean adierazita”. 

Bizkidetzaren printzipioa

Azkenik, nabarmendu du lege hau onartzea “bizikidetza normalizatzeko prozesuan emandako beste aurrerapauso bat” dela. Eta esan du Bakegintza eta Bizikidetza Planaren bi premisetan oinarritzen dela. Lehenbizi, “giza eskubideen urraketen arloan iraganari buruzko gogoeta kritiko bati aurre egitea, batzuk eta besteak parekatu gabe, konpentsaziorik gabe; baina baita omisiorik gabe ere”. Bigarrenez, eta oinarri horretatik abiatuta, lehentasuna ematea elkarrizketa sozialari, “bizikidetza integratu eta integratzaileari. Horixe da egiten ari garen bidea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau