Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren programa berria Euskal Autonomia Erkidegoan I+G proiektuak eta energia-eraginkortasunekoak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2016-07-27)

2016.eko uztailak 27
  • 200 milioi euroko guztizko inbertsioa aurreikusten du: finantzaketa 150 milioi eurokoa izango litzateke eta gainerako ekarpena eskatzaileen finantzaketa propioaren kargura. 
  • Helburua da industria-enpresen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen inbertsioak eta emaitzak bizkortzen laguntzea. 
  • Finantzatu beharreko gehieneko zenbatekoak ezin izango du 5.000.000 € gainditu. Interes-tasa aldakorra izango da eta gehieneko kostua urtebeterako Euribor gehi % 2,00ko diferentziala

Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketan, garapenean, berrikuntzan, energia-eraginkortasunean eta ekimen zientifiko eta teknologikoetan egiten diren inbertsioei finantza-laguntza emateko programa berri bat abian jartzen duen dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak. 

2014ko abenduan onartutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) esparruan eta Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntzaren alorrean Europaren buruan kokatzeko konpromisoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak programa berri bat abian jarriko du, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan eta energia-eraginkortasuneko neurrietan eta/edo energia berriztagarriak hartzekoetan eta ekimen zientifiko eta ekonomikoetan egiten diren inbertsioei finantza-laguntza emateko. 

Programa horri esker gehienez ere 150 milioi euroko zenbatekoa izango duten maileguak eman ahal izango dira adierazitako esparruetan inbertsio-proiektuak sustatzeko; horrek esan nahi du 200 milioi euroko inbertsioak finantzatuko direla. 

Programa horren onuradun izan daitezke industria-sektoreko eta/edo horri lotutako zerbitzuetako enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak, direla juridikoak, teknologia-zentroak eta ikerketa kooperatiboko zentroak, teknologiaren euskal sareari atxikiak. 

Programa Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko sustatzeko inbertsio-proiektuei zuzentzen zaie, programaren onarpenak ondorioak sortzen dituenetik 2017ko abenduaren 31 arte hasten direnei. 

Kategoria hauetakoak izan beharko dira: 

a) Ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako (I+G+b) proiektuak, bakarka zein lankidetzan egiten direnak. Esparru honetan sar daitezke funtsezko ikerketara zuzendutako proiektuak, direla lan esperimentalak edo teorikoak, industria-ikerketara zuzendutakoak, direla produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzera edo egun daudenak hobetzera bideratuak, eta garapen esperimentalera zuzendutako proiektuak, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak egiteko asmotan. 

b) Energia-eraginkortasun handiagoa lortzera (hots, energia-kontsumoa murriztera bideratuak), energia berriztagarriak hartzera edo fuel-oliozko zein ikatzezko tresneria ordeztera bideratutako neurrietan inbertsioak egiteko proiektuak

c) Izaera zientifikoa eta teknologikoa duten inbertsio-proiektuak, ikerketaren emaitzak balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu bihurtzea helburu dutenak.

Aurkezten diren mailegu-eskabideen ebaluazioa Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakundeek osatuko duten batzorde batek egingo du. Proiektuaren ebaluazio teknikoa egiteko, batzordeak SPRIren laguntza izango du I+G+b inbertsio-proiektuen edo inbertsio zientifiko eta teknologikoen kasuan, eta EEEren laguntza proiektuak energia-eraginkortasunekoak direnean. 

Finantza-erakundeekiko lankidetza-hitzarmena 

Inbertsio-proiektu horiek egiteko finantzaketa baldintza-berdintasunean jarriko dute Finantzen Euskal Institutuak eta programa honetan parte hartzen duten finantza-erakundeek. Horretarako, mailegu-eragiketen ezaugarri nagusiak definituko dituen lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute. 

Ildo horretan, mailegu-eragiketek finantzatu beharreko gehieneko zenbatekoak ezin izango du bost milioi euro (5.000.000 €) gainditu. Interes-tasa aldakorra izango da eta gehieneko kostua urtebeterako Euribor gehi % 2,00ko diferentziala. Eragiketen gehieneko epea 10 urtekoa izango da eta gehienez ere bi urteko gabealdia izango dute aukeran. Ez da komisiorik aplikatuko maileguaren nominalaren gainean. 

Euskal Autonomia Erkidegoko elkar bermatzeko sozietateek parte hartzea aurreikusten da, beren bermearekin maileguen formalizazioari lehentasuna emanez ETE-en milioi bat eurotik beherako inbertsio-proiektuen kasuan. 

Nolanahi ere, inbertsio-proiektuak egiteko ezinbestekoa izango da erakunde eskatzaileek, gutxienez, guztizko inbertsioaren laurdenari (% 25) dagozkion funts propioen ekarpena egitea, programaren finantza-laguntzak —inbertsioaren gainerako % 75ari dagokiona— proiektuaren irispidea edo inbertitutako guztizko zenbatekoa nabarmen handitzeko aukera eman dezan, edo, hala badagokio, hura gauzatzeko erritmoa bizkor dezan. 

Mota horretako inbertsio-proiektuak sustatzera zuzendutako maileguak emateko finantza-laguntzako programak, halaber, Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euroko zuzkidura egin beharra dakar, mailegu-eragiketa horiei bermeak emateko. 

Oro har, programa honen babesean formalizatu ahal izango diren maileguen guztizko zenbatekoa 150 milioi eurokoa izango da. Horrek esan nahi du gutxienez 200 milioi euroko guztizko balioa izango duten inbertsio-proiektuak finantzatuko direla

Finantza-laguntzako programa hau, azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketan, garapenean eta berrikuntzan egindako inbertsioak erakartzeko eta trakzio-proiektu teknologikoak garatzeko lankidetza publiko-pribatuaren beste adierazpide bat da, Eusko Jaurlaritzak espezializazio adimendunean eta ikerketa-, zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren eraginkortasunaren hobekuntzan oinarritutako ikerketa- eta berrikuntza-politikaren alde egindako apustua indartzen duena.

 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Inguralde
    2016.eko irailak 21

    Comentario de Twitter:
    programa berria Euskal Autonomia Erkidegoan I+G proiektuak eta #energia -eraginkortasunekoak finantzatzeko https://t.co/JvapUcxCDi

  • @belazat
    2016.eko uztailak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @FPeuskadi: Nuevo programa del Gobierno Vasco para financiar proyectos de I+D y eficiencia energética en Euskadi (Consejo de... https://

  • @fpbidasoa
    2016.eko uztailak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @FPeuskadi: Nuevo programa del Gobierno Vasco para financiar proyectos de I+D y eficiencia energética en Euskadi (Consejo de... https://

  • @Xabier_Egibide
    2016.eko uztailak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @FPeuskadi: Nuevo programa del Gobierno Vasco para financiar proyectos de I+D y eficiencia energética en Euskadi (Consejo de... https://

  • @FPeuskadi
    2016.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    Nuevo programa del Gobierno Vasco para financiar proyectos de I+D y eficiencia energética en Euskadi (Consejo de... https://t.co/uQANNJwDf2

Komunikabideek behera kargatzeko