Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Jaurlaritzak udaletako gizarte zerbitzuak egiteko lurraldeen artean 7 milioiko funtsa banatzea onartu du (Gobernu Bilera 2016-07-27)

2016.eko uztailak 27

Eusko Jaurlaritzak guztira 7,04 milioi euro banatuko ditu hiru foru-aldundien artean, udaletako gizarte zerbitzu berriak edo gutxi garatuak bultzatzeko. 

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, lurraldeen artean 7,04 milioi euroko funtsa banatzea onartu du. Horri esker, udal-eskumeneko gizarte-zerbitzu egonkortu gabeekin (berriekin edo gutxi garatuekin) lotutako proiektuak bultzatu ahal izango dira, horiek funtsezkoak baitira Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema hedatzeko. 

Erakunde arteko lankidetza finantzariorako formula hori jasota dago Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroa arautzen duen dekretuan (185/2015 Dekretua, urriaren 6koa). Formula horretan ezartzen da funtserako ekarpen finantzarioak –guztira 10 milioi euro 2016an– Eusko Jaurlaritzari eta foru-aldundiei egokituko zaizkiela bakoitzaren koefiziente bertikalaren proportzioan (% 70,04 eta % 29,96) eta koefiziente horizontalaren arabera (Araba % 16,38, Bizkaia % 50,64 eta Gipuzkoa % 32,98). 

Aipatutako formularen arabera, Eusko Jaurlaritzari dagozkion 7,04 milioiak honela banatuko dira: 

Arabako Foru Aldundia:…………………………………..1.153.152 euro

Bizkaiko Foru Aldundia:…………………………………..3.565.056 euro

Gipuzkoako Foru Aldundia:………………………………2.321.792 euro 

Funtsa lurralde historikoen artean banatzeko, koefiziente horizontalak hartuko dira oinarri. Ondoren, foru-aldundi bakoitzak bere lurralde historikoko udalen artean banatuko ditu zenbatekoak, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak onartutako banaketa-irizpideen arabera. Organo horren baitan daude Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL). Organo horrek izango du finantzatutako proiektuen jarraipena egiteko eta, sei hilean behin, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari txosten xehatu bat helarazteko ardura. 

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoan eta prestazioen zorroan jasotako prestazio eta zerbitzuen unibertsalizazioa 2016ko abenduaren 26an jarriko da indarrean, Gizarte Zerbitzuen Legeak ezartzen duenez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko