Berriak Segurtasuna
Eu

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Araudi Orokorra onartu du (Gobernu Bilera 2016-07-27)

2016.eko uztailak 27
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoen Katalogoan barnean hartzen diren joko guztien erregulazioa jaso da testu bateratu batean

 

Estefanía Beltrán de Heredia Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluari gaur aurkeztu dion araudi berriaren helburua da testu bakar batean biltzea joko-makina, kasino, joko-areto, bingo, apustu, eta abarri buruzko araudi guztiak. Hartara, gaur egungo erregulazioei koherentzia emango zaie eta egungo arauzko eskakizunetara egokituko dira. Era berean, sektoreko ordenamendu juridikoa hobeto ezagutzea bermatu nahi da, hura interpretatzean eta aplikatzean argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa izan dadin.

Euskal Autonomia Erkidegoak bertan garatzen diren ausazko jokoen gaineko eskumena du, Estatuko loteriak eta apustuak alde batera utzi gabe. Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen jokoaren legezko erregulazioa azaroaren 8ko 4/1991 Legean biltzen da –2012. urtean egokitu zena zerbitzugintzako Europako arautegira egokitzeko–.

Arau berriaren helburuetako bat da jokoaren sektoreen tratamendua berrosatzea, sistematizatzea eta homogeneizatzea, baina sektore bakoitzaren berezitasunei eutsita, beharrezkoa den heinean bederen.

Xede horrekin ezarri da, lehen aldiz, sektore osoaren plangintza globala, eta kontuan izan dira, batetik, jokoaren eskaintzak herritarrengan oro har duen inpaktua eta, bestetik, estatuko edo estatuaz gaindiko online-jokoen eskaintzaren gehikuntza esponentziala.

Onartutako erregulazioaren helburu nagusiak dira osasun publikoa eta joko-mendetasunaren prebentzioa, adin txikikoen eta bestelako talde kalteberen babesa, iruzurraren prebentzioa eta jokoetan parte hartzen duten pertsonen eta, oro har, herritarren babesa.

Ildo horretan, jokoaren legearen aginduak ez ezik, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen aginduak ere zehaztuko ditu araudiak.

Halaber, segurtasun juridiko handiagoa eskaini nahi die joko-enpresa operadoreei. Horretarako, sektorean oro har aplikatzekoak izango diren arau gardenak ezarri ditu, eta erregulazioaren mende dauden gaietan jarraipena, kontrola eta zehapen-araubidea sendotu eta egokitu du, erantzukizun sozial korporatiboaren sustapena alde batera utzi gabe.

Hauek dira araudi berriaren berritasun nagusiak:

a) Arreta berezia eskaintzen dio jokatzen duten pertsonen eskubideak babesteari eta arduragabekeriaz jokatzearen prebentzioari –batez ere, adin txikikoei eta jokoarekiko mendetasun-arazoak dituztenei dagokienez–.

• Jokatzen duten pertsonen eskubideen katalogoa arautzen du.

• Jokora edo joko-aretoetara sartzeko debekuak argitzen ditu.

• Joko arduratsuari, debekuei eta joko-arauei buruzko behar besteko informazioa izatera behartzen ditu joko-enpresak eta -lokalak.

• Jokoaren kanpoko publizitaterako eta promoziorako arauak ezartzen ditu.

• Kasinoetan eta bingoetan ez ezik, zenbait joko-aretotan ere –eskaintzen dituzten makinen arabera– onarpena kontrolatzeko sistemak izatera behartzen du.

• Jokora sartzeko interdikzio-erregistro bat hartzen du aintzat (beren borondatez bertan izena eman nahi dutenak inskribatu ahal izango dira, besteak beste).

• Online-jokora sartzeko baldintzak ezartzen ditu, baita joko-operadoreen betebehar bereziak ere, onlineko jokalariek izan beharreko informazioari dagokionez.

• Informazioaren, prebentzioaren, kontzientziazioaren eta joko problematikoaren prebentzioaren arloko ekintza ezartzera behartzen du administrazioa.

b) Mendetasunik handiena sortzen duten alderdiak saihestuko edo arinduko dituen eta jokalariari bermea eskainiko dion erregulazioarekin lotuko du jokoen garapena. Horretarako, aurreko araudian bezalaxe, jokoaren kontrolik gabeko hedapena saihestuko da: joko-aretoak irekitzeko edo ustiatzeko baimenak mugatuko ditu, eskaintzaren metaketa geografikoa saihestuko du, joko-lokalen arteko gutxieneko tarteak finkatuko ditu, joko-makinak ustiatzeko baimenak mugatuko ditu, sarietan eta partidetan mugak ezarriko ditu, jokaldiaren abiaduran  mugak jarriko ditu, eta abar.

c) Joko-enpresei aukera ematen die haien eskaintza egokitzeko merkatuaren bilakaerara eta berrikuntza teknikoetara. Horrek makina moten eta joko-sistemen erregulazio eguneratuagoa eskatuko du, baita bitarteko telematiko bidezko jokoaren erregulazioa ere, jokoaren integritatea eta gardentasuna bermatuta.

d) Administrazio-tramiteak eta -prozedurak errazten ditu. Horretarako, modu elektronikoan tramitatzea aurreikusten du, prozeduren bikoiztasuna saihesten du, epeak laburtzen ditu, isiltasun positiboaren araua orokortzen du, eta baimena aurretiazko komunikazioarekin ordezten du, legeak hala ahalbidetzen duen kasuetan. Era berean, Estatuko agintaritzak edo autonomia-erkidegoetako beste agintaritza batzuek joko-enpresatzat jotzen dituztenekin lotzen diren fabrikatzaileak, entsegu-laborategiak eta bestelako enpresak ere jotzen dira joko-enpresatzat. Edonola ere, jokoa Euskal Autonomia Erkidegoko lokal fisikoetan ustiatuko bada, bertako araudiaren araberako titulu gaitzailea eduki beharko da.

 

Hori guztia kontuan izanik, administrazio-kostuak eta zerga-kostuak murriztuko dira joko-enpresa operadoreentzat eta efizientzia gehituko da Administrazioarentzat.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko