Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Ángel Toñak 2020rako Euskal Enplegu-estrategia aurkeztu du, sei jarduketa-ardatz eta jarraitu beharreko 43 gidalerro biltzen dituena (Gobernu Bilera 2016-07-27)

2016.eko uztailak 27
  • Proiektua lantzeko, ehun bat eragile instituzional, ekonomiko eta sozialek egindako ekarpenak hartu dira aintzat.
  • 2014-2016 Enplegu Planaren ekintza osagarri gisa ulertzen da estrategia hau.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak 2020rako Euskal Enplegu Estrategia aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluan. Herriko eragile sozialekiko adostasunetik sortzen den lana, Euskal Autonomia Erkidegoan hurrengo urteetako enplegu-politikak bideratu behar dituzten gidalerroak finkatzeko asmoa duena. Europar Batasunak hazkunderako eta enplegurako garatu behar dituen helburuak eta lehentasunezko jarduketa-ildoak zehazten dituen Europa 2020 Estrategiarekin bat egiten du 2020rako Euskal Enplegu Estrategiak.

2020rako Euskal Enplegu Estrategia hau X. legealdiaren indarraldiko azken hilabeteetan emango da argitara. Beraz, hurrengo gobernuak oinarri hori izango du gerora estrategia garatzeko behar diren planak inplementatzeko.

Eusko Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian hartu zuen konpromisoa zen enplegu-estrategia berri hori, aurreko estrategiaren indarraldia amaitu eta enplegu-politika aktiboak Euskal Autonomia Erkidegora transferitzeko prozesua burutu ondoren hartua, hain zuzen ere. Izan ere, eragile ekonomiko eta sozialek estrategia lantzen parte hartu izana da, Ángel Toñak azpimarratu duen moduan, “prozesu horren alderdi garrantzitsuetako bat”.

Esan duenez, estrategia hori ez dagokio soilik Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, gobernu osoaren estrategia baita. Izan ere, “enpleguaren ikusmoldean eginkizun garrantzitsua bete behar dute erlazionatutako beste politika batzuek ere, hala nola hezkuntzari eta ekonomia sustatzeari dagozkienek, oso eragin handia baitute”. Horregatik, estrategia lantzeko, Lehendakaritzak koordinatutako batzordea sortu zen, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzak, Industria Sailburuordetzak, Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetzak, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak, Enplegu eta Lan Sailburuordetzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak osatua. 

Gainera, 2020rako Euskal Enplegu Estrategia lantzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguarekin nolabaiteko erlazioa duten ehun bat eragile instituzional, ekonomiko eta sozialek egindako ekarpenak hartu dira aintzat, erakundeek, enpresa elkarteek, sindikatuek, klusterrek, hezkuntza-erakundeek, erakunde sozialek eta unibertsitateko adituek egindakoak, besteak beste. Hainbat elkarrizketa eta galde-sortaren bitartez eta joan den apirilaren 13an egindako lan-jardunaldi baten bidez bildu dira haien ekarpenak, iritziak eta proposamenak. Horrela, bada, “nire iritzian bederen, babes handia duten” diagnostikoa eta gidalerroak adostu dira, Toña sailburuak gaur adierazi duenez.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren arduradunak azaldu duenez, “testuinguru ekonomiko, sozial, demografiko eta produktibo berriak errezeta berriak eskatzen dituelako uste osoa” hartzen du abiapuntutzat dokumentu berriak. Gogoeta sakona egin da eta Euskal Autonomia Erkidegoko etorkizuneko enplegurako egoera eta perspektibak aztertu dira, sortuko diren aukerak eta erronkak zehazteko.

Parte hartzeko gogoeta-prozesu horretatik Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako sei jarduketa-ardatz handi sortu dira, 43 gidalerro finkatzeko balio izan dutenak. Hauek dira sei ardatzak:

  1. Aktibatzea. Egungo jarduera-tasa txikia handitzea eta enpresen eskariari aurre egiteko behar adinako biztanleria aktiboa eta ongizate-estatuari eusteko behar adinako biztanleria landuna ez izateko arriskua arintzea.
  2. Kualifikazioa eta gaitasunak. Produkzio-ehunaren benetako beharren araberako gaitasunak lortzea, ezaguera teknikoak, gaitasun sozialak, hizkuntzak jakitea eta abar kontuan hartuta.
  3. Aukerak sortzea. Garapen ekonomikoan oinarritutako aukerak sortzea, eta gure ekonomiak enplegua sortzeko duen ahalmena bete-betean baliatzea.
  4. Aukera-berdintasuna. Lan-merkatu inklusiboa lortzea, hura osatzen duten kolektibo eta talde guztiei aukera bidezkoak eskainiko dizkiena.
  5. Kalitateko enplegua. Kalitate handiagoko enplegua eskainiko duen lan-merkatua lortzea.
  6. Baliozko zerbitzuak eskainiko dituen Euskal Enplegu Sistema eraginkorra eta efizientea. Egungo Euskal Enplegu Sistema hobetzea, enpleguan eragina duten politika guztiak integra ditzan eta pertsona eta enpresen beharretara hobeto bideratutako zerbitzuak eskain ditzan.

2014-2016 Enplegu Planaren ekintza osagarri gisa ulertzen da estrategia hau. Izan ere, plan hura enplegua sortzea ardatz zuen ‘aurrez aurreko plan’ gisa konfiguratu zen, aldi berean beste zenbait helburu osagarri ere kontuan hartuta: kalitateko enplegua bultzatzea, enplegua lortzearekin eta haren baldintzekin lotutako kolektibo sozialen arteko desorekak desagerraraztea, eta enplegu-zerbitzuak eta ‑programak eraginkortasun eta efizientzia handiagoarekin kudeatzea.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eaj_pnvlegutio
    2016.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Ángel Toña presenta la Estrategia Vasca de Empleo 2020, que incluye 6 ejes de actuación con 43 directrices a seguir➡ https://t

  • @mikel_uriguen
    2016.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Ángel Toña presenta la Estrategia Vasca de Empleo 2020, que incluye 6 ejes de actuación con 43 directrices a seguir➡ https://t

  • @ConsejeroD7
    2016.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Ángel Toña presenta la Estrategia Vasca de Empleo 2020, que incluye 6 ejes de actuación con 43 directrices a seguir➡ https://t

  • @AzalgorriBilbao
    2016.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Ángel Toña presenta la Estrategia Vasca de Empleo 2020, que incluye 6 ejes de actuación con 43 directrices a seguir➡ https://t

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)