Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak zazpi hitzarmen onartu ditu garapenerako lankidetzaren arloan, guztira 1,3 milioi euro

2016.eko uztailak 27
  • Une hauetan zuzeneko lankidetzarako hamabi hitzarmen daude abian Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatuta. 

Gobernu Kontseiluak zuzeneko lankidetzarako zazpi hitzarmen onartu ditu gaur. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) eta hainbat lankidetza-eragileren artean sinatutako hitzarmenen balioa 1.358.332,86 eurokoa da, eta Euskadiko eta munduko beste lurralde batzuetako ekimenei laguntzeko dira.  

GLEAren zuzeneko lankidetzarako hitzarmenak, planifikazio estrategikoan bertan adierazten denaren arabera, bideratzen dira, besteak beste, Euskadiko lankidetza-eragileen eta Hegoaldeko garapenerako erakundeen gaitasunak indartzera, mugimendu sozialei laguntzera, erakundeen arteko koordinazioa sendotzera eta giza eskubideen salaketarekin, eraginarekin, defentsarekin eta sustapenarekin zerikusi zuzena duten proiektuei laguntzera. Ingurune horretan, Gobernu Kontseiluak gaur onartu dituen GLEAren zazpi ekimenen helburuak honakoak dira: 

  • Hitzarmena UPV/EHUko Hegoa - Nazioarteko Lankidetzari eta Garapenari buruzko Azterlanen Institutuarekin, Euskadiko garapenerako lankidetzaren gizarte-egiturako erakundeen, antolakundeen eta pertsonen gaitasunak indartzeko honako hauen bitartez: graduondoko prestakuntza espezializatua, informazio eta dokumentazio zientifiko eta dibulgatzaile eguneratura sarbidea eta Hegoak egiten duen ikerketa eta aholkularitza-lana. 446.626,33 euro.
  • Hitzarmena Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuarekin, Latinoamerikako lider indigenen eta horien antolakundeen gaitasunak indartzeko herri indigenen eskubideak defendatu eta sustatzeko tresna eta mekanismo nagusien erabilpenean. 252.975,00 euro.
  • Hitzarmena Euskal Fondoa – Tokiko Euskal Erakunde Kooperanteen Elkartearekin, Euskadiko erakunde publikoen eta Saharako agintarien arteko koordinazioa sustatzeko, Euskal Fondoa elkarteko Sahara Koordinazio Unitatearen (SKU) bitartez, arlo humanitarioko elkartasunaren, giza eskubideen zaintzaren, sentsibilizazio-jardueren eta abarren efikazia hobetzearen mesedetan. 157.537,98 euro.
  • Hitzarmena Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko (SAED) Lagunen Elkartearekin, Tindufeko (Aljeria) kanpamenduetan errefuxiatutako sahararren ongizatea hobetzeko eta autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapenean, giza eskubideen defentsan eta laguntza humanitarioan Saharako herriari laguntzeko, Sahararen Euskal Herriko Ordezkaritzaren Bulegoa indartuz. 156.193,55 euro.
  • Hitzarmena Nazioarteko Bake Brigadekin, giza eskubideak modu baketsuan defendatzen dituzten Mexiko, Guatemala, Honduras eta Kolonbiako defendatzaileen, komunitateen, antolakundeen eta adierazpenen lan-eremua babesteko nazioarteko komunitatearen eginkizun aktiboaren bitartez . 200.000 euro.
  • Hitzarmena Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna – Bizkaia (EHNE-Bizkaia) sindikatuarekin, 2017an Derion (Bizkaia) egitekoa den Vía Campesinaren Nazioarteko VII. Konferentzia prestatzen laguntzeko; konferentziaren helburua nazioarteko baserritar-mugimendua sendotzea eta elikadura-subiranotasunaren inguruan alternatibak eratzea da. 125.000.00 euro.
  • Hitzarmena Munduko Nekazaritza Foroa (MNF) Garapenerako Elkartearekin, Familiako Nekazaritzaren Batzorde Nazionalen Mundu Sarea (CCNNAF) sendotzeko; sarea Asiako, Latinoamerikako eta Karibeko, Afrikako eta Europako 40 batzordek baino gehiagok osatzen dute, eta guztiak ere familiako nekazaritzaren aldeko politika publikoak hobetzeko elkarrizketa politiko nazionalerako plataformak dira. 20.000,00 euro

Zuzeneko lankidetzarako zazpi hitzarmen berri hauek Euskadin eta munduko beste hainbat herrialdetan, besteak beste, Guatemalan, El Salvadorren, Palestinan eta Mozambiken, abian dauden GLEAren hamabi hitzarmenei batu behar zaizkie.  

GLEAk sustatzen duen lankidetzari dagokionez, adierazi behar da urtero ematen diren funtsik gehienak, zuzeneko lankidetzarako hitzarmenak izan ezik, norgehiagoka-deialdien bidez ematen direla eta arlo askotako lankidetza-eragileak aurkezten direla. Horren arrazoia da otsailaren 22ko 1/2007 Legeak, Garapenerako Lankidetzari buruzkoak, urte batean emateko dauden funtsen % 10era mugatzen dituela zuzeneko lankidetzara (bi aldekora edo alde anitzekora) bideratutako funtsak. Hortaz, 2016an, GLEAk egindako kalkuluen arabera, banatzeko dituen funtsen % 4 inguru bideratuko dira, zuzeneneko lankidetzarako hitzarmenen bidez, estrategikotzat jotzen diren eta, hasiera batean, bere ezaugarriak direla eta norgehiagoka-deialdietan lekurik ez duten ekimenak sustatzera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko