Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak ibilgailu-dentsitate handia espero du asteburu honetan bide-sarean

2016.eko uztailak 22
Hainbat erakunderekin hartutako erabakien ondorioz arintzen ari dira auto-ilarak Biriatun
 
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera errepidean zeharreko oporretako joan-etorri gehienak uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehen asteburuan metatzen dira. Hori dela eta, euskal errepideetan trafiko-dentsitate handia espero da gaurtik, ostirala 22, astelehena 25era arte –Euskal Autonomia Erkidegoan jai-eguna da–. Gainera, hurrengo asteburuan (hilaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean) bat egingo dute irteerako ibilgailuek eta itzulerako beste ibilgailu batzuek.
 

“Udako operazioa aurreikuspenen arabera ari da garatzen –adierazi du trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–, positiboa ari da izaten udako lehen aste hauetan Biriatuko auto-ilarak arintzea. Irteera-operazio bereziari ekainaren 29an eman zitzaion hasiera, eta aste honetara arte auto-ilarak ez dira oso handiak izan, hainbat erakunderen artean adostu ziren protokoloek behar bezala funtzionatu baitute. Ibilgailuen kopuruak gora egiten duenean, kabina gehiago zabaltzen ari dira. Protokoloak betetzen jarraitzea espero dugu”.

Segurtasun Sailak hainbat bilera egin zituen sektoreko zenbait erakunderekin eta eragilerekin, Frantziako Jendarmeriaren kontrolek Biriatuko pasabidean izan zezaketen eragina txikiagotzen saiatzeko.

Horrela, Bidegirekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostu zen Biriatuko ordainsariaren aurreko tartean kamioiek aurrera dezaten debekatzeko seinaleztapena jartzea. Era berean, debekatu da AP-8ko tarte horretako sarbideak eta irteera-bideak oztopatzea, autobidera sartu nahi duten edo autobidetik irten nahi duten ibilgailuen zirkulazio arintasuna errazteko.

Gainerako gune gatazkatsuei dagokienez, joan den urtean baino gorabehera gutxiago gertatzen ari da.

Kontzientziazio-mezuak

Ekainean, irteera-operazioaren hasierarekin batera, jarri zen abian “Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen” kontzientziazio-kanpaina, eta irailera arte mantenduko da. Kanpaina horretan batez ere nabarmendu dira alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak eragiten dituen istripuak eta harrapatzeak. Gainera, motorzaleei bereziki zuzendutako irrati-iragarkiak ere prestatu dira.

Gaur arte, 2016. urtean, trafiko-istripuetan 23 pertsona hil dira.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gomendatzen du zirkulazio-intentsitate handieneko egunak eta orduak saihestea, ahal den heinean bederen. Abiatu aurretik, komeni da errepideen egoerari buruzko informazioa eskatzea 011 telefonoan edo Trafikoko www.trafikoa.eus web-orria kontsultatzea edo Twitter-eko kontua (@TrafikoaEJGV), edo mugikorretarako TrafikoaEJGV aplikazioa.

Ziurtatu behar dugu ibilgailua egoera onean dagoela, eta egiaztatu beharko ditugu pneumatikoak, argiak, balaztak, haizetako-garbigailuak, ispiluak eta abar.

Ez da komeni asko jatea bidaia baten aurretik, logura sor baitezake gidatzeko garaian. Jakina, ez da alkohola edan behar, ezta drogarik hartu behar ere. Sendagairen bat hartzen ari bagara, gidatzearen gaineko efekturik ez duela ziurtatu beharko dugu.

Behin errepidean gaudela, inguruabarretara eta zirkulatzen ari garen bidera egokitu beharko da abiadura, eta beti jarraitu beharko diegu zirkulazioaren erregulazioaz arduratzen diren Ertzaintzako agenteen adierazpenei.

Segurtasun-tarteak mantendu beharko ditugu eta bi orduan behin, gutxi gorabehera, atsedena hartu beharko dugu. Neurri horiek lagungarriak dira istripu-arriskua txikiagotzeko.

Gainera, garrantzi handikoa da errepidea gurekin partekatzen dutenekin errespetuz jokatzea, zuhurtasunez gidatzea eta pazientzia izatea. Garrantzizkoena ondo iristea da eta ez noiz iristen den.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko