Berriak
Eu

Berdintasun Legearen balioa berretsi ondoren, berdintasunari zuzendutako aurrekontuak gehitzeko konpromisoa hartu dute Jaurlaritzak eta foru aldundiek

2016.eko uztailak 21

Gaur goizean Berdintasunerako Erakundeen arteko Batzordea bildu da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan, Gasteizen. Batzorde hau emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan erkidegoko, foru eta toki administrazioek egiten dituzten politikak eta programak koordinatzen dituen organoa da eta bere eginkizunen artean bost urtero Berdintasunerako Legearen ebaluaketa bat egitea dago: legearen betetzea, garapena eta aplikazioaren ebaluaketa, eta behar izanez gero berrirakurketa bat egiteko aukera (hala agintzen du Legeak berak).

Bi izan dira egindako ebaluaketak, bata kuantitatiboa, bestea kualitatiboa, eta bietan ikusi da Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea tresna juridiko eraginkorra eta baliagarria  izan dela, Legearen lehen bost urtetan lortutako aurrerapen asko finkatzen eta bermatzen lagundu duelako hurrengo bost urteetan. Honekin batera, tresna eraginkorra izan da eta izaten jarraitu dezake berdintasun politiken garapenean aurrera egiteko, bereziki baliabide ekonomiko eta pertsonalei dagokionez, eta baita ere sektore bakoitzaren alorrean zeharkakotasun estrategia areagotzeko.

Demokrazia eta Hiritarren Parte hartzeko Euskadiko Liburu Zuriaren printzipioei jarraituz egin da ebaluaketa hau, hau da, alor publikoa kolektibotik eraikitzen joatea proposatuz, eta hiritarren parte hartzean oinarritutako politikak sustatuz, hiritarren eta administrazioaren arteko kolaborazioa sustatuz.  Ebaluaketa hasi baino lehen, Emakundek argi ikusi zuen beharrezkoa zela Legearen inplementazioaren arduradun diren administrazioko agenteen iritzia eta balorazioa jasotzeaz gain, hainbat pertsona, talde eta entitate publiko eta pribatuena ere jasotzea. Horrela aberastu egingo baitziren Legearen garapena eta aplikazioari buruzko ekarpenak. Helburu horrekin, lan ildo berezi bat ireki zuen EAEko emakumeen taldeekin eta talde feministekin, haien ikuspegi estrategiko baliagarria kontuan hartzeko. Horrela, ebaluaketa kuantitatiboaren prozesuak 96 pertsona eta 77 entitate ezberdinen iritziak jaso ditu. 150 ikuspuntu ezberdin baino gehiago.

Prozesu honetan DACIMAren  (Jaurlaritzak duen Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza) laguntza izan du, baita ere Irekiarena, eta Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearena, azken honek Euskal Soziometroan egindako galderen bitartez. Hauetan ikusten da elkarrizketatu diren pertsonen %63ak uste duela azken hamar urteetan berdintasunean aurrerapauso garrantzitsuak eman direla.

Erakundeen konpromisoak

Ebaluazioak erakusten du Legeak eragina izan duela hiritarren berdintasunaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazioan, eta honek ekarri duela hiritarren eskaerak areagotzea eta exijentzia maila handiagoa izatea alor honetan. Hiritarren eskari horiek kontuan hartuz, Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek zenbat konpromiso onartu ditu erakundeen agenda politikoetan berdintasunak gero eta leku garrantzitsuagoa izan dezan. Horrela, hurrengo bost urteetan berdintasunaren inguruko aurrekontuak igotzen joateko konpromisoa hartu dute, eta baita eskumen-eremu bakoitzean zeharkakotasunaren kultura indartzea, berdintasunerako langileak gehitzea, Hezkuntza sisteman Hezkidetza planarekin aurrera egitea,  enpresetan berdintasun planak indartzeko neurriak indartzea, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea emakumeak ahalduntzeko eta balioak aldatzeko programak eta jarduerak areagotuz, indarkeriaren biktimen harrera bermatzea eta, besteak beste, eztabaida publiko bat sustatzea egungo eredu ekonomikoa eta horrek pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen garapen iraunkor batean daukan eragina aztertzeko.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    #Berdintasuna-ri zuzendutako aurrekontuak gehitzeko konpromisoa hartu dute Jaurlaritzak eta foru aldundiek ➡ https://t.co/WLbXQKfKic

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco y diputaciones se comprometen a aumentar progresivamente el presupuesto destinado a la #igualdad ➡ https://t.co/RjakvO9LRc

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ana Alberdi (Emakunde), Ander Bergara (Emakunde), Lide Amilibia (EJ-GV), Nekane Zeberio (DFA), Beatriz Artolazabal (DFA), María Guijarro (DFB), Lorea Bilbao (DFB), Ibon Uribe (Eudel), Koldobike Olabide (Eudel), Janire Moreno (Eudel)