Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Gasteizek turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria jaso du

2016.eko uztailak 21
  • “Albiste ona da, Gasteizentzat estrategikoa den merkatu batean kokatzen gaituelako”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak
  • Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak Gasteizen garrantzia azpimarratu du, lehena izan baita Euskadin Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria  ezartzen, Eusko Jaurlaritza-Basquetourren  laguntzari esker.

Turismo Arduratsuaren Institutuko lehendakari Tomás de Azcáratek Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria eman dio Gasteizko alkate Gorka Urtarani, zeinak hiria turismo-helmuga iraunkorra dela aitortzen baitu. Gasteiz izan da Euskadin izendapen hori lortu duen lehen udalerria. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzak ere hartu du parte ekitaldian.

Urtaranek nabarmendu duenez, Biosphere ziurtagiria mugarri garrantzitsua da Gasteizek iaz jorratzen hasitako bidean, Turismo Iraunkorraren Mundu Gailurraren egoitza izan baitzen, eta bertan Turismo Iraunkorraren Gutuna onetsi baitzen. "Gaur turismo-helmuga iraunkor gisa ziurtatutako lehen euskal udalerria bihurtu gara. Albiste ona da, Gasteizentzat estrategikoa den merkatu batean kokatzen gaituelako, eta turismo iraunkorraren alderdi osagarrien alde egiten ari garen apustua indartzen duelako, esaterako, ondarearekiko jarduera arduratsuak, familia eta kirol turismoaren sustapena, edo bertako produktuen erabilera kontuan hartzen duen eskaintza enogastronomikoa bilatzea", zehaztu du alkateak.

Alkateak Gasteiz turismo-helmuga iraunkor gisa ziurtatzeko prozesuan Eusko Jaurlaritzaren etengabeko inplikazioa eskertu du. Orobat aipatu du lorpen hau alorreko erakundeen eta gizarte eta enpresa eragileen ahalegin kolektiboaren emaitza dela. "Ziurtagiri hau lortzea, aitorpena ez ezik, konpromisoa da, ezarritako adierazleak betetzera behartzen gaituena. Horrenbestez, ahalegina ez da hemen amaitzen. Aurrera egiten jarraitu behar dugu”, erantsi du.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde  Itziar Epalzak, bestetik, Gasteizen garrantzia azpimarratu du, lehena izan baita Euskadin Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria ezartzen, helmuga iraunkor gisa lortu duen kokapenagatik eta European Green Capital 2012 izendatu zutelarik egindako sozializazio lanagatik. “Une honetan, Gasteiz eredua da beste turismo-helmuga batzuentzat, eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa da ekimen horren buru izaten jarraitzea, Gasteizen ondoren Donostiak eta Bilbok segi dezaten eta, geroago, gainerako euskal destinoek”, iragarri du.

Sailburuordeak Eusko Jaurlaritza-Basquetour beste entitate batzuekin –IHOBE eta EEE– egiten ari den lana ere azpimarratu du, euskal ostatuek ekoetiketa  europarra eta energia-eraginkortasunaren ziurtapena lortu dezaten; turismo iraunkorraren alorreko estrategia oso baten zati da hori, zeina europar esparrutik –esaterako, Euskadiren partaidetza “ERNEST” proiektuan– tokiko esparrura iristen baita.

Azkenik, ITRko lehendakari Tomás de Azcáratek  turismo-helmuga iraunkor bat identifikatzeko nazioartean ezarritako irizpideetatik Gasteizek bereziki lau alderdi landu dituela azpimarratu ditu:  hiriarentzat garapenean laguntzeko politikek beti izan duten lehentasuna; kirola herritarren bizitza-kalitatea bermatzeko funtsezko baliabidetzat jotzea; klima aldaketaren kontra borrokatzeko estrategia lokalaren garapen handia, eta iraunkortasunarekin lotutako guztietan herritarren kontzientziazioa handia.

 “Gasteizko gizarteak iraunkortasun-irizpideak oso barneratuta ditu, normaltzat hartuta. Turismo iraunkorrean hori oso garrantzitsua da, bertakoen eta bisitarien artean turismo konbentzionaletik haratago doan bizikidetza eredu baten alde egiten baita. Biosphere ziurtagiria jasota Gasteizek hartu duen bideak nazioartean nabarmentzera eramango du, beste hiri batzuetara aldatu daitekeen eredu gisa”, azaldu du Tomás de Azcáratek.        

Biosphere ziurtagiria lortzeko prozesua 2015eko urrian abiatu zen,  Gasteizko Udalaren Turismo Arduratsuaren aldeko Konpromiso Gutuna sinatu zelarik. Ziurtagiria emateko, ITRk alderdi hauek balioetsi ditu: kudeaketa iraunkorra, garapen ekonomiko eta soziala, kultura-ondarearen kontserbazioa eta hobekuntza, ingurumen kontserbazioa, kalitatea, eta bisitariaren segurtasuna eta inplikazioa. Nabarmentzekoa da ziurtagiria lortzean ITRk ez diola inolako eragozpenik jarri aurkeztutako dokumentazioari.

Gasteiz turismo-helmuga iraunkor gisa aitortzeko kontuan izan diren indarguneen artean nabarmengarrienak udalerrian klima-aldaketaren kontrako borrokatzeko planak, konpromisoak eta ekimenak ditugu, bai eta Eraztun Berdea osatzen duten hiri parkeen sarea zein biodibertsitatea babesterakoan zenbait lekuk –Salburuko hezeguneak, esaterako– duten egitekoa ere. Aintzat hartu dira, halaber, herritarrak ingurumenaz sentsibilizatzeko ekintzak, kirola praktikatzeko erraztasuna, ekipamendu sarearen kalitateari esker, edo Gasteizek garapenerako lankidetzaren alorrean duen konpromisoa.

Turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria UNESCOk 1995ean bultzatutako Turismo Jasangarriaren Mundu Konferentzian sortu zen, eta Gasteizi lehiatzeko abantaila emango dio 30 milioi bezerotik gora duen turismo merkatu batean.

INFO GEHIAGO: Biosphere ziurtagiria

 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @BittorOroz
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TURISMOA] Gasteizek turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria jaso du ➡ https://t.co/p5jxqKoUMu https://t.co/j4ceqkJ6SH

  • @iprusilla
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TURISMOA] Gasteizek turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria jaso du ➡ https://t.co/p5jxqKoUMu https://t.co/j4ceqkJ6SH

  • @Transparent_Red
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    [TURISMOA] Gasteizek turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria jaso du https://t.co/a0qxvtgAQN pic.... https://t.co/TpxSvpE2lV @Irekia

  • @iigo_iriondoo
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TURISMO] Vitoria-Gasteiz recibe la certificación como Destino Turístico Sostenible ➡ https://t.co/1DGGOoQwSW https://t.co/YHhr

  • @gonzjauabogados
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [TURISMO] Vitoria-Gasteiz recibe la certificación como Destino Turístico Sostenible ➡ https://t.co/1DGGOoQwSW https://t.co/YHhr

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Tomás de Azcáratek Biosphere Responsible Tourism, Gasteizko alkate Gorka Urtaran