Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria, UPV/EHUko Zientzia Parkearen inaugurazioan

2016.eko uztailak 21

Iñigo Urkullu Lehendakaria UPV/EHU Zientzia Parkearen inaugurazioaren buru izan da gaur eguerdian. UPV/EHUko Errektorea den Iñaki Goirizelaia, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Cristina Uriarte Sailburuarekin batera, Parkeko instalazioak bisitatu ditu. Leioako UPV/EHUko kanpus inguruan kokatua, Zientzia Parkeak lau eraikin hartzen ditu gaur egun.

UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, Bizkaiko Parke Zientifikoa eta Teknologikoaren bitartez, Zientzia Parkea erreferentziako azpiegitura bat izateko sortu da, eta haren bidez berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia euskal produkzio ehunera hurbiltzeko erraztasunak eman nahi dira.  Unibertsitatearen, zientziaren eta enpresen topagune bat izango da, eta horrelako ezaugarri bereziak dituen lehen parkea, EAEn.

Zientzia Parkearen garapenak berrikuntza ekosistema baten sorrera ahalbidetuko du, ekintzailetza zientifikoa eta teknologikoa, eta transferentzia bultzatzeko xedea izango duena. Horrela, UPV/EHUko Zientzia Parkea kalitate handiko espazio bat da, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+B) diharduena, eta haren helburu nagusiak honako hauek izango dira: unibertsitate-enpresen arteko harremanak bultzatzea, oinarri teknologikoko spin-off enpresa berriak eta kualifikazio handiko enplegua sortzea, eta ikertzaileak enpresetan sartzeko erraztasunak bultzatzea.

Bere hitzaldian, Lehendakariak elkarlana azpimarratu nahi izan du: “Gaur hemen elkartuta gaude, izandako elkarlana azpimarratu behar dugu. Zailtasun ekonomikoak ditugun garai hauetan, arlo publikoak eta pribatuak egindako ahaleginak, berrikuntzaren aldeko apustuarekin jarraitzeko aukera ematen digu. Europako herrialde aurreratuenen batez bestekoan mantenduz. Inbertsio ausartak behar ditugu gaur egungo ekonomia globalizatuan”. 

Bestalde, Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak  zientzia eta ikerkuntzaren aldeko apustua aipatu du: “Zientzia, Teknologia eta berrikuntza Planak eta RIS3 Estrategiak ditugu. Gainera, 11.100 milioi euroko inbertsioa hitzeman ditugu 2020 urtera arte.  Pasadan astean Europar Batasunak aipatu duenez, Euskadi da berrikuntza maila altua mantentzen duen Estatuko erkidego bakarra”.

Zientzia Parkeak ikerkuntza gune ezberdinak jasoko ditu. Urkullu lehendakariaren hitzetan, “gure apustua goi mailako ikerkuntza basikoko guneak bultzatzea da eta finantzatzea da.  Zientzia Parke honek lau BERC Zentro hartuko ditu bere baitan. Gaur, klima-aldaketa aztergai duen BC3 Zentroa (Basque Center for Climate Change) bisitatu dugu, baita Biofisika Institutua ere. Klima-aldaketa, Neurozientziak, Biofisika eta Material berriak aztertzen eta oinarrizko ikerkuntza aurrera eramaten aitzindari izango dira Zentro hauek.  Leioako Zientzia Parkeak bere instalazioak jarriko ditu ikertzaileen esku, ikerkuntza aplikatua eta oinarrizkoa bikaintasun-mailarik gorenera eramateko”. BC3 klima aldaketaren kausa eta ondorioen epe luzerako ikerketan diharduen Europako zentro bakanetako bat da. 50 pertsona inguru ari dira lanean zentro horretako taldeetan”.

Zientzia Parkeak lau eraikin ditu momentu honetan: Egoitza (Zientzia Parkeak eta Bizkaiko Parte Teknologikoak sustatua), Biofisika Institutua, Maria Goyri Zentroa eta Martina Casiano Plataforma, azken hiruak UPV/EHUri atxikiak.

UPV/EHUko Zientzia Parkearen Egoitzaren eginkizuna izango da lanerako toki bat eskaintzea unibertsitatearekin lotura duten enpresa, erakunde eta ikergune publiko edo pribatuei. Hemen kokatzen da aipatutako BC3.

Bestetik, laster, eraikin berean kokatuko da Achucarro Basque Centre for Neuroscience zentroa, bikaintasun ikergune bat (BERC) biologia neuroglialean oinarrizko eta translazio ikerketan diharduena, garuneko gaixotasunentzako terapia berriak aurkitzen. 120 ikerlari inguruk dihardute lanean. BERC Achucarro zentroak nazioarteko lehen mailako ikergune izan nahi du, oinarrizko ikerkuntzan arituko dena, graduondoko prestakuntzan eta neurozientzietako ezagutzaren transferentzian.

Biofisika Institutuan (UPV/EHUren eta Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluaren -CSIC- zentro mistoa), 150 laguneko talde bat ari da lanean, mintz biologikoen, haien osagaien eta haien arteko erlazioen ikerkuntzan, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, teknika biofisiko aurreratuen bidez. Biofisika arloko erreferentziazko zentro honen helburu nagusiak dira ezagutza sortzea, ezagutzaren ekonomian aurrera egitea, merkatura bideratutako plataforma teknologikoak sortzea, eta lankidetza publikoa eta pribatua maximizatzea, teknologia transferentzia bideratzeko.

Maria Goyri Zentroak, aldiz, Biomedikuntza, Elikagaien Zientzia eta Ekosistema Jasangarrien arloan arituko diren ikertaldeak hartuko ditu. Gainera, Biomedikuntza arloko Mikroskopia Analitikoko eta Bereizmen Handiko Unitateak ere kokatuko dira eraikin horretan, eta Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) Proteomika Unitatea.

Martina Casiano Plataforma Materialen Zientzia eta Teknologiaren arloan arituko da, alor horietan diharduten ikertaldeen bidez, eta Neurri Magnetikoen eta Analisi Zerbitzu Nagusiaren Unitateak ere kokatuko dira bertan. Azkenik, aurreikusita dago ere BERC BCMaterials zentroa plataforma horretan kokatzea, materialen, aplikazioen eta nanoegituren euskal zentroa. 

Maria Goyri eta Martina Casiano eraikinak urte honen amaieran irekiko dira.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    .@IUrkullu @UPVEHU Zientzia Parkearen inaugurazioaren buru izan da gaur eguerdian ➡ https://t.co/Ay6UKSMDnL
    https://t.co/Wn51rJKAxM

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari @Iurkullu en la inauguración del Parque Científico de la @UPVEHU ➡ https://t.co/UzF4hLNPW5
    https://t.co/WiAW92p3Yq

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)