Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urdaibaiko Patronatuak eskualdearen garapen ekonomikoa sustatu eta ingurune naturalaren babesa indartzen dituen Zuzentzeko Plan berria onartu du

2016.eko uztailak 21

 

  • Urdaibaiko Zuzentzeko Plan berriak administrazio-izapideen prozedura arindu eta jarduera ekonomiko berriak ezartzea erraztuko du.
  • 1993ko aurreko planaren aldean, Erreserbako ingurumen-babesaren maila handiko eremuen  (nukleo-eremuak) azalera % 4an zabalduko da.
  • Berritasun nagusiak: administrazioaren sinplifikazioa; parte-hartzea eta koordinazioa; natura-ondarearen babes handiagoa eta hobekuntza; jarduera sozio-ekonomikoen sustapena; uraren kudeaketa jasangarria; klima-aldaketa gutxitu eta horretara egokitzea.
  • Iosu Madariagaren esanetan, “gaur onartutako dokumentua parte hartzeko prozesu baten ondorioa da eta Erreserba bi hamarkadetan zehar kudeatzean hartutako esperientziaren ondoren tamaina handiko jauzi kualitatiboa dakar, Urdaibai modu jasangarrian garatzeko etapa berri baten hasiera, alegia.”

 

 

Busturia/Urdaibai 16/07/21

 

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak gaur jakinarazi duenez, “lurzoru urbanizaezinaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan (EKZP)" berria onartu du. Horri esker, nekazaritza eta turismo sektoreekin lotutako jarduera ekonomiko berriak sortzeko oinarriak ezarriko dira. Gainera, plan horrek eskualdeko natura- eta kultura-ondarearen kontserbazio egoera hobetuko du, estuario, itsasertz, ibai-sareen eta bertako basoen kontserbazioa, bereziki. Honela, garapen ekonomikoa eta naturagune babestuaren kontserbazioa bateragarri egingo dira.

 

Busturiako (Bizkaia) bere egoitzan, gaur egin duen bileran, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak Urdaibaiko lurzoru urbanizaezinaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan berria onartu du, 2011n hasi eta zabalkunde handia izan duen parte hartzeko prozesu publiko baten ondoren. Dokumentuari ekarpenak egiteko jendaurreko informazioaldian zehar, ehundik gora alegazio jaso dira entitate eta norbanakoen eskutik. Alegazioen portzentaje handi bat azken dokumentuan hartu da kontuan, amaierako testua hobetzeko.

 

Planari hobekuntzak egiterakoan herritarrei interesatu zaizkien gaien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: lurzoruaren zonifikazioa; ingurumen zaintza; quads ibilgailuen erabilera; Kite Surf egitea; basoen erregulazioa; baserrien banaketa edo nekazaritza-jarduera berrien ezarpena.

 

“Zuzentzeko Plan berri hau onartu ondoren, hemendik aurrera herritarrek nabarituko dituzten abantaila nagusietako bat izango da Erreserbarekin lotutako edozein administrazio-izapideren prozedura nabarmen erraztu dela, naturagune honen ingurumen-babesaren maila handituta” adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Iosu Madariagak.

 

“Plan berri hau 1993ko aurreko plana sakonki berrikusi ondoren sortu da, ezinbestekoa baitzen egoera sozioekonomiko eta ingurumen zein hirigintza arloetako araudi desberdinek baldintzatutako egungo errealitatera egokitzea” aipatu duMadariagak.

 

Gainera, plan berriaren berritasunen artean, aurreko planaren aldean nukleo-eremuak (babes maila handikoak) % 4an zabaltzeko proposamena da azpimarratzekoa. Horretaz gain, honako hau sustatzen da: natura kontserbatzea eta lehengoratzea, lurzoruaren zonifikazioaren bidez; sentikorrenak diren ingurumen eremuen identifikazioa; eta, ekosistemak berreskuratzeari dagokionean dauden beharren lehentasunak zehaztea.

 

Patronatuaren oniritzia jaso eta gero, zuzentzeko planaren izapidetze administratiboak Lurralde Antolamendurako Batzordean eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan izango du jarraipena, Gobernu Kontseiluak behin betiko onartu arte.

 

Informazio gehiago

 

Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak (EKZP) Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean egingo diren jarduerak arautuko ditu, jasangarritasunaren ikuspegian eta irizpideetan oinarrituta. Bigarren Zuzentzeko plana da gaurkoa. Lehena 1993n onartua izan zen.

 

Inplikaturiko eragile guztiek parte hartu dute plana berrikusteko prozesuan: komunitate zientifikoa, eskualdeko udal agintariak eta gizarte zibila, azken hau zuzentzeko plan berriaren testua jendaurrean eskuragarri utzi den epean zehar. Epe horretan zehar, plan berria honako hauetan egon da aztergai: Patronatuaren egoitzan, www.euskadi.eus/urdaibai webgunean, herritarren arretarako Eusko Jaurlaritzako bulegoetan, hainbat udaletxetan eta Irekia (www.irekia.euskadi.eus) Eusko Jaurlaritzaren atarian.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Paula Caviedes