Euskaraldia
Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
qrcode

Bilbon 2017an beste Familia-Elkargune bat abian jarriko da, haustura gatazkatsuen kasuan adingabeen ongizatea ziurtatzeko

2016-07-21
  • Instalazio berriak Santutxu auzoan daude, egun Uribarrin daudenak ordeztuko dituzte eta 400 metro karratu erabilgarri izango dituzte, segurtasun eta bideozaintzako sistema berrienez hornituta.
  • Instalazio horien erabilera ohikoena da adingabeen eta euren guraso edo tutoreen arteko kontrolpeko trukeak edo bisitak egitea.
  • 2015ean, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegiek deribatutako 802 familiei eman zien arreta, gehienei Bilbon. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietatik zetozen. 
  • Kasuen % 87tan, zaintza amaren esku dago: tratu txarrak salatu ditu eta, % 95etan, urrutiratzeko edo babesteko agindupean dago.
  • 2016an, Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euro inbertituko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan bost familia-elkargune finantzatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak, Justiziako sailburuorde Ana Agirrerekin eta Justiziako zuzendari Manuel Valínekin batera, gaur goizean bisitatu ditu Eusko Jaurlaritza Bilboko familia-elkargune (FE) berria eraikitzen ari deneko instalazioak. Gainera, hauek ere hartu dute parte obraren bisitan: Bilboko alkate Juan María Aburtok, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, Gizarte Ekintzako diputatu Isabel Sánchez Roblesek eta Administraziorako eta Gizarte Sustapenerako zuzendari nagusi Gabin Azaolak.

Familia-elkarguneak espazio neutralak dira, Eusko Jaurlaritzak guraso edo tutoreentzat eskuragarri jartzen dituenak, horiek, epailearen agindua tarteko, seme-alabak trukatu eta/edo bisitatu ahal izan ditzaten. Espazio horiek doan erabiltzen dira, eta segurtasun-berme handienak ematen dituzte familia-nukleoa adostasunik gabe, gatazkaz, tratu txarrez eta abar hausten denean. Gainera, diziplina anitzeko talde psikosozialek egiten dute lan bertan. Horiek une oro zaindu eta babesten dituzte adingabeak.

2017KO LEHEN SEIHILEKOA

Bilboko familia-elkargune berria hiru lokaletan ari dira eraikitzen, Santutxu auzoko Sagarminaga eta Georgia kaleetako 8 eta 3 zenbakietan, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzak VISESA SA sozietate publikoari erosi zizkion 169.989,10 eurotan. Obrak UTE SAGARMINAGA enpresari esleitu zitzaizkion 340.819,67 eurotan.

Instalazio berriek 391,98 metro karratu erabilgarri izango dituzte, egun baino 150 bat gehiago, eta segurtasun eta bideozaintzako sistema berrienez hornituta egongo dira. Epailearen esku-hartzea tarteko denean, adingabea bisitatu edo trukatzeko prozesua bermatuko duten espazio ugari izango ditu:

  • 2 sarrera-ate bereizi eta banandu, gurasoen arteko kontaktua eta arrisku-egoerak saihesteko; batez ere, urrutiratzeko edo babesteko aginduak daudenean.
  • 14 bisita-gela (213,71 m²).
  • Erabilera anitzeko 3 gela (44,36 m²).
  • 3 harreragune (87,76 m²).
  • Bulegoen eremua, itxarongelak eta komunak.
  •  

2017ko lehen seihilekoan inauguratzea aurreikusita dago, eta Uribarri auzoan dagoen egungo familia-elkargunea ordeztuko du.

802 FAMILIAK ERABILI ZITUZTEN EUSKAL AUTONOMIA-ERKIDEGOKO FAMILIA-ELKARGUNEAK 2015EAN

Eusko Jaurlaritzak, 2016. urte honetan, 1.526.380 milioi euro inbertituko ditu epailearen deribazioagatik elkarguneak erabili beharra daukaten familiei arreta emateko. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan mota honetako 5 instalazio daude familiei arreta emateko:

  • Araban: inauguratu berria Lakua auzoan, Vitoria-Gasteizen.
  • Gipuzkoan: Donostian dago.
  • Bizkaian: hiru familia-elkargune daude, bata Bilbon, beste bat Barakaldon eta bestea Portugalete/Zallan (elkargune bakarra, baina egoitza bikoa).

2015ean, Eusko Jaurlaritzak 802 familiari, 1.064 adingaberi eta 1.639 pertsona helduri eman zien arreta. 2015eko jarduera-memoriaren datuetatik, ondorio nagusi hauek atera daitezke:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan, Bilboko familia-elkarguneak biltzen du erabiltzaile kopuru handiena urtero.
  • Elkargunea erabiltzeko arrazoi ohikoenak hauek dira: guraso edo tutoreen arteko trukea (% 58,12) eta tutoretzapeko bisitak (% 38,74).
  • Zerbitzua erabiltzen duten familia gehienak Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak (% 41,6) eta Familia Epaitegiak (% 32,4) deribatu zituzten.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan, babesteko edo urrutiratzeko agindupean daude familia-elkarguneak erabiltzen dituzten emakumeen % 95.
  • Arreta emandako kasu gehien-gehienetan (% 86,9), amaren esku dago zaintza.
  • Arreta emandako adingabeen kopuruari dagokionez, adin ohikoena 3 eta 11 urte artekoa da (% 67,7); eta, haien jatorriari dagokionez, gehien-gehienak (% 87,9) Euskal Autonomia Erkidegoan jaioak dira.
  • Zerbitzua erabiltzen duten pertsona helduei dagokienez, 2015eko jarduera-datuek jasotzen dutenez, % 62,2 26 eta 44 urte artekoak dira, % 5,5 25 urtetik beherakoak, eta % 18,1 45 urtetik gorakoak.

FAMILIA-ELKARGUNEAK

Familia-elkarguneei esker, epailearen deribazioa tarteko, Eusko Jaurlaritzak:

  • Bermatu egiten du adingabeak aitarekin, amarekin, tutore edo zaintzailearekin eta beste senideekin harremana izaten jarraitzeko duen eskubidea.
  • Bermatu egiten du gurasoek beren seme-alabekin harremana izateko duten eskubidea, eta beste senide batzuek, aitona-amonak bereziki, ere badutena.
  • Bermatu egiten ditu adingabearen segurtasuna eta ongizatea bisiten erregimenak dirauen bitartean.
  • Adingabeei aukera ematen die beren sentimenduak eta beharrak beldurrik gabe eta aske adierazteko.
  • Bermatu egiten du bisitak gainbegiratuko dituen hirugarren pertsona inpartzial eta neutral baten presentzia.
  • Orientazioa ematen du gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak eta hezteko gaitasunak hobetzeko.
  • Gurasoei beharrezko gaitasunak ematen dizkie zerbitzuak lagundu eta gainbegiratu beharrik gabe beren seme-alabekin tratua izateko gauza izan daitezen.
  • Informazio fidagarria eta objektiboa du bisitetan izandako familia-harremanen bilakaerari buruz, eskumena duten organo administratibo edo judizialei emateko.
  • Gurasoak trebatzen ditu beren seme-alabak errespetuan, berdintasunean eta elkarbizitzan hezi ditzaten.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan María Aburto, Alcalde de Bilbao, Juan Luis Ibarra, Presidente del TSJPV, Isabel Sánchez Robles, Diputada de Acción Social de la Diputación Foral de Bizkaia