Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua (Gobernu Bilera 2016-07-19)

2016.eko uztailak 19

EAEren, lurraldeen eta udalen esparruan aplikatuko da, eraikinak eta ibilgailuak kudeatzeari bereziki lotutako neurriekin.

Administrazioek, bakoitzak bere esparruan, energia-kontsumoa % 25 murriztea lortu beharko dute 2025ean.

Administrazioek eraginkortasunari eta mugikortasunari buruzko ikuskapenak eta planak egin beharko dituzte, kontsumoa murriztera bideratuta.

2025ean, eraikinen gutxienez % 25ek energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak eduki beharko dituzte.

Berritutako flotaren % 100ek erregai alternatiboak erabili beharko ditu 2020tik aurrera.

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua. Horrek eragina izango du udalen, lurraldeen eta EAEren esparruko erakunde guztiengan. Lege-proiektuaren helburua da energia-kontsumoa murriztea, energia-iraunkortasuna bultzatzea eta ingurumena babestea, eraikin publikoetan energia berriztagarriko instalazioak ezarrita.

Lege Proiektua onartu aurretik, 2015eko irailean, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zituen beraren eta erakunde publikoen eraikin guztietarako iraunkortasun-dekretuan ezarritako konpromisoak.

Gainera, berriki, Eusko Jaurlaritzak Energia Estrategia Berria 2030 onartu du. Horrek, beste beste, helburu hau ezartzen du: sektore kontsumitzaile guztietan energia-eraginkortasuneko jardunak areagotzea. Horrela, 1.250.000 ptb (petrolio tona baliokidea) aurreztea aurreikusi da 2030. urterako.

“Gure asmoa da klima-aldaketaren arloan herri-administrazio arduratsua, ereduzkoa eta erreferentziazkoa izatea; eta, euskal gizarteko agente guztien inplikazioa lortzeko, beharrezkoa da herri-administrazioaren organo guztien ekintza eredugarria bultzatzea”.

Lege Proiektu berria hiru kapitulutan, hiru xedapen gehigarritan eta azken bi xedapenetan egituratzen da.

Xedea

Lege Proiektuak antolatu egiten ditu administrazioek bete beharreko eginbideak, helburu hauetara bideratuta: energiaren aurrezpen- eta eraginkortasun-neurriak bultzatzea eta energia berriztagarriak sustatu eta abian jartzea.

Jardun-esparrua hau izango da: udalen, lurraldeen eta EAEren erakunde guztiak, eta horien erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakundeak eta sozietate publikoak.

Lege Proiektuak helburu hauek ditu:

Legeak berak ezartzen du administrazioek, bakoitzak bere esparruan, energia-kontsumoa % 25 murriztea lortu beharko dutela 2025ean. Helburu argi horrekin batera, honako hauek nabarmendu daitezke:

  • Energiaren erabileran eraginkortasuna bultzatzea eta aurrezpena sustatzea.
  • Energia berriztagarriak sustatu eta ezartzea.
  • Petrolioaren erabilera arian-arian txikiagotzea.
  • Erregai alternatiboa erabiltzen duten garraiobideak sustatu eta bultzatzea.
  • Gasen emisioa murriztea.
  • Administrazioaren energia-faktura murriztea.
  • Sustatzea eta bultzatzea energia aurrezten lagunduko duten teknika eta teknologien ikerketa eta garapena.
  • Ingurumenean energiaren erabilerak dakartzan inpaktuei aurrea hartzea eta horiek mugatzea.
  • Energia-iraunkortasunaren eskakizunak politika publikoetan integratzea; bereziki, lurralde-antolamendu, hirigintza, etxebizitza eta garraiokoetan.
  • Administrazioen artean lankidetzan aritzea eta akordioak adostea.
  • Energia-eraginkortasunaren onurak hedatzea.

Iraunkortasunerako batzordeak administrazio bakoitzean

Lege Proiektuan xedatutakoaren arabera, administrazio bakoitzak energia-iraunkortasunerako batzorde bat izango du. 25.000 biztanletik gorako administrazioek urtebeteko epean sortu beharko dute batzordea, Legea indarrean jartzen denetik, eta 5.000 eta 25.000 biztanle arteko udalerriek bi urteko epean.

Batzordearen betebeharrak izango dira dagokion administrazio edo udalerriaren elementuen inbentario bat onartzea, Legea betetzen dela ziurtatzea eta, aldizka, energiaren alorreko bere jardun-plana zein egoeratan dagoen jakinaraztea.

Lege Proiektuak ezarri eta exijitzen dituen ekintzak administrazioaren jardun orokorren, bere eraikinen eta mugikortasun-alderdien inguruan egituratzen dira.

EKINTZAK

Inbentarioa

Administrazioek euren eraikinen, ibilgailu-parkearen eta argiteria publikoko instalazioen inbentarioa egingo dute, eta haien eraikin, ibilgailu-parke eta argiteria publiko bakoitzaren energia-kontsumoa eta -gastua neurtuko dituzte.

Administrazioek bere gain hartu beharreko neurri zehatzak:

Kontsumoen kontrola: Legea indarrean jartzen denetik urtebeteko epean, 25 kW-tik gorako potentzia instalatua duten administrazio bakoitzaren eraikin eta instalazioek energia elektrikoaren kontagailuak izan beharko dituzte.

Energia-ikuskapenak: hiru urteko epean, 70 kW-tik gorako potentzia termikoa duten administrazio bakoitzaren eraikinek energia-ikuskapen bat eduki beharko dute, haien kontsumoari buruzko diagnostikoa eta hobetzeko neurriak jasota.

Ikuskapenetan, datu hauek bilduko dira: energia hornitzen duten iturrietako bakoitzaren ehunekoa, horiek hobetzeko aplikatu beharreko neurriak eta energia berriztagarrien arloko jardunak.

Energiaren alorreko jardun-planak: era berean, administrazio guztiek energiaren alorreko jardun-plan bat egin beharko dute, kontsumo iturriak (argiteria publikoa barne) banakatuko dituen diagnostikoarekin eta energia-iraunkortasunerako neurriekin, euren ikuskapenaren eta lege honen exijentzien arabera.

Energia berriztagarrietatik datorren energia erabiltzea

Administrazio bakoitzak, 2025erako, bere eraikinen gutxienez % 25ek energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak edukitzea lortu beharko du.

Horretarako, energia elektrikoa erosteko lizitazioetan, bereziki baloratuko da hura berriztagarria izatea. Gainera, eskuratutako energiaren % 10 energia elektriko berdea izan dadin exijitu ahal izango da, baldin eta hori ekonomikoki arrazoizkoa bada.

Instalazioak, tresneria, flotak eta ibilgailuak berritzea

Kontsumoak monitorizatu ahal izango dituzten kudeaketa zentralizatuko sistemak instalatuko dira.

Eskuratzen diren produktu, zerbitzu eta eraikinek energia-errendimendu handia izan beharko dute. Hala, eraginkortasun klase gorenaren barruan egongo dira. Hori bereziki kontuan hartuko da klimatizazioko, ur bero sanitarioko, ofimatikako eta argiteriako tresneria erostean.

Ibilgailuei dagokienez, haien bizi-zikloa eta sorrarazten dituzten energia- eta ingurumen-inpaktuak kontuan izango dira.

ERAIKINAK

Bete beharreko neurriak:

  • Administrazioaren eraikin guztiek energia-eraginkortasunaren ziurtagiria izan beharko dute bi urteko epean.
  • B baino energia-kalifikazio txikiagoa duten administrazio bakoitzaren eraikinen % 25etan, 2025a baino lehen kalifikazio hori hobetu beharko da maila bat gutxienez.

Salbuespenak ezartzen dira; adibidez, balio arkitektonikoa eta historikoa duten eraikinen, gurtzako lekuen eta bi urtetik behera erabiltzeko diren behin-behineko eraikuntzen kasuan.

GARRAIOA ETA MUGIKORTASUNA

Garrantzi bereziko arloa denez, neurri eta helburu zehatzekin jardun behar da haren gainean.

Erregai alternatiboak ibilgailu propioetan:

  • 2020tik aurrera, eskuratzen diren ibilgailuen % 100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituzte.

Horrek ez du eraginik, segurtasun-arrazoiak direla-eta (pertsonen segurtasuna, osasun-segurtasuna edo ingurumen-segurtasuna), petroliotik eratorritako erregaien bidez bultzatzen diren garraio-ibilgailuen gutxieneko kopuru bat behar duten sailengan.

  • Udal-administrazioek, udalerri bakoitzean, 2.000 biztanleko, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bana egon dadin lortu beharko dute 2025erako.
  • Eraikin berriek ibilgailuak kargatzeko puntuak eduki beharko dituzte, baita bizikletak erabili eta aparkatzea erraztuko duten eremuak ere.

Bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzu publikoa

Erregai alternatiboa erabiliko duen garraio publikoa arian-arian erabiltzera joko da; eta esleipen-agirietan kontuan hartuko da berritutako flotaren % 100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituela 2020tik aurrera.

Ibilgailuen zirkulaziorako murrizketak

Udalek debekatu edo murriztu ahal izango dute eremu jakin batzuetarako sarrera erregai alternatiboak erabiltzen ez dituzten edo emisio-maila jakin batzuk gainditzen dituzten ibilgailuentzat.

Erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko lehentasuna eta diskriminazio positiboa ezarri ahal izango dituzte.

Mugikortasun-planak

25.000 biztanletik gorako udalerriek hiri-mugikortasunerako plan bat ezarri beharko dute bi urtetan. 5.000 eta 25.000 biztanle arteko udalerrientzat, epe hori hiru urtekoa izango da.

Aldundiek hiriarteko mugikortasun-plan bat eduki beharko dute.

Planak jaso egingo ditu, besteak beste, garraiobide guztiak eta horiek energiaren erabileran duten eragina, eta erregai alternatiboko ibilgailuak kargatzeko puntuen instalazioei buruzko neurriak ezarriko ditu. Gainera, garraio publikoa, garraio pribatuarekiko hautabideak eta bizikletaren erabilera sustatuko ditu, besteak beste.

Energia-eraginkortasunaren kudeaketa: komunikazioa eta prestakuntza

Azkenik, administrazioek aurrezpena eta eraginkortasuna areagotzeko hartzen dituzten neurriak txosten batean argitaratu beharko dituzte. Txostenean, energia-kontsumoaren mota zehaztuko da, eraikinen eta erabilitako energia-iturrien arabera banakatuta, baita administrazio bakoitzak egindako inbertsioak eta Legearen betetze-maila ere.

Energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna areagotzeko tekniketan euren esparruko pertsonala prestatzeko plan bat egingo dute.

Nahitaez erakutsi beharko dute energia-eraginkortasunaren etiketa eraikinetan, eta, eskuratzen dituzten ibilgailu berrietan, horiek erabiltzen duten erregai motari buruzko informazioa.

10 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko abuztuak 30

    Se echa en falta medidas para promover la movilidad peatonal y ciclista de los empleados públicos, así como de las personas que acuden a los edificios públicos.

  • 2016.eko abuztuak 03

    Por ejemplo ese calzado barato se rompe al poco de comprar cuando fabricarlo ha supuesto un impacto ambiental con contribuciones al calentamiento global.

  • @leireingurucom
    2016.eko uztailak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Eusko Jaurlaritzak onartu egin du EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua ➡ https://t.co/TN

  • 2016.eko uztailak 20

    Fomentar el consumo responsable, por ejemplo no tener que comprar cuando hay un recurso cercano no aprovechado cogiendo impurezas ambientales por no usar y ha tenido impacto fabricarlo. En la recompra bien primar aquellos hayan obtenido certificado aprovechamiento economía circular ahora que además se fomenta el internet de las cosas en entornos más seguros.

  • @rcr_roco
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Eusko Jaurlaritzak onartu egin du EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua ➡ https://t.co/A

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco aprueba el proyecto de Ley de Sostenibilidad Energética de las Administraciones Públicas Vascas ➡ https://t.c

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Eusko Jaurlaritzak onartu egin du EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua ➡ https://t.co/TN

  • @ihobEJGV
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: El Gobierno Vasco aprueba el proyecto de Ley de Sostenibilidad Energética de las Administraciones Públicas Vascas ➡ https://t.…

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak onartu egin du EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua ➡ https://t.co/AFGHjvclX7

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco aprueba el proyecto de Ley de Sostenibilidad Energética de las Administraciones Públicas Vascas ➡ https://t.co/iDK6XpuFzL

Komunikabideek behera kargatzeko