Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urkullu Lehendakaria: “Pasaiako badiak gizarte garapenerako egiazko potentziala eskaintzen die inguruko udalerriei"

2016.eko uztailak 20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkulluk Herrerako Euskotren geltokirako sarbide berria egin aurretiko lanak bisitatu ditu Olano, Goia, Gomez, Oregi eta Uriarterekin batera. Ondoren, Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatu dute
  • Egunotan gauzatuko da 2017ko azaroan bukatuko diren lanen lizitazioa eta esleipena.
  • Eusko Jaurlaritzak Euskotren-Trintxerpe konexioa burutuko du; gehienezko aurrekontua 5.500.000 eurokoa da.
  • “Albaola ur-bazterreko zurgintzako eskola bilakatu da, Frantzia, Australia edo Alemaniako ikasleak hartuz; bai eta Pasaiako badia dinamizatuko duen apeu turistikoa ere”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur goizean adierazi duenez, “Pasaiako Badiak gizarte garapenerako egiazko potentziala eskaintzen die inguruko udalerri guztiei eta mende honetako egoera sozial, kultural eta ekonomiko berrietara egokitzeko ilusioz beteriko fasea ireki du orain". Eneko Goia eta Izaskun Gómez Donostiako eta Pasaiako alkateekin, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin eta Ana Oregi eta Cristina Uriarte sailburuekin batera, Urkulluk Euskotrenek Herreran duen geltoki berrirako sarbidearen lanak bisitatu ditu gaur, bai eta Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria ere. 

Pasaiako badiako egituretara eta kultura instalakuntzetara eginiko bisitak beste partaide batzuk izan ditu: Izaskun Iriarte eta Jose Antonio Muñoz sailburuordeak, Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Peña, Marisol Garmendia foru diputatua, Almudena Ruiz de Angulo, Fernando Uriondo eta Jose Luis Sabas zuzendariak eta Albaolako zuzendari Xabier Agote

Urkulluk nabarmendu duenez, “munduko produkzio-ereduetan, merkatuetan eta garraio-zirkuituetan egondako aldaketen ondorioz Europako eta munduko portu askok egitura- eta jarduera-aldakuntzak egin dituzte beren inguruneak biziberritu eta garapen- eta bizitza-aukera berriak eskaintzeko inguruko udalerriei, garapen jasangarriaren baitan”. 

“Pasaian, lankidetza horren lehen gauzatze praktikoa ikus daiteke dagoeneko, Euskotren geltokia eta Trintxerpe oinezkoentzako eta bizikletentzako batuko dituen konexioa gauzatu baita. Berdegune eta aisialdi-espazio horrek inflexio-puntua suposatzen du badiaren eta portuko inguruaren berregituratzeari eta hiri-biziberritzeari ekiteko”, aipatu du Lehendakariak. 

Iñigo Urkulluren esanetan, “Eusko Jaurlaritzaren eta Pasaiako Portuko Agintaritzaren arteko lankidetza hitzarmenari esker -beste erakundearteko lankidetza proiektu ezberdinekin osatuko dena-, gaurkoa lehen pausua da Pasaiako badiako biziberritze osoa egia bihurtu eta eragin positiboa izan dezagun badiaren eta bere biztanleen azpiegituretan, paisaian, ingurunean eta ekonomian”. 

Azken egunotan Portuko Agintaritzako eraikin zaharrak eraitsi dira. Aldundiaren eta udalaren laguntzarekin egingo den Herrerako Euskotren geltokiaren eta Trintxerpeko Gomiztegiren arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako konexioaren bigarren fasea hartuko dute aipatu orubeek. 

Aurki gauzatuko da 2017ko azaroan bukatuko diren lanen lizitazioa eta esleipena. Eusko Jaurlaritzak burutuko du Euskotren-Trintxerpe konexioa eta 5.500.000 euroko aurrekontua du, gehienez, lanak ordaintzeko. Pasaiako Portuko Agintaritzak, bestalde, beharrezko lurrak utziko ditu espazio berriaren esku. 

Iñigok Urkulluk esan duenez, “inguru honen giza-, paisaia-, kultura- eta ekonomia-potentziala handia da. Industriaren, merkataritzaren edo teknologiaren behar berrien ondorioz eguneratze-prozesu itzelak eta arrakastatsuak gauzatu dituzten portu-hiriak asko dira. Ezberdintasunak ezberdintasun hor daude, esaterako, Amsterdam, Le Havre, Helsinki, Bordele, Bartzelona, Valentzia edo, askoz ere gertuago, Xixon edo Bilbo". 

Egokitzea

“Pasaiako Badiak mende honetako egoera sozial, kultural eta ekonomiko berrietara egokitzeko ilusioz beteriko aroa hasi du egun. Gaurko egunean, Pasaiako Portua antolatzeko Plan Bereziaren berrikuspena izapidetzen den bitartean, tren geltokira iristeko sarrera erosoa eta segurua eta paseatzeko leku bat behar duten inguru honetako biztanleen beharra aseko dugu", aipatu du Lehendakariak. 

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren esanetan, “Europako hego-mendebaldean eta bere itsasertz atlantikoan dugun kokapen bikaina aprobetxatuz gure Herria plataforma logistiko intermodal eta garraio-lotune gisa sustatu nahi duen Basque Country Logistics estrategiaren baitan Pasaiako Portuak harreman etengabeak mantentzen ditu euskal zein atzerriko industriarekin, merkatu eta ibilbide berrien bila bere espezializazioaren barruan”. 

“Portuak funtsezko papera dauka Badiaren baitan, ontziak porturatzeko eta itsasoratzeko leku, hiri-espazio, itsasertzaren zati, industria-gune, logistika- eta biltegiratze-gune eta konexio intermodal den heinean. Eta aisialdirako eta kultura gune gisa duen paperak gora egingo du nabarmen hemendik aurrera, bertan gauzaturiko ekintzen bidez.  

Datozen urteotan ekipamendu publiko ezberdinak sortuko dira Portuko eremuan. Horien artean daude, esaterako, Herrerako geltokia eta Azkorreta/Albaola museo-espazioa Euskadi Etorbidearen bidez oinezkoentzat eta bizikletentzat lotuko dituen komunikazio-ardatza, bai eta Donibanerako eta Antxorako konexioak ere, esku-hartze bereziak beharko dituztenak. 

Ohiko merkantzia-ontziez gain, aurreko astean Donostiako kostaldean ikusi ahal izan genuen “The World” gurutzaontzia, bai eta beste zenbaitetan izan dugun bidaiarientzako ontzi handien bisitak ere, askoz ere arruntagoak izan daitezke Pasaiako etorkizunean, bere ezaugarriak eta Donostiako hiriarekin duen lotura ikusita. Badiaren eta paisaiaren biziberritzeak badu bere egitekoa oraindik alderdi sozial, kultural zein ekonomiko horretan. 

Albaola

Iñigo Urkulluk Albaola Itsas Kultur Faktoriak bisitatu du. Bertan, orain dela 500 urte Labradorreko eta Ternuako urak zeharkatu zituen San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira. Euskal baleazaleek Kanadan zituzten geltokiak eta beren kokapen zehatzak aurkitzeko egin duen ekarpena goraipatzeko helburuarekin Lagun onari saria 2014n lortu zuen Selma Huxley Barkham ikertzaile ingeles-kanadiarraren ikerketek frogatu dutenez, euskal-kanadiar eta munduko ondare historikoa dago inguru hartan, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu duena. Ondare horren barruan kokatzen da euskal baleazaleek XVI. mendean sortu zuten Red Bay-ko geltokia (Labrador), non San Juan ontzia urperatuta eta kontserbatuta dagoen 1563. urtetik.   

Albaola Itsas Kultur Faktoria”gune geldo bat baino askoz gehiago da: ur-bazterreko zurgintzako eskola bilakatu da, Frantzia, Australia edo Alemaniako ikasleak hartuz; Pasaiako badia dinamizatuko duen apeu turistikoa; artisautza edo gastronomia sustatzeko ideia laborategia; bai eta irakasgela ere, non gure haurrek Euskadiko eta Europako historian sakontzeko aukera izango duten. 

Eusko Jaurlaritzako Sailburuaren iritziz, “Albaola Badiako inguruan ekintzailetza-ekintza gehiago abiarazteko pizgarri izan daiteke, Victor Hugo edo Lafayette sustatzeko..., edo gure biztanle gazteenek ingurua biziberrituko duten kultura-dimentsio berriak sor ditzaten. Egia da asko dagoela egiteko San Pedron, Antxon, Lezon eta Donibanen. Ezinbestekoa da pausoak behar bezala programatzea, errealitate ekonomikora egokitzea eta hitzarmenik hoberenak bilatzea erakunde ezberdinen artean".

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 20

    Comentario de Twitter:
    Urkullu Lehendakaria: “Pasaiako badiak gizarte garapenerako egiazko potentziala eskaintzen die inguruko udalerriei"➡ https://t.co/pVOBFc0Tld

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 20

    Comentario de Twitter:
    Urkullu:“la Bahía de Pasaia ofrece un verdadero potencial de desarrollo social a todas las localidades del entorno”➡ https://t.co/pjMcwrKNHu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Markel Olano, Eneko Goia, Izaskun Gómez, Ricardo Peña, Marisol Garmendia