Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak motorzaleei zuzendutako kontzientziazio-kanpaina jarri du abian

2016.eko uztailak 20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Segurtasunez gidatzeko gida bat, bi bideo eta ikastaro praktiko bat jarri ditu abian

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok gaur aurkeztu du, Bilbon, motorzaleei zuzendutako kontzientziazio-kanpaina. Kanpaina horren barruan bide-segurtasunari buruzko zenbait aholku biltzen duen gida argitaratu da, eta segurtasunez gidatzeari buruzko ikastaroak antolatu dira.Ikastaroaren lehen saioa joan den larunbatean egin zen, Gasteizen hain zuzen ere.Urtea amaitu baino lehen beste bi saio egingo dira:Gipuzkoan eta Bizkaian.

“Kolektibo ahulenak babestea da 2015-2020ko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan biltzen diren helburu nagusietako bat –azaldu du Trafikoko zuzendariak–. Motorzaleak dira kolektibo horietako bat, eta horregatik prestatu dugu motorzaleei berariaz bideratutako kanpaina hau. Kanpaina honen barruan, ondo gidatzeko gomendioak eta jarraibideak biltzen dituen gida bat argitaratu da, eta ikastaroak ere egingo dira”.

Segurtasunez gidatzeko ikastaroak lau orduko iraupena du, eta doakoa da. Bi zati ditu, prestakuntza teorikoa eta praktikoa. Ibilgailuaren ekipamenduari eta egoerari buruzko argibideak emango dira, baita maniobrei, galgatzeko teknikei, biratzeei, oinarrizko araudiari eta baldintza meteorologiko txarrekin gidatzeari buruzkoak ere. Teoriako lehen ordua amaitutakoan, parte-hartzaileak pistara joango dira, eta hiru orduz praktikatuko dituzte hainbat maniobra (geldirik egindakoak; slaloma; abiadura txikian gidatzekoak; biratzeak eta zortziak; galgatzeak eta ibilbideak). Joan den larunbatean egin zen lehen saioa Gasteizko Buesa Arenaren aparkalekuan. Urtea amaitu aurretik beste bi saio egingo dira, bata Bizkaian eta bestea Gipuzkoan.

Trafiko Zuzendaritzaren web-orritik (www.trafikoa.eus) sartu ahal izango da sentsibilizazio-kanpaina hau osatzen duen beste piezara, hau da, “Motorzaleak. Arreta eta errespetua. Errepidea guztiona da” gidara. Gida horretan, arauak eta erregelamendua errespetatuta zirkulatzeko argibideak ematen dira, baita portaerazko jarraibideak eta bideak erabiltzen dituzten beste pertsonekiko harremanetarako jarraibideak ere. Helburua da errepideetako eta kaleetako elkarbizitza hobetzea eta, hartara, bide-segurtasuna areagotzea.

Bide-segurtasuneko gidaz gain (bost atal ditu: motozikleta bat gidatzen baduzu… Ekipamendua, Zirkulatzeko modua, Taldean eta Gainerakoekiko harremanak), mezu bera duten bi bideo editatu da. Bi bideoak web-orrian zein Trafiko Zuzendaritzaren Youtube kanalean ikus daitezke (https://www.youtube.com/user/TrafikoaEJGV).

Bi gurpileko ibilgailu batean zirkulatzen duen pertsona ahulagoa da istripua izanez gero, bere gorputzak zuzenean jasotzen baitu inpaktu osoa –adierazi du Garbiñe Sáez Molinuevok–. Errepidea erabiltzen dugun pertsona guztiek, eta ez soilik motorzaleek, hartu behar dugu kontuan errealitate hori; baina motor-gidariek behar bezala babestu beharko dute haien burua, ahal den heinean arrisku-egoerak eta -jardunak saihesteko. Espero dugu kanpaina hau baliagarria izatea kolektibo horren ezbehar kopurua murrizteko”.

Motorzaleen istripu kopurua

Aurten, gaur arte, Euskadin 22 pertsona hil dira trafiko-istripuen ondorioz; horietako zazpi gizonezko motorzaleak ziren (sei gidari eta bidaiari bat). Joan den urteko aldi berean bost gizonezko motorzale hil ziren (lau gidari eta bidaiari bat).

2015ean, biktimak eragin dituzten istripuen % 14 izan dira motor-istripuak, aurreko urteetakoen antzeko ehunekoak. 2010ean % 13 izan ziren, 2012an % 12, 2013an % 11 eta 2014an % 12.

Joan den urtean Euskadin guztira zortzi motorzale hil zen, guztiak gizonezkoak. Horietako zazpi errepidean istripua izan zuten motozikleta-gidariak ziren eta bestea hiri-zonan istripua izan zuen ziklomotor bateko gidaria.

Motor-istripuan 108 pertsonak izan zituen zauri larriak (kopuru horretan gidariak, 101, eta bidaiariak, 7, sartzen dira). Zauri larriak izan zituzten pertsona horien % 90 gizonezkoak ziren. Motozikletak Euskadiko automobil-parkearen % 9,1 dira. Mota horretako ibilgailuen matrikulazioa nabarmen igo da azken hamar urteetan; izatez, 2006 eta 2015 artean % 80 hazi da. Lurralde Historikoen artean Gipuzkoak du 1.000 biztanleko tasarik handiena (74 Gipuzkoa, 44 Araba eta 42 Bizkaia).

Istripuak asteko zer egunetan gertatu diren aztertzen badugu, ikus dezakegu hildako hamar motorzaletatik seik asteburuan izan zuela istripua, eta larri zuritutako hamar motorzaletatik bostek. Istripuak bi ordutegi-zerrendatan, batik bat, gertatzen dira:  eguerdian, 13:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara. Motozikleta batekin istripua izateko arrisku handieneko adin-tartea 25 eta 34 urte artekoa da. Motor-istripua izan dutenen erdiak baino gehiagok, % 52k, 25 eta 44 urte arteko gizonezkoak dira. Istripua izan duten hamar motorzaletatik bederatzi gizonezkoak dira.

Lau istripuetatik bat aurre-albokoa da

Errepidean gertatzen diren lau motozikleta-istripuetatik bat “aurre-alboko talka” da. Talka guztiak biltzen baditugu, ondoriozta daiteke motor-istripuen erdiak zirkulatzen ari diren beste ibilgailu batzuekin izandako talkak direla. Nabarmentzen da % 24 galtzadatik irtetearen ondoriozko istripuak direla (% 89 ezkerretik eta % 16 eskuinetik) eta % 3,7 galtzadan iraultzearen ondoriozkoak direla.

Lurralde Historikoen arabera, ikus daiteke Araban talken ehunekoa Bizkaikoa eta Gipuzkoako baino txikiagoa dela, baina galtzadatik irten direnen ehunekoa handiagoa dela. Izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan errepide tarte gehiago bideratzen da hiriguneetatik, eta mota horretako tarteetan ohikoagoak dira aurre-alboko talkak.

Motorzaleentzako gida hori Trafiko Zuzendaritzak abian jarri dituen kolektibo ahulenak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko beste ekimen eta kanpaina batzuei gehitzen zaie.

2013ko uztailean, Trafiko Zuzendaritzak gaur aurkezten denaren antzeko ezaugarriak zituzten beste hiru gida argitaratu zituen, txirrindulariei, ibiltariei eta gidariei zuzentzen zitzaizkienak. Formatu bera zuten: bideoak eta inprima zitezkeen pdf formatuko gidak. Kanpainaren helburua ere mantentzen da: bide-segurtasuna hobetzea eta norberaren eta gainerakoen segurtasuna bermatuko duten balioak sustatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)