Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Aita Isidro Baztarrika Munduateren omenez egindako bideoaren aurkezpena

2016.eko uztailak 18

Gaur arratsaldean Aita Isidro Baztarrika Munduateren omenean egindako bideoa aurkeztu da Gasteizeko Artium-ean. Haren familiak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak beste erakunde batzuekin batera sustatutako bideoan Aita Baztarrikaren bizitza, lana eta ibilbidea (1931-1992) jasotzen da. Besteak beste, apaiz ataundarra Estibalizko fraide beneditarren buru, euskaltzale, bertsozale eta euskaltzain urgazlea izan zen Aita Baztarrika. Gainera, bere figura garrantzitsua izan zen Araban, bai euskalgintzan, bai eta hizkuntzaren eta kulturaren sustapenean.

 

Aurkezpenean hainbat pertsonek parte hartu dute. Honela, bideoa ikusi ondoren, hitza hartu dute:

 

-       Jexux eta Maribel Arinek, Isidro Baztarrikaren ilobek.

 

-       Agustin Apaolazak, Estibalizko fraide beneditarrak.

 

-       Manuel Ruiz Urrestarazu ohorezko euskaltzainak.

 

-       Patxi Baztarrika Galparsorok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

 

Ekitaldira bertaratu dira, besteak beste: Igone Martinez de Luna, Arabako Kultura eta Euskarako foru diputatua; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia, eta Asier Rodríguez, Ataungo Udaleko alkatea.

 

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “Ixidro Baztarrika oroimenera ekartzeko eta Ixidro Baztarrikak euskara duela 50 urte bizi zuen tunel ilun hartatik zelai argitsura ateratzeko egin zuen lan eskerga aitortu eta omentzeko antolatua da gaurko ekitaldi hau. Horretara etorri gara. Bideo bikain bat egina dago aitormen horren erakusle. Ikus-entzunezko horren bertsio laburtua da gaur hemen ikusi duguna”.

 

Eta gehitu du: “Lazkaoko beneditarretan aterpe goxoa zuen euskarak. Han euskararen aldeko giroa ezagutu genuen. Giro euskaltzalea. Nik gaur hemen paparrean daramat Euskararen Txantxangorria: euskara erabiltzera deitzen duen irudia da Txantxangorria, euskara biziaren sinboloa, euskara erabiltzeko gonbidapena. Kuriosoa da, baina gogoan dut  hantxe ezagutu eta eskuratu nuela paparreko intsignia bat, “Euskaldunak euskeraz” zioena. Gaurko “Eman hegoak euskarari” lau haizetara zabaltzen duen txantxangorria txuri-gorria da”.

 

“Aita Ixidro eta bera bezalako hainbati esker, euskararen egoera arrunt aldatu da Araban ere. Aita Ixidroren Euskal Aditza liburuaren Estibalitzeko garaietan, duela ia berrogeita hamar urte, arabarren artean euskaldunak  gehienez % 2 - % 3 bakarrik omen ziren. Geroagokoak ditugu datu Zentsuko datuak, eta Mapa eta Inkesta Soziolinguistikokoetakoak, datu homologatuak. Badakizue, Araban, 5 urte edo gehiagoko herritarren artean, 1981ean, zenbat ziren elebidunak (euskaldunak)? % 4 besterik ez. Eta 2011n, ia % 23 (% 22,9) dira euskaldunak. Eta euskaraz hitz egin ez, baina ulertzen dutenak, beste % 20.  Eta 5 eta 19 urte bitarteko arabar gazteen artean, berriz,  1981ean, ez ziren % 4ra iristen elebidunak, eta gaur egun % 68 dira euskal hiztunak. Bilakaera honetan zerikusi handia izan dute, zalantzarik gabe, aita Ixidro bezalako aitzindariek”, gehitu du.

 

Aita Isidro Baztarrika Munduateren zenbait datu:

 

Aita Isidro Baztarrika (Ataun 1931-Estibaliz 1992) idazle euskaltzalea Ataungo Arbotoneta baserrian jaio zen 1931ko uztailaren 15ean. Gaztetan, San Gregorioko eskola zaharrean ibili ondoren, 9urte zituela, Lazkaoko Beneditarren etxean sartu zen. Bertan, 23 urte egin zituen. Hala ere, tartean, 1953tik 1955ra arte, Erromako San Anselmo ikastetxera joan zen teologia ikasketak burutzera. Bere ikasketak bukatutakoan Lazkaora itzuli zen eta, bertan, teologia irakatsi zuen. 1954ko uztailaren 30ean apaiztu zen Loiolan. Lazkaon egon zen bitartean euskalgintzari loturiko pertsonaia esanguratsua zen Elbira Zipitria ezagutu zuen eta berarengandik euskal aditzaren inguruko metodologia ( NOR-NORI-NORK) jaso zuen. Urte horietan, euskarazko eskolak ematen ibili zen Ordiziako Laguntasuna elkartean.

 

1959ko irailaren 9an, Ordizian ospatu zen Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketan epaimahaikide aritu zen, Manuel Lekuona, Basarri, Aranalde eta Ibaiertzekin batera. Urte hauetan, “Goazen Lurdesa” liburua idatzi zuen eta Iratzeder eta Lertxundiren “Salmoak” gipuzkerara itzuli zituen. 1963an Aita Isidro Estibalizko priore izendatu zuen Aita Mauro Elizondok.

 

1965an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta, urtetan zehar, euskaltzale esanguratsuekin harremanak izan zituen.Hala nola, Nikolas Ormaetxea “ORIXE”-rekin; Norbert Tauer euskalzale txekiarrarekin; Andima Ibinagabeitia, Elantxoben jaio eta Caracasen hil zen euskaltzalearekin; Jokin Zaitegi, Euzko-Gogoa aldizkariaren sortzailearekin…

 

Garai horietan, Ikastolen mugimendua sortu zen eta bera bultzatzailetako bat izan zen Izaskun Arruekin batera. 1968an, Estibalizen Aita Isidrok,  “Aditza el secreto del verbo vasco” liburua osatu zuen.

 

Arantzazun Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldietan, Euskara Batuaren bilera nagusi hartan parte hartu zuen Arabako ordezkari gisa Manuel Ruiz Urrestarazurekin batera. Aita Isidrok berarekin zeraman euskaltzaletasuna. Euskalgintza arloa zen elizgiroko beste gaiez gain, bere lanen zutabe nagusia. Euskaraz idatzi eta hitzaldiak egiteko dohai berezia erakutsi zuen. Hizkuntzekin ere izan zuen harremanik. Izan ere, zortzi hizkuntzetan moldatzeko gaitasuna zuen, baina berak esan bezala kuttunena amak emandakoa zen, etxekoa, euskara.

 

Bere lan aipagarrienak, hauexek dira:

-Goazen Lurdesa 1958

-Meza abestiak 1961

-Salmoak 1963

-Orixe Omenaldi 1965

- Aditza El Secreto del Verbo Vasco

- Jaunaren Deia aldizkaria  1964tik 1992ra ( Ale gehienetan parte hartu zuen)

1970-1973 Aldizkariaren zuzendaria izan zen.

Hortik aparte, Jakin, Zeruko Argia, Olerti, Txistulari, Estibaliz, Arantzazu,Jakintza… idatzi zuen.

 

1992. urtera arte Estibalizen bizi izan zen Aita Isidro, bertako priore zela, eta gaixotasun luze  baten ondorioz 60 urte zituela zendu zen martxoaren 24ean.

Ataundar gizon preziatua, Aita Isidro, langilea, xumea eta lagun ona.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: #Euskera Presentación del video sobre la vida del Padre Isidro Baztarrika ➡ https://t.co/Yx6nIEysh4 https://t.co/hmAQOPALLr

  • @GlaciarBlue
    2016.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: #Euskara Aita Isidro Baztarrika Munduateren omenez egindako bideoaren aurkezpena ➡ https://t.co/RKg3b8IEbQ https://t.co/r2OFxag

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)