Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Administrazioen Energia-iraunkortasunari buruzko Lege-Proiektua

2016.eko uztailak 19

Gaur bildutako Gobernu Kontseiluak berretsi egin du Osakidetzaren egiturazko plantilla zabaltzeko erabakia, 700 lanpostu sortzeko. Jon Darpón sailburuak adierazi du enplegu egonkorraren eta kalitatezkoaren alde eta EAEko osasun-sistema publikoaren alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuaren beste erakusgarri bat dela.

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua. Horrek eragina izango du udalen, lurraldeen eta EAEren esparruko erakunde guztiengan. Lege-proiektuaren helburua da energia-kontsumoa murriztea, energia-iraunkortasuna bultzatzea eta ingurumena babestea, eraikin publikoetan energia berriztagarriko instalazioak ezarrita.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia prentsaurrekoan agertu da Gobernu Kontseiluaren ondoren, lege-proiektu horren xehetasunak azaltzeko. Lege Proiektua Eusko Jaurlaritzak onartzen duen eta Legebiltzarrari igortzen dion 29.a da “Hamargarren legegintzaldiko legegintza-programaren” barruan. Hain zuzen, programa horretan 29 proiektu onartzea aurreikusten da.

Arantxa Tapiak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela “klima-aldaketaren arloan herri-administrazio arduratsua, ereduzkoa eta erreferentziazkoa izatea”. Gainera, Tapiak gehitu du, EAEko gizarteko agente guztien inplikazioa lortzeko, beharrezkoa da herri-administrazioaren organo guztien “ekintza eredugarria” bultzatzea.

Lege Proiektuaren xede nagusia da administrazioek, bakoitzak bere esparruan, energia-kontsumoa % 25 murriztu dadin lortzea 2025ean. Gainera, adibidez, beste helburu hauek nabarmentzen dira:

  • Energiaren erabileran eraginkortasuna bultzatzea eta aurrezpena sustatzea.
  • Energia berriztagarriak sustatu eta ezartzea.
  • Erregai alternatiboak erabiltzen dituzten garraiobideak sustatu eta bultzatzea.
  • Energia-iraunkortasunaren eskakizunak politika publikoetan integratzea; bereziki, lurralde-antolamendu, hirigintza, etxebizitza eta garraiokoetan.

Onartutako testuak biltzen dituen neurri zehatzen artean daude kontsumoak kontrolatzea, eta energia-ikuskapenak eta energiaren alorreko jardun-planak egitea.  Gainera, besteak beste, administrazio bakoitzak, 2025erako, bere eraikinen gutxienez % 25ek energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak edukitzea lortu beharko du; Administrazioaren eraikin guztiek energia-eraginkortasunaren ziurtagiria izan beharko dute bi urteko epean; eta, 2020tik aurrera, eskuratzen diren ibilgailuen % 100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituzte.

Osakidetzaren plantilla zabaltzea

Osasuneko sailburu Jon Darpón ere agertu da gaur Gobernu Kontseiluaren ondoren, jakinarazteko Osakidetzaren egiturazko plantilla zabaltzeko erabakia, 700 lanpostu sortzeko. Horrela, egiturazko plantilla 25.700 profesional izatetik 26.400 profesional edukitzera pasatuko da, eta Osakidetza berretsi egingo da EAEko enpresa publiko handientzat, eta herrialdean emakumezko gehien enplegatzen dituen enpresatzat ere.

Jon Darpónek adierazi du hartutako neurria “enplegu egonkorraren eta kalitatezkoaren alde eta EAEko osasun-sistema publikoaren alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuaren beste erakusgarri bat dela”. “Beste aurrerapauso bat” gehitu du sailburuak, eta gogorarazi du neurriak bat egiten duela Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan hartutako neurri sortarekin egonkortasunaren eta enplegua sortzearen alde. Gainera, horri gehitu behar zaio 2.214 lanpostuko 2 lan-eskaintza publiko onartu izatea.

Plantillaren gehikuntza hori dagoeneko jasota dago 2016ko aurrekontuetan bidezko kontsignazioa egin ondoren. Hala, ekitaldi honetarako kalkulatutako zenbatekoa 2.600.585,59 euro da. 700 lanpostu berri horiek posible izango dira, adibidez, berriki irekitako Urdulizko ospitaleari esker, 425 lanpostu sortzea ahalbidetuko baitu.

Bestelako gaiak

Gainera, Gobernu Kontseiluak baimendu egin du gaur 2016/2017 ikasturterako 9 milioi euroko gastua “Doktoreak ez diren ikertzaileen doktoretza aurreko prestakuntza-programa”-ren bekak finantzatzeko. Beka horien helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileek kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskuratzea, eta doktoretza-titulua lortzea.

Orobat, 1,4 milioi euroko kontu-saila onartu da MUSIKENE Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren eraikin berria hornitzeko. Hala, Jaurlaritzak ziurtatu egiten du ikastegia kudeatzen duen fundazioak MUSIKENE hornituko duela berori abian jartzeko ekipamendu berrienaz.

 2016-07-19 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)