Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Arrantzaren arloko emakumeak jendartean eta lanbidean aintzatetsiak izatea aldarrikatu du Pilar Unzaluk

2010.eko urriak 07

Emakumeen Arrantzarako Sektorearen Sare Nazionalaren I.Biltzarra Donostian izan da

Unzaluk emakumeen kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko Eusko Jaurlaritzaren politikek duten konpromisoa adierazi du. Euskal Autonomia Erkidegoan -saregileak, neskatilak eta paketatzaileak aintzat hartuta-, 135 emakumek egiten duten lana modu jarraituan.

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, gaur, "arrantzaren arloari loturiko emakumeen eginkizuna jendartean ikusarazi eta aintzatestea" galdatu du, eta egiten duten lana "lanbidean aintzatesteko" zereginean aurrera egitearen alde agertu da. 

Arrantzaren Arloko Emakumeen Espainiako Sarearen lehen biltzarraren irekieran hartu du parte Pilar Unzaluk, Donostian, eta hasiera eman dio biltzarrari, Elena Espinosa Ingurumena, Landa-ingurunea eta Itsasoko ingurunearen ministroarekin (ILIM) eta Odón Elorza Gipuzkoako hiriburuko alkatearekin batera. 

Sailburuak azpimarratu egin du "EAEko arrantzaren sektorearen tradizioa eta garrantzia eta emakumeak nola lagundu duen sektorea garatzen, gizonena bezain ikusgarria eta publikoa ez baina hura bezain garrantzitsua den papera betez". Hori gabe ez litzateke posible izango jarduera hori gauzatzea. 

Kolektibo horren lan-baldintzak hobetzeko Eusko Jaurlaritzaren politikek duten konpromisoa adierazi du. Euskal Autonomia Erkidegoan -saregileak, neskatilak eta paketatzaileak aintzat hartuta-, 135 emakumek egiten duten lana modu jarraituan. Alde horretatik, Orion saregileentzat gaitu den lokala aurki irekiko dela jakinarazi du, eta laster hasiko direla Getariako saregileentzako lokalaren obrak. Lokal horretan, gainera, Euskal Autonomia Erkidego osoko saregileen eskola egongo da. Halaber, Bermeon eta Ondarroan ere antzeko tokiak jartzea aztertzen ari dira. 

Era berean, jarduera hori garatzen teknikoki lagunduko duten tresnak eta materialak sartzea bultzatzen jarraituko da, bai eta laneko arriskuei aurrea hartzeko ikastaroak egiten eta sektorean kualifikazioa hobetuko duten beste gai batzuetan prestakuntza eskaintzen ere -adibidez, ofimatika edo internet-. 

Arrantzarako funtsezkoa den laguntza eskaintzen duen kolektibo horrek eta produktuak eraldatu eta kontserbak egiteko industriak, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2.000 enplegu sortzen dituzte guztira, eta gutxi gorabehera ehuneko 85 emakumeak dira.  

Pilar Unzaluk adierazi du lehen biltzar horrekin "hobetu egin nahi direla arrantzaren sektoreko EAEko emakumeen kolektiboen baldintza soziolaboralak, aintzatetsi eta duin bihurtu nahi dela lanbide horien jarduera, eta lanaren antolaketa-eredu berri bat bultzatuko dela, betetzen dituzten eginkizunen bideragarritasuna ziurtatzeko eta aldi berean belaunaldi arteko ordezkatzea bermatzeko". 

Biltzarrean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiako zenbait autonomia-erkidegotako 300 emakume baino gehiago egon dira, eta Latinoamerikakoak eta EBkoak ere bai. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta ILIMaren Idazkaritza Nagusiak antolatu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu