Berriak

Erakunde publikoetako berrogeita hamar ordezkari inguruk erosketa berdeari buruzko estrategiak aztertu dituzte Ihoberekin eta HAEErekin

2010.eko urriak 06

Bilbo, 2010eko urriaren 6a Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako 50 erosketa arduradun baino gehiago bildu dira gaur Bilbon, Euskadiko eta Espainiako erosketa publiko berdeari buruzko ekimen aipagarrienak ezagutzeko.

Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publiko Ihobek, Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearekin (HAEE) batera, antolatutako jardunaldi teknikoaren helburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak alor horretan sortutako estrategia eta tresnak aurkeztea izan da, EAEn erosketa eta kontratazio politika iraunkorragoa ezartze aldera.

Ihobeko zuzendari nagusi Fernando Barrenechearen hitzetan, «Euskadiko administrazio publikoek, Europakoek bezala, ingurumeneko irizpideak txertatu beharko genituzke gure erosketa eta kontratazioetan, ingurumena errespetatzen duten produktuen eta zerbitzuen eskaintza handitu dadin eta denon, enpresen eta herritarren, eskura egon dadin».

Horregatik, erosketa eta kontratazio publiko berdearen alorreko konpromiso politikoen eta jardunbide egokien adibideak erakuste aldera, zenbait neurritako administrazio publikoek jardunaldian hartu dute parte beren esperientziak azaltzeko.

Adibidez, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko Lucía Campos Zambranok Estatuko Administrazio Nagusiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Plana aurkeztu du. Beste parte hartzaileetako batzuk Kataluniako Generalitateko Anna Esteve, Andaluziako Juntako Jon Jauregi, Madrileko Udaleko Rodolfo López, eta Bartzelonako Sant Just Desvern Udaleko Carles Palau i Petit izan ziren. Bakoitzaren administrazioak erosketa eta kontratazio berdea ezartzeko bultzatu dituen estrategiak azaldu dituzte.

Goranzko merkatua

Oro har, administrazio publikoaren erosketa eta kontratazioa Europako barne produktu gordinaren % 16 inguru da. Euskal Autonomi Erkidegoan, ordea, % 14 ingurukoa da zifra hori. Beraz, bolumen ekonomiko handia da ingurumenaren aldetik iraunkorragoak diren produktuen eta zerbitzuen merkatuaren garapenerako. Gaur egun, foru aldundiak eta Euskadiko 60 udalerri baino gehiago erosketa berdeko ekintzak gauzatzen ari dira Tokiko Agenda 21eko programen bitartez.

«Erosketa eta kontratazio publiko berdeak denon ongizatera eta bizitza kalitatera ekarpena egiten du, gizarteak ingurumenarekiko duen jarrera eraginkortasunez hobetzen duten produktu eta zerbitzu berrien eskaintza ahalbidetzen baitu», adierazi du Fernando Barrenechea Ihobeko zuzendari nagusiak.

Eusko Jaurlaritzaren konpromiso hori akordio batean islatu dute, autonomia erkidegoko eta bere sektore publikoko administrazioaren kontratazioan gizarte eta ingurumen irizpideak zein bestelako politika publikoak sartzeari buruzkoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan